Txileko lehenengo ikastolea aurkeztu dabe
Boiseko ikastolea aspaldi jarri eben martxan eta daborduko proiektua ondo sustraituta dagoala esan daiteke. Txilen, barriz, Santiagoko Euskal Etxean pasau dan apirilean egin eben Colegio Vasco Ikastola proiektuaren aurkezpen ofiziala, Eusko Jaurlaritzeak, Ikastolen Alkarteak, Txile eta Euskadiko Alkarteak eta Txileko Eusko Etxeak babestuta.
Helburu nagusia Txilen bizi diran euskaldunei ahalik eta prestakuntzarik onena emotea da, hezkuntza arloko teknikarik barrienak erabiliz. Horrezaz ganera, euskal kulturea suspertu gura dabe euskerearen bidez. Ana Usabiaga irakaslea da antolatzaileetariko bat. Euskaditik Txilera joan da Ana, hezkuntza erronka horri eusteko eta maila altueneko hezkuntzea emoteko.
Ikastetxean haurtzaindegia baino ez dabe izango hasikeran, hau da, 3 urte arteko umeak baino ez dabez hartuko. Maisu-maistrek ingelesez, euskeraz eta gaztelaniaz egingo dabe berba umeakaz eta abestiak eta jolasak egingo dabez, entzumena, motrizidadea eta psikoeboluzinoa lantzeko. Oraindino goizegi bada be, hasikerako pausu honeetan arrakastea izan ezkero, urte batzuen buruan hezkuntza maila guztiak eskainiko dituela azaldu dabe arduradunek.
Proiektua oso aurreratuta dago eta orain fundazinoa sortu nahi dabe kideen laguntzinoak jaso ahal izateko. Haurtzaindegia ahalik eta arinen jarri gura dabe martxan, eta datu lez baino ez bada be, honezkero 2002ko azken sei hilebeteetarako zortzi umek emon dabe izena.
eitb.com