Alex Txikon: 'mendian 10 bat litro edan behar dira egunean'
Makalu eta K2: Otxoa de Olza eta Txikonen amesa
Iñaki Otxoa de Olza eta Alex Txikon euskal mendizaleen plana ez da edozelakoa. Datozen hileotan zortzimila metrotik gorako Makalu eta K2 mendien tontorrak zapaldu gura dabez, munduan diran zortzimila metrotik gorako hamalau mendietatik gatxenetakoak duda barik. Apirilaren 1ean hartuko dabe hegazkina Madrilen eta apirilean eta maiatzean Nepal aldean ibiliko dira 8.463 metroko Makalu mendiari begira eta bagilaren 3tik 10era, etxean astebeteko deskantsua hartuta, barriro ekingo deutse abentureari eta Karakorumeko K2, 8.611 metrogaz, Everest mendiaren ostean, munduko bigarren altuena dan hori izango da euren helburua.
Iñaki Otxoa de Olza nafarra beteranoa da mendi kontuetan, altuera handietan ohituta dago eta Himalaian gida beharretan ibilitakoa da; orain arte, zortzimila metrotik gorako bederatzi tontor zapaldu ditu.
Alex Txikon lemoarra, barriz, gazte-gaztea da, 22 urte baino ez daukaz eta dagoeneko esperientzia handiko mendizalea da. Oraingoz, 8.047 metroko Broad Peak da bizkaitarraren zortzimilako bakarra.
Ezpedizinoaren gorabehera guztiak jakin guran, Alex Txikon lemoarrarengana jo dogu eta pozik kontau deuskuz berak ondokoak:
1. Nazinoarteko taldeakaz baimenak konpartidu arren, espedizino independientea, arina, alpinoa, sherpa edo laguntzailerik bakoa eta oxigenorik erabiliko ez dauana izango da Lemoa-Iruñea // Makalu-K2 2004. Ez ete dozue arrisku larregi hartu?
Bai, biok bakarrik goaz baina han mendian jente asko ibiliko da; bueno, baimenaren barruan ez baina hirugarren bat be geugaz datorrela esan behar deutsut, Dimako Fernan Lekue hain zuzen, mediku beharra egin dau berak. Ez dot uste arrisku larregi hartu dogunik; gure aurretik Norvegiako espedizino bat joango da eta beheko kanpamentutik lehenengora arteko glaziarra ondo ekipauko dabela pentsetan dot; hori leku arriskutsua da, arrakalak eta dagozalako eta egun batetik bestera aldatzen diralako bai lekuz eta bai neurriz.
2. Otxoa de Olza beteranoaren esperientzia eta zuhurtzia eta Txikonen gaztetasuna, ilusinoa eta indarra buztartuko dira ezpedizino berezi honetan. Preparazino berezirik egin dozue espedizino honetarako?
Iñakik badaki zer dan zortzimilakoetan ibiltea eta ez dot pentsetan ezer espezialik egingo ebanik. Dana dala, oinarri-oinarrizkoa bai, jakina, mendiko eskia, galapan egunero, batez be, alde fisiko lantzeko. Nik, ostera, denpora larregi be ez daukat entrenamentuetarako, beharrean zortzi bat ordu egiten dodaz egunero eta ahal dodanean joaten naz bai galapan eta bai mendira. Errendimentu fisikoa hobetzeko preparatzaile bategaz ibiltea zer dan eta ze abantaila dagoan badakit, lagun batzuk pelotariak dodazalako eta era horretako laguntzinoa dabelako; ni neu be horren bila hasi nintzan, Federazinoko medikuakaz be hartu-emon batzuk euki nebazan entrenamentu batzuk zehatz preparau guran baina jente asko dabilen lekuetan ez dabe jaramon larregi egiten, ezaguna izan behar zara kasu egiteko eta, azkenean, nire kontura ibili naz entrenetan.
3. Makalu eta Chogori edo K2, zortzimilako gatxenetakoak aukeratu dozuez. Zergaitik?
Igaz Broad Peaken ezagutu ginan iñaki eta biok; Patxi Goñi eta Julen Reketagaz joan nintzan baina han astebete edo egin neban Iñakigaz eta lagun handiak egin ginan. Hortik aurrera, kontaktuan egon gara beti, eskaletan be ibili gara eta proposamena berak egin eustan. Kontua da ze Iñaki 14 zortzimilakoak datozen hiru urteotan egiteko proiektuan dabilela buru-belarri eta Makalura eta Chogorira beragaz joateko konbitea egin eustala; jakina, nik ezin ezetzik emon. Ideia berea izan zan.
Argi dago Makalu eta Chogori edo K2 mendi gogorrak dirala baina erronka ederra be bai eta ilusino handiagaz goaz.
4. Makalun haize boladak eta eguraldia bera izaten dira arerio gogorrenak. Horreen kontra ez dago ezer egiterik, ezta?
Ez. Eguraldi txarraren kontra egin zeinken gauza bakarra itxarotea da. Igaz gure talde internazionaleko mendizale batzuk lau gau emon ebezan laugarren kanpamentuan haizeagaz dendatik urten ezinik. Txekiar batzuen denda bat hegaz be ikusi genduan, izan be, haizeak denda osoa eroan eutsien barruan 6 mila dolar, telefonoa eta mendiko materialagaz.
Makalun haizeak gogor joten dau, nahikoa baltz ikusten da beti, haizeak edurra eroan egiten daualako baina ez da ahaztu behar zailtasun tekniko handiak be badaukazala; gailurra bera arista zorrotz baten dago eta zortzimilakoen artean gatxenetakoa da, tontorrean persona bakarra sartzen da, atara kontuak.
5. Kontaiguzu igoerea zelan planteauko dozuen (zenbat egun, kanpalekuak, sokak...)
Apirilaren 1ean Madriletik Kathmandura eroango gaituan hegazkina hartuko dogu. Treking edo hurreratze ibilaldirik ez dogu egingo beheko kanpamentura arte. Everest aldetik aklimatauko gara eta gero helikoptero batek eroango gaitu 4900 metrora, ez Makaluren beheko kanpamentuan, apur bat beheratxuago. Kontua da ze 75 kilo baino ezin doguzala eroan helikopteroan eta zer eroan edo motxilan zer sartu erabagitea be ez da lan makala izango. Segurutik sherpak beharko doguz azken zati horretan material guztia eroateko.
Zehatz ze bide hartuko dogun ez dakigu, edo bide arrunta, glaziarrari buelta osoa emonda edo kukutchska pilarretik, artez-artez gora; duda barik, bigarren bide hori da gatxena baina era berean edur jausteen arrisku gitxien daukana. Hori bai, pilarraren aukerea hartu ezkero, bidea ekipetea tokauko jaku. Bigarren bide hori hartu gurako geunke. Beheko kanpamentutik lehenengora gauzak zelan dagozan ikusi beharko dogu ezer baino lehen, izan be, hor behar handia egoten da beti; glaziarra laberintoa da eta bidea marketan, sokak koloketan joan behar zara; hori bai, egunero glaziarra mobidu egiten da edo izotzezko zubiak apurtu egiten dira. Talde internazionalagaz goaz eta baldintzetako bat bakotxak 200 metro soka eroatea da. Dana dala, igoerea gure kontura egingo dogu. Bigarren kanpamentua 6000 metro inguruan dago, bigarrena 6500era eta hirugarrena 7500 metrora; hirugarren hori apur bat goratxuago iminten da, gero tontorrerako desnibela ez daiten hain handia izan.
6. Munduko bigarren mendi altuena, Chogori udarako itxiko dozue bagilaren hasieran etxean astebeteko deskantsua hartu osterako. Aurten 50 urte bete dira Achille Compañon eta Lino Lacedelli italiarrak mendi horretara lehenengo igoerea egin ebenetik. Ez dozu pentsetan jente larregi ibiliko dala aurten inguru horretan?
Bai. Chogori edo K2ren kasuan 50. urteurrena dala eta jente ugari ibiliko da hor, batez be, bide arruntean. Bide arrunta izan arren, benetan gatxa. Hego hormatik Pakistan da eta iparretik Txina; alde guztietatik ibiliko da jentea. Gu hego hormatik igoteko esperantzeagaz goaz, jente gitxiago ibiliko dalakoan; euskaldunon bidea da, hau da, igon eta bajatu lehenengoz 94an Juanito Oiarzabalek, Alberto eta Felix Iñurrategik eta Kide de Pablok egin ebena hain zuzen, arrunta baino gatxagoa da berau baina ahaleginak egingo doguz.
Bide arruntaren harian, Piramide Baltza be puntu arriskutsua da, harri soltea dagoalako eta kontu handiz ibili behar dalako; Carlos Polnerregaz egon nintzan orain hiru aste, berau izan da azkenetarikoa igoten orain hiru urte edo eta berak esan eustan mendian lau lagun egon zirala eta harri solteakaz benetako arazoak izan ebezala; lau katugaz hori, pentsaizu zer izango dan aurten 50. urteurrenegaz. Nik dakidala Italiako pare bat espedizino izango dira bertan bakotxean 25 lagun ingurugaz.
7. Aurtengo lehen bi hileotan 18 lagun hil dira mendian eta 48 zauritu, igaz tarte berean baino % 50 gehiago. Mendiaren masifikazinoa, mendizaleen esperientzia faltea, arrisku larregi hartzea...; zer egin leiteke mendiko ezbeharrak ebitetako?
Ez da erreza. Persona bakotxa mundu bat da. Dana dala, mendizaleak eduketea eta trebatzea da bideetako bat. Ni be 18 urtegaz joan nintzan Alpeetara gauza askorik jakin barik; danok egin doguz holakoak baina badagoz moduak, orain Federazinoak ikastaroak emoten ditu eta gura izan ezkero, behintzat badago preparetako aukerea.
Gero, jakina, mendian atzera egiten jakin behar da mendia beti egongo dalako hor. Nik askotan egin dot atzera eta ez deust ardura esatea. Sarritan jentea ez da konturatuten aurrean zer daukan. Monte Perdido eta izen handiko mendietan izaten dira ezbeharrik larrienak, gehienetan jentea ekipau barik eta mendian ibilteko ohitura barik ibilten dalako.
8. Zelako traba edo arazoak izan dozuez espedizino hau preparetako?
Gehienbat diru kontuak izan dira, permisoak lortzeko zein materiak guztia erosteko. Gero, ezustekoak be izan daitekez; orain pare bat urte Simone Moro italiarrari material guztia ohostu eutsien Pakistanen eta etxera bueltetea baino ez jakon geratu.
Holako saltsatan sartzeko norberaren boltsikoa be hutsitu behar izaten da baina hauxe da nire afizinoa, kotxe polit bat ez dot eukiko baina gustoko leku eta kontuetan nabil. Jakina, babesleen bila ibiltea oso gogorra izaten da baina ez dago beste erremediorik. Aurten, pozik nago ze Arratiako bailara osoaren bultzakadea sentidu dot. Danak egon dira laguntzeko prest. Eskerrak emon behar deutsedaz Aranzabal Mendi Taldeari, Lemoako Udalari eta Gaztetxeari eta Contratas Elorrin eta Negarra enpresei. Ormaetxea anaiei be, Beñat eta Unairi nire eskerrik beroenak.
9. Altuerarako zelako ekipo personala daroazue?
Lehen plastikozkoak ziran bota onenak baina orain Millet etxeko espedizinoko bota bereziak daroaguz, ia-ia belaunetarainoko polaina integral eta guzti. Gero, betikoa, lumazko buzo bat, forro polarrezko petoa, termikoak, txanoak, guanteak, bentiskako antijuak, alturako dendak...
10. Jatekoaren aldetik ondo gobernauko zarielakoan gagoz, Beñat Ormaetxea kozineruak preparautako baba eta bestelakoakaz.
Bai. Alturako ohiko jatekoakaz batera Beñatek jateko gozoa preparau deusku bai gorako eta bai beheko kanpamenturako. Hor behean kozinerua eukiten dogu eta ondo jaten da baina beti arrozagaz eta espagetiakaz kantsau egiten zara. Dana dala, ondo jatea ez eze, edatea, gorputza ondo hidratauta eukitea be sano inportantea da, mendian 10 bat litro edan behar dira egunean.
11. Apirilaren 1ean ekingo deutsazuen bost bat hilabeteko espedizinoaren ostean, ze proiektu darabilzu buruan?
Niri mendia da gustetan jatana eta momentuz hauxe daukat, oraingoz ez dot besterik pentsau gura; baina egia da Iñaki Otxoa de Olzagaz oso ondo konpontzen nazana eta leitekeana da beragaz segidutea zortzimilakoak egiten.
Hori bai, barriro Pamirreko Comunismo mendira bueltetea gustauko litzakit, tontorretik oso hur geratu nintzalako.
Azkenik, Urko Sanchezi be eskerrak emon behar deutsedaz emon deustan laguntzinoagaitik; ezpedizinotik bueltan dokumental bat preparetako gogoagaz gabiz eta erreztasun guztiak eskaini deuskuzalako.
Koldo Isusi Zuazo