Bertsotan  III. urtea // 51. zenbakia

Ipar Uribe osterabe


Gazteen saioan bakarreko lana erabakigarri

Gazteen atalean 23 urte bitartekoek kantau eben, Ipar Uribetik Miren Ibarluzeak, Iker Gangoitik eta Xabier Payak, eta Arratiatik Iñaki Iturriotzek, Gorka Intxaurbek (lehenengo urtea izan dau BBK Sariketan) eta Jabi Olibaresek. Iñaki Iturriotzek polito bete eban bertsoa Bernarrek emondako lau oinakaz: “Orain jarriko gara barrura begira / espainiar kartzeletan jira eta bira / gainera tratu txarrak hartzen ari dira / ekarri behar doguz presoak herrira”. Mirenegaz egindako ofizioan batek be ez eban asmatu. Iker Gangoitik eta Gorka Intxaurbek zortziko txikian kantau eben, beren herrian “Berbalagun” ekimena zala eta, alkartu barri diran euskaldun barriaren (Gorka) eta euskaldun zaharraren (Iker) paperean. Gorka entzuten genduan lehenengo aldia zan eta urduri igarri bagendun be (gaixorik be egon zan aurreko egunetan), nahiko natural ibili zan. Lehengoan “...eizu berba trankilo, ez dot aitu eta” bota eban eta Ikerrek “...eskerrak arratiarrez ez dodala egin” erantzun. Ostean Gorkak “...ate bat be ezin da hainbeste zarratu” amaitu eban bertsoa eta Ikerrek “...t-z hori apur bat hobetu behar da”. Bertsorik onenak bakarreko lanetan entzun genduzan, izan be, esperientzia handiena daukien bi bertsolariek kantau eben orduan, Xabier Payak eta Jabi Olibaresek. Puntuari ederto erantzun eutsien biek, baina Jabik hobeto borobildu eban: “Urtebete pasau da gerra hasi zala / hainbat jentek galdu dau horretan azala / Amerikak egin dau bere eginahala / oin apurtu dauena konpondu daiala”. Bertso bi kantetako gaia hau zan: “Urtea da alabea atxilotu eutsuela. Bizimodua erabat aldatu jatzu”. Biek hartu eben zazpi puntuko neurria eta esan geinke atal honetan erabaki zala finala, Xabik gehiago arriskatu ebalako gaiaren lanketan, emoitza sinesgarriago bihurtuz. Lehenengo bertsoa holan amaitu ostean “...kendu didate ta hemen nago sentimendutan biluzik / ziega zuloa beteta dago ta nire bihotza hutsik”, bigarrenean zera bota eban “...kalte handia egin zenuen eta hil pertsona franko / baina lagundu egingo dizut zure aita naizelako”. Jabiren lehenengoa be ona izan zan: “...hau egoera ustela / begian behera umela / gure alaban bizilekua bihurtu baita kartzela / ta familia sentitzen da gaur hilda balego bezela”.

Gazteen atalean hamar puntuz nagusitu zan Ipar Uribe. Guztira, Arratiak 433,5 puntu lortu ebazan, Ipar Uribek 439. Sari gehiago be banatu ziran. Finaleko bertsolari gazteenaren saria Jurek Ziemkiewiczek jaso eban bigarren aldiz jarraian eta bizkaiera egokienarena Oihana Bartra bilbotarrari emon deutsie aurten epaileek (asteburuan bertan sailkatu da Oihana Gipuzkoako Osinalde sariketaren finalerako). Amaitu da XII. BBK Sariketea eta zer edo zegaz geratu behar bagara, igaz nabarmendu genduan legez, Bizkaiko bertsolari gazte askok, eta batez be arratiarrek, bizkaieraz natural natural kantetako hartu daben jokerea. Eutsi geureari.

Azken kontu bat: Nafarroako Bertsolari Txapelketan Xabier Silveirarentzat izan zan txapela. Zorionak!

Iñaki Aurrekoetxea

Joan dan zapatuan, martiaren 27an jokatu zan bertsolari gazteen XII. BBK Sariketea eta orain dala urte bi egin eban moduan, Ipar Uribek irabazi dau aurtengoa be. 2002an irabazi eban azkenengoz talde honek, igaz finaletik kanpo geratu eta aurton barriro be erakutsi dau aurreko urteetako maila, igazko irabazleari, Arratiari, lege onez irabazita. Zorionak Ipar Uribeko sei bertsolariei: Beñat Vidal, Joanes Igeregi, Olatz eta Miren Ibarluzea, Iker Gangoiti eta Xabier Paya.

Bizkaiko bertsolari gazte eta gaztetxuen ohiko plaza bihurtu zan aspaldi BBK Sariketea. Berton ezagutzen doguz bertsogintzara agertzen diran aurpegi barriak eta taldeka jokatzeak nork bere ganean sentitzen dauan erantzukizuna arindu egiten dauanez, aukera polita da gaztetxo hasibarrientzat. Azken urteotan ganera, bertsozale gazte ugari agertu da Bilboko Kafe Antzokian jokatzen dan finalera. Igaz arratiarrek eta busturiarrek jarraitzaile asko eta asko ekarri eben eta aurton arratiarrak osterabe finalean izanda, ez da harritzekoa Kafe Antzokia kartoletararte beteta egotea. Igaz arratiarren loraldia aitatzen genduan eta pozten gaitu Arratiako baratzak hartu dauan kolorea ikusteak. Aurtengoan kamiseta urdinagaz agertu dira, “begitu” irakurri geinkean kamisetetan, Arratiako herri aldizkariari aitamena eginez. Pankartak be ez ziran falta, “Aupa Arratie! Aurten be egurre!!”, “Aupa Ipar Uribe, honeri be egurre!”. Egurra eskatu eben jarraitzaileek, baina oholtza ganean, egia esateko, apenas atara zan itxurea emoteko moduko ezpalik.

Gaztetxoetan arratiarrak aurretik

Hamazortzi urtera artekoetan Arratiako taldean Manex Agirre, Jurek Ziemkiewicz eta Jon Agirrek kantau eben, igazko hirukote berak. Ipar Uriben, Beñat Vidal, Olatz Ibarluzea (honeek biak estrainekoz finalean) eta Joanes Igeregik. Epaile lanetan Altzalei, Zihara Enbeita eta Juanjo Respaldiza aritu ziran eta Bernardo Mandalunizek aurkeztu ebazan Leire Aurrekoetxeak eta Zuriñe Iarrituk sariketa osoan legez txukun txukun atondutako gaiak. Igaz be aitortu genduan aurkezle barriak ikusteko gogoa, ez Bernarrek ondo ez daualako egiten, ezta pentsau be, baina urterik urte ezagutzen ari garen bertsogintzaren erreleboaren aurrean, ez ete da arlo hau nabarmen atzeratuta geratzen ari?

Gaztetxuen saioan urduritasuna hasikerako agurretatik nabarmendu zan. Aparteko saiorik ez genduan entzun, eta apartetan hasita, Jon Agirrek puntuari erantzunez botatako bertsoak merezi dau horrenbeste: “Aurtengoan txapela nora joango da? / Arratiara badoa guretzako hoba / hirugarrenerako badogu denbora / beraz Ipar Uribe zoaze kanpora”. Saioaren amaieran emondako puntuazinoan, 4,5 puntuko aldeaz nagusitu ziran arratiarrak gaztetxoetan.