La mala educacion
Almodovar familiak eginahalak egin dauz film hau goratzeko, baina, egia esan, ez deutse ezelan be erantzuten sortutako itxaropenei, Pedro Almodovar-ek gomuta eta zapaldutako sensazinoen ganean grina eta irrika handiz berba egin arren. Ondo preparautako kanpaina izan da, arrakastea ziurtatu dauana estreinaldia izan baino lehenago. Pelikulearen traman Pedro Almodovar-en “alter ego” dan Enrique personaiak dinoan moduan, “eleizearen kontrako erasoak eta sexua oso bikote komertziala dira”.
Mantxako zuzendari ospetsuak Txinako kutxen antzeko puzzle bat atondu gura izan dau; holan, fikzino batek benetako kontakizunera eroango gaitu, eta azken hori antzezlan zinematografikoa egiteko gaia izango da. Lau istorioak buztartzeko eta estutzeko beharrak filmak sakontasuna galtzea ekarri dau; kontakizuna ez da egiazkotzat hartzen, ez da sinisgarria, alkarren arteko loturarik ez daukan guztiz mundu artifiziosoa agiri dalako. Personaiek ez daukie arimarik eta, pelikulearen azken tartean, ganera, azpijoko baltz baten txotxongiloak baino ez dira.
Antzezpenen ganean beren beregi aitatu behar da Gael Garciak bere hiru papeletan eskaintzen dauan erregistro bariedade ikaragarria; ez da gauza bera pasetan Fele Martinez aktoreagaz, indar dramatiko izpirik be ez dauka eta.
Pelikula hau sano irregularra da, trinkoa baina benetako lotura eta maminik ez daukana; seguru asko, Almodovar-ek egin dauan filmik kaxkarrenetariko bat.
Joseba Terreros
- Zuzendaria eta gidoia: Pedro Almodovar.
- Iraupena: 105 minutu .
- Antzezleak: Gael Garcia Bernal (Ignacio Rodriguez / Angel Andrade / Zahara / Juan), Fele Martinez (Enrique Goded), Javier Camara (Paca), Daniel Gimenez Cacho (Padre Manolo), Lluis Homar (Sr. Berenguer), Francisco Maestre, Juan Fernandez, Ignacio Perez, Raul G. Forneiro, Alberto Ferreiro, Petra Martinez, Sandra eta Roberto Hoyas.
- Zuzendaritza artistikoa: Antxon Gomez.