Euskerea berbagai  III. urtea // 51. zenbakia

Helduen euskalduntze-alfabetatzea: EAB hausnarrean


Lorpen adierazleen araberako emoitzak oso esanguratsuak dira.

Ehun orduko ikastaro bat egiten dauan ikasle batek bataz beste 0,6 urrats egitea lortzen dau (datu honek, besteak beste, asistentziagaz dauka zerikusia), halanda ze, ikas-prozesuko hamabi urratsak egin ahal izateko 2.000 ordu beharko litzatekez. Baxa-kopuruari jagokonez, ostera, ikastaroa hasita, ikasleen % 14,5ek baino gehiagok bertan behera ixten dau. Asistentziari jagokonez, % 77 da (2001-02 ikasturtean) atara ahal izan dan kozientea, halanda be, aztertu dan epealdian, urterik urte jokera horrek beheruntz egiten dauala igarten da. Amaitzeko, ikasleen birmatrikulei jagokenez, ikasturte batean hasten diranetatik ia erdiek (% 47,5) ez dabe hurrengo ikasturtean segitzen.

Emoitza horreei hezkuntza ereduen gorunzko jokereagaitik, langabezia-tasaren jeitsiereagaitik, ikasleen adinaren bataz besteko adinaren igoereagaitik, ikas-prozesua luzea dala erexteagaitik edota ikasleen begietara euskerea ikastea gatxa dala uste izateagaitik HEAn gertatu dan ikasleen matrikulazinoaren jaitsierea erantsi beharko geunskio (% 19 aztertu dan epealdian). Jaitsierarik nabarmenena 25 urte baino gazteagoen kasuan igarri da, izan be, 2001-02 ikasturtean 1993-94 ikasturtean baino 12.000 ikasle gitxiago matrikulau dira (aztertutako epealdian matrikulak 9.353 jeitsi dirala hartu behar da kontuan, halanda ze, gazteagoak behera etorri, eta geroz eta helduagoak datoz euskaltegietara).

Baina, EAB ez da egoerearen azterketea egitera mugatu, aurrera egin ahal izateko proposamenak be egin ditu. Proposamenak sei azpi-moltsotan batu ditu EABren Geroratzearen Batzorde-atalak:

1. Ikasleen beharretara egokitutako irakaskuntzea eta xede-taldeei egokitutako materialak eta eskaintzak.
2. Helburuak lortzeko emonkorragoak diran ikastaro trinkoak eta birmatrikula indizeak haztekoak.
3. HEAren mailakatzea eta tituluen bidezko autortza sistema egituratzeari begira proposatutakoak.
4. Ikasleen ahalegina saritzeko mekanismoak eta teknologia barrien bidez bakarka euskerea ikasten segitzeko aukerak
5. Euskerearen erabilerea indartzeko lan lerroak.
6. Euskerara hurreratzeko, euskerea ikasteko, eskaria indartzeko motibazino eta sentiberatasun kanpainak.

Ikusten danez, datu piloa eta aurrera egin ahal izateko nahikoa proposamen.

Erramun Osa

Oraintsu, Euskararen Aholku Batzordeak, 2003ko azterketea eta gogoetearen emoitza legez, “Euskalduntze-alfabetatzearen etorkizunerako oinarriak, eraginkortasunari eta kalidadea hobetzeari begira” izeneko dokumentua emon dau argitara. Bertan, Euskerearen Legearen arabera, hizkuntz normalkuntzan diharduen erakunde publikoen eta pribatuen ahaleginak eta ekintzak aztertzeko, bideratzeko eta koordinetako sortu zan organoak, 1993-94 ikasturtean hasi eta 2001-02 ikasturtera bitartean, helduen euskalduntze-alfabetatzeak (HEA) izan dauan bilakaerearen azterketa sakona egin eta aurrera begira garabidean jarri beharko litzatekezan bideak proposatu ditu.

HEA izan da eta da, irakaskuntza arautuagaz batera, bere argi-ilunak gorabehera, euskerea indartu eta zabaltzearen eragile garrantzitsu bat. Izan be, gitxiengo batek berba egiten dauan gitxiagotutako hizkuntza bat normalizau gura izateak, besteak beste, hizkuntza horrek maila sozialean zabaltzea, hau da, hiztunak irabaztea eta maila funtzionalean, dituan erabilera eremuak zabaltzea eskatzen dau. Hiztunak irabazteari jagokonez, beraz, aztertutako epealdian, EAEko 180.028 herritar ahalegindu dira euskerea ikasten edo etxetik dakarrena hobetzen, kopuru horri aurreko urteetan ahalegindu diran beste milaka eta milaka herritar gaineratu behar deutsaguz. Eta hemetik etorri leiteke lehenenego baieztapena: ez dago, gitxiagotutako hizkuntzei jagokenez, antzeko jazoerarik mendebaldeko Europan; holan, herritarrek orain arte erakutsi daben borondatea oso kontuan hartzekoa da.

Halanda be, emoitzek ez gaitue gogobete. Izan be, aztertutako epealdian ataratako ondorio nagusiak bildurgarriak dira. Bat, ikasten ibili diran horreetako oso gitxik lortu dabe euskera-maila egokia, datu batzuk aitatzearren, % 47k ez dau 6. urratsa gainditzea lortu eta hasikerako bost urratsetan geratu dira (lehenengo hiru urratsetan gehienak); % 18k 6. urratsa gainditzea lortu dau; % 15ek 9. urratsa, eta % 20k 12. urratsa gainditzea lortu dau. Bi, euskerea erabilteko aukerarik ez izateagaitik horreetako askok –gainera– galdu egin dabe ikasitakoa.

Era berean, EABk Euskerea Bizibarritzeko Plan Nagusian HEAri autortutako xedea birformulau egin dau. Definizino barriaren arabera, “Euskalduntze-alfabetatzearen xedea da hizketarako gai diran euskaldunak ahalik eta eperik laburrenean lortzea”, halanda ze, lehenagoko “Euskalduntze-alfabetatzearen xedea da ahalik euskal hiztun gehien eperik laburrenean lortzea” argitarapenean moldatu egin da. Helburu horren arabera, prozesuaren arrakastea neurtzeko lau adierazle identifikau dira; bat, ikasleen lorpen maila, hau da, 100 eskola-ordutan ikasleek lortzen daben mailearen bataz bestekoa; bi, ikasleen baxa-kopurua, hots, ikastaldia amaitu baino lehen ikas-prozesua bertan behera itxitakoen ehunekoa; hiru, ikasleen asistentzia, euskaltegiek eskainitako orduen eta ikasleek hartutakoaren arteko indizea hain zuzen; lau, ikasleen birmatrikulea, ikasturte batean hasi eta hurrengo ikasturtean ikasten segitzen dabenen ehunekoa. Indizeak-eta atarateko orduan informazinoaren iturria euskaltegiak izan dirala hartu behar da kontuan.