Bidaide  III. urtea // 51. zenbakia

2003: Hego-ekialdeko ugarteak (I)

Singapur, Indonesia, Ekialdeko Timor eta Filipinetan zehar, 100 egunetako bidaiaren gorabeherak


Jakarta

Ospitaletik alde egin ostean, astebete behar izan neban behar dan moduan osatzeko eta aldatz gora hasitako abentureari sasoi betean ekiteko. Ondorengo egunotako eguraldi gris eta euritsuak ez eban larregi lagundu eta animo aldetik nahiko baju ibili ginan.

Kontuak kontu, gaixotasunaren ondoren, indarbarrituta eta behar egiteko gogo handiagaz ibili nintzan. Bukittinggi, Sumatrako beste herri bat ez dot inoiz ahaztuko, izan be, bertan Rafflessia, munduko lore handiena eta Minangkabau kulturea, hierarkia matriarkalari eusten deutson bakarrenetakoa ezagutu genduzan.

Urriaren hasieran Jakartara heldu ginan, Indonesiako uriburura hain zuzen be. Bildurragaz sartu ginan bertako kaleetan, izan be, gure informazinoen arabera, Jakarta ez zan bape segurua, zikina bai, ostera eta jentez ganezka egoana. Dana dala, kasualidade bati esker, metropoli handiaren gomuta ederrak doguz. Kontua da ze hizkuntza guztietan idatzitako biblien bildumagile baten laguntzinoari esker, txinatar jatorriko Indonesiako kristinau bikote bat ezagutu genduala uriko Alkarte Biblikoan; duda barik, salbuespena ziran bertan baina atertu bako euriagaitik, prest agertu ziran guri hoteleraino laguntzeko; eta ez hori bakarrik, eurei esker uriko bazter eta leku ederrak bisitau genduzan, besteak beste, eurak ezkondu ziran eleizea eta han ezkontza bat zuzenean ikusi genduan; horrezaz ganera, berbaldi interesgarrietan Indonesian txinatarren bizimodua zelakoa dan ezagutu genduan, bizimodu negargarria, zehatz erreprimiduta, baztertuta eta zapalduta 1998ko bolada gogorrean legez. Zurtz eginda geratu ginan Indonesiako gizartearen errealidadeagaz, izan be, nagusitasun ekonomikoagaitik arrazista hutsak dira eta kontau euskuen emaztearen ahiztetako bat Australiara joatekotan egoala haren alabeak holako girorik ez ezagutzeko. Kontuan hartu txinatar jatorriko herritarrak % 3 baino izan ez arren, Herrialdeko aberastasunaren % 70 kontroletan dabela eta hori onartezina da indonesiar askorentzako.

Testua eta argazkiak: Zigor Aldama
Bideoa (Orangutanak): Demelsa Gonzalez

Planetako kontinente zabalenak eta beren beregi hego-ekialdeak gauza asko eskaintzen ditu, alde batetik, paraje misteriotsuak, idilikoak eta, bestetik, arriskuak ugari. Datozen ataletan hiru hilabete eta erdian Singapur, Indonesia, Ekialdeko Timor eta Filipinetako milaka ugartetan bizitakoak kontauko deutsuedaz lau ataletan. Emozino ederrez eta arazoez betetako ehun egunen ganeko kontakizuna.

2003ko iraila

Hilaren 12an hartu genduan Demelsak eta biok Singapurrerako hegazkina Loiun; Lufthansagaz Frankfurtera heldu ginan eta hortik Asian zeharreko makinatxu bat orduko abentureari ekin geuntson; barriro Asiara, hego-ekialdeko ugarteetara zehatz esateko. Lehenengo geldialdian ez genduan ezustekorik espero eta 'Bidaide' atalean sarritan kontau deutsuedan legez, Singapur uri-estadu aurreratua da, garbia eta munduko kale segurtasun handiena daukana. Niretzako ez zan barria, hiru urtetan laugarren bisitea zalako baina Demelsarentzat lehenengo esperientzia zan eta benetan gozau dau, zur eta lur geratu zan etxe orratz erraldoien artean, finantza zentrutik paseoan ginoiazala, Orchard Road zaratatsuan zein Chinatown-eko kale txiki eta estuetan zehar.

Oihana eta orangutanak (Bideoa, lehen argazkiaren goialdean eskuragarri)

Jakina, benetako abentureari ferryan 45 bat minutuko bidaiaren ostean ekin geuntson. Tarte labur horretan, giroa goitik behera aldatu zan; konturatu barik britainiar kolonia zaharragaz zerikusirik ez daukan munduan sartu ginan: kaosa, miseria gorria..., eguneroko ezaugarriak dira etenik barik, gehienetan txarrera era basatian aldatzen dan planetako ingurualdean. Indonesia lehenengoz zapaldu genduan Batam, Riau Ugarteko isla txikian sartu ginanean; Singapurreko herritarrentzako burdel eta prostituten erreinua da Batam eta egia da horrezaz ganera bertan ez dagoala egiteko askorik. Hori ez da Bukit Lawang, Sumatra iparraldean dagoan herritxuaren kasua; ederra da nahiz eta gu egon eta egun batzuk geroago uriolakaz hondatuta geratu. Oihanean sartzeko aukerea ez genduan alperrik galdu; turistentzako preparautako oihan horreetakoa barik, benetako oihana zan: landaredia zarratua, arbola altuak, lupetza eta, batez be, monoak eta orangutanak. Egia esan, orangutanak ikusteko gogoagaz joan ginan baina monoakaz be itzel pasau genduan, nahiz eta lianak erabilita gure gainetik pasetan ziranean txisa egin. Zorionez, orangutanak errespetu handia erakutsiz, sikeran ez euskuen 'eraso'; harrituta egozan oihanean gu ikusita eta bien bitartean gure argazki-makinakaz atrapetan genduzan. Azkenean, umedun egoan orangutan bat hurreratu jakun eta Demelsak laztantzeko eskua luzatu ebanean, haginka egin gura izan eutson, eskerrak ahalegina baino ez zala izan!.

Ibilalditxua esperientzia ederra izan zan baina zortzi bat ordu egin genduzan landarediaren kontra burrukan, sekulako beroagaz eta humedadeagaz, arnasa hartzeko be arazoakaz eta herriko aterpera heldu ginanerako, ohean luze geratzeko gogoa baino ez geunkan.

Osasun arazoak

Geroago Berastagin, bi sumendien artean dagoan Sumatrako herritxuan gengozala, bidaiako ames gaiztoa hasi zan. Bilbotik abiatu ginanetik aste bi be pasau ez ziranean, nire gorputzaren tenperaturea neurtzen eban termometroa 41 gradura heldu zan. Klimearen aldaketea kontuan hartuta eta bertako mediku baten diagnostikoari jaramon eginaz, gripe normala zala pentsau genduan. Dana dala, emon eustiezan botiken eraginik barik, hiru egun pasau ziran tenperatureak behera egin barik eta barea be handituta, gero eta okerragoa nengoala ikusita, aseguruagaz hartu-emonetan jarri eta Baerastagitik alde egin eta Medan, ugarteko uriburura ospitale pribatu baten bila joateko gomendioa egin eustien.

Furgoneta txiki baten egin genduan osterea surrealistea eta dramatikoa izan zan, geldiro-geldiro baina eskuetan eta hanketan sensibilidadea galtzen igarten neban eta Demelsak masajeakaz ahaleginak eta bi egin arren odol-fluxuari eusteko, azkenean eskuak mobidu ezinik geratu nintzan. Ezintasun sentimentuagaz hilko nintzala pentsau neban. Gidariak baekian arin joan ezkero, akaso nire bizia salbauko ebala eta Sumatrako zuloz betetako errepideetan 150 kilometro orduko abiadan joian. 'Gaixotasunagaz ez bada, trafiko ezbeharrean hilko naz' pentsau neban.

Istripurik ez zan izan eta nire bizitzako ordu eta erdi luzeenaren ostean, Gleneagleseko Ospitalera heldu ginan; ohe bat prest euken bertan baina ez eben ezer egin aseguruak hamar milioi rupiak pagetan ebazala konprobau arte. Astebete egin neban ospitalean oraindino izen jakinik ez daukan birus batek eragin eustan gaixotasuna osatzen.