Euskaldunok munduan  I. urtea // 4. zenbakia - 2002ko bagilaren 15a - Hamaboskaria

Euskal giro ederra uda honetan Nevadan

Renon (Nevadan) ekitaldi interesgarri bi izango dira uda honetan, gazteei eta helduei euskal kulturea hurreratzeko asmoz. Renoko Zazpiak Bat Eusko Etxearen Udalekuaz ganera, Eusko Ikasketa Guneak aurten lehenengo aldiz organizau dauen 'Ikasi' egitasmoa gauzatuko da Renon.

Udalekua Boisen (Idahon) egin eben lehenengo aldiz 1975ean eta sasoi haretan 'musika udalekua' esaten eutsien. Ordutik, ehundaka euskaldunek emon dabez aste bi uda sasoian, euskal giroan, AEBetako euskal taldeak bizi diran urietan. Hango eta Euskadiko begiraleakaz, euskal dantzak, musikea (txistua edo soinua) eta abestiak ikasten dabez. Bestetik, primeran pasetan dabe musean edota pelotan.

Esperientzia sano aberasgarria izateaz ganera, beste estaduetatik etorritako euskal gazteak ezagutzeko aukerea eskaintzen deutse udalekuak parte-hartzaileei. Guztien guraso edo arbasoak Euskal Herritik, Hegoaldetik zein Iparraldetik heldu ziran Estadu Batuetara eta, udalekuari esker, lagunak egiten dabez eta gaur egungo eta etorkizuneko Eusko Etxeen arteko hartu-emonak estutzen dabez.

Udalekua esperientzia berezia da, bai parte-hartzaileentzat ganerako estaduetako euskaldunak ezagutzen dabezalako eta bai begiraleentzat, Ameriketako euskal gazteei euren kulturea erakusten deutselako, euren jatorria maite eta horregaz harro egon daitezan.

Orain arte bederatzi estaduko 70 ikaslek emon dabe izena aurtengo udalekuan parte hartzeko. Udalekua bagilaren 16tik 28ra izango da eta zortzi begirale izango ditu, lau Euskaditik joandakoak. Euskerea, txistua, txalapartea, dantzak eta euskal sukaldaritzea jorratuko dabez eta ibilaldiak be egingo dabez.

Udalekuaren azkeneko hiru egunetan Eusko Ikasketa Guneak euskal kulturea ezagutzeko aukerea emoten deutse helduei be, 'Ikasi' egitasmoaren bitartez. Klaseak bagilaren 26, 27 eta 28an izango dira Nevadako Unibersidadeko kanpusean, eta gaiak ondokoak izango dira: euskerea, historia, mitologia, musikea, filmak, genealogia, sukaldaritzea eta Guggenheim Bilbao Museoa. Harrerea itzela izan da eta honezkero ez dago lekurik; dana dala, bateren batek huts egin ezkero, itxaron zerrendea zabalik dago.

NABOk antolatutako euskal gazteentzako Udalekuaren helburuakaz jaio zan 'Ikasi' egitasmoa, baina helduei zuzenduta. Hainbat heldu euskal kulturearen ganean ikasteko gogo biziagaz egoala jabetu zan Eusko Ikasketa Gunea. Ganera, gaztetan aukerarik izan ez ebenez, holako ekitaldietan pozik parte hartuko ebela pentsau eben. Aurtongo 'Ikasi' egitasmoa Renon izango da, baina aurrerantzean beste leku batzuetan egingo dabelakoan dagoz.

eitb.com