Eslovakia, Danubioko tigrea
Industriako lanpostuen % 67,2ri eragingo deutso EBren zabalkundeak
Europako Batasunaren (EB) zabalkundea “mehatxua eta aukerea” izango da hemengo ekonomiarentzat. Mehatxua, eskulana «lau bider merkeagoa» dalako Sortaldean. Aukerea, 75 milioi bezero gehiagoko merkatu baten lehiatuko diralako enpresak. Zabalkundearen ondorioak aztertu dabez Confebaskek eta Eusko Jaurlaritzeak. Dinoenez, EAEko industri lanpostuen % 67,2ri eragingo deutse; inbersinoen % 67,6ri eta esportazinoen % 74,4ri.
“Egoera gatxetatik beti ondo urteten dogu”, adierazo eban Ana Agirre Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuak, ikerketearen aurkezpenean. Zabalkundea “desafioa eta test-a” izango da industrigintzearen lehiakortasunerako. Izan be, zabalkude honetako herrialdeak “Europa erdia-erdian” dagoz, “antzeko jarduera industrialetan” dabilz eta “inbersino dezente” erakarri leikiez. Industria Saila eta patronala bildur dira EBren zabalkundeak ez ete dauzan multinazionalen joan-etorriak handituko.
Begiluzea
Samsung-ek Kataluniako fabrikea zarratu dau Eslovakiara eroateko. Volkswagen, Peugeot-Citröen, Hyundai-Kia... inperio handiak daborduko Eslovakiako lurraldeetara ailegau dira, herrialde honetako gobernu ultraliberalaren prestazino eta eskulan eraginkor, merke eta apalak erakarrita.
Eslovakiako behargin gazteak goizean goiz izartu eta ulea Mendebaldeko erara gogortzaileagaz igordi ostean, Samsung-eko fabrikara abiatzen dira. Uriburutik ordubetera dagoan herri honetako gazterik gehienek bertan egiten dabe behar eta horreetariko askok ikasketak bertan behera itxi dabez, Koreako enpresa-buruek eskainitako aukerei gogor oratuz: berehala beharra, erreza eta sasoiz pagautakoa.
Halandaze, egunean-egunean gazte saldo handi bat fabrikara sasoiz sartzen da goizeko seiretan, astelehen, martitzen, eguazten, eguen, bariku... eta zapatu guzti-guztietan. Euren txandea eguerdiko ordu bietan amaitzen ei da, bazkaltzeko ordu erdi baten ostean, baina zintak ez dira gelditzen eta eurek be sarritan jarraitu behar izaten dabe, bi edo hiru ordu gehiago. Holantxe segiduko dabe, harik eta, arratsaldez datozenek produziduten dabena kontuan hartuta, enpresearen helburu bakar eta egunerokoa jadetsi arte: 5.000 monitore ondo preparauta eta kartoizko kutxa egokietan sartuta eukitea.
Aparteko orduak pagau, pagetan dira, baina benetako balioaren % 25ean. Horren truke, bestelako zerbitzuak emoten deutseez, esate baterako diruz lagundutako jantoki merkea.
Danubioko tigre bizkorra
Eslovakia Danubioko tigrearen izenagaz bateatu dabe; izan be, daborduko Volkswagen alemanaren, Peugeot-Citroën frantsesaren eta Samsung edo Hyundai-Kia hego-korearren inbersino handiak erakarteko gauza izan da. Horretarako gakoa eskulan merke, arduratsu eta zorrotzean ez eze gobernuan bertan topau geinke; izan be, politika ekonomiko neoliberal baten aldeko postura sendoa egin dabe, multinazionalei era guztietako erreztasunak emonez 49.000 kilometro karratuko herrialde txiki honetan instalau daitezan.
Ondorioak hasikera baten aurreikusitakoak izan dira: behar barik dagozan personen kopurua murriztu (oraindino be %13 dira) eta esportazinoak itzel handitu dabez. Egoerea itxaropentsua da eta maiatzaren 1ean Eslovakia Europako Batasunean sartuko da; hori bai, eslovakiarrei, beharbada, inork ez deutse azaldu Europako Batasuneko kideen batez besteko soldatarik txikerrena daukienik eta euren errenta mailea ez danik Europako batez bestekoaren % 50era be ailegetan.