Antzerkiaren (eta anai txikerragoen) Nazinoarteko Eguna
Antzerkia Alkarrizketea da. Ezin da bakarrik aktuau, basamortu baten erdian: aktuetako, lagun bat behar da, zuri begira egongo diran personak behar dira. Antzerkia Alkartasuna da: batera aktuau behar da”, idatzi eban Boalek, beste gauza batzuen artean.
Baina badago oraindino txikerragoa dan beste anaia bat be, edo arrebea, edo ahiztea, edo nebea: txotxongiloen antzerkia. Aurten, martiaren 21ean, Txotxongiloen Nazinoarteko Batasunak (UNIMA) Finlandiako Sirppa Sivori-Asp aktore eta zuzendariari eskatu eutson nazinoartera zabalduko zan mezua idazteko, Txotxongiloen Antzerkiaren Nazinoarteko Eguna zala eta:
“Txotxongiloen munduan emon dodan bizitza luzean sano hur sentidu ditut ikusleak: umeak. Gitxitan entzun dot gai honen ganean berba egiten, baina niretzako garrantzitsua da. Umeentzako aktuetan dozun bitartean, podere handia daukazu eskuen artean. Eta poderea ondo erabilteko, kontuan euki behar dogu umeak hauskorrak dirala. Horrek ez dau esan gura edertasuna baino ez deutsezunik emon behar biziko daben bidaia horretan.
Emonkizunean, umeak emozino desbardinak sentiduteko eskubidea dauka: barrea, malkoak, tristurea, artegatasuna, haserrea eta bildurra. Baina dana emonkizunaren barruan. Ikuskizunaren ostean, ez itxi umea nahastauta eta seguridade falteagaz; ezin izango leuke iluntasun hori onartu”.
Eta, azkenean, esan dogunez, anai nagusiaren eguna, martiaren 27an. Aurtengo komunikadua, antzerkiaren aldeko alegatu ederra, Fathia El Assall dramaturgo egiptoarrak idatzi dau:
“Antzerkia arte guztien aita da. Hori inork ezin dau zalantzan ipini eta, hori dala eta, antzerkia da nire pasino bakarra eta esklusiboa. Beti pentsau izan dot dramaturgoen ezaugarri nagusiena giza sentimendu nobleak izatea dala. Euren mezuen bidez, jenteari laguntzinoa emoten deutsie, euren buruak gainditzeko, frustrazinoetatik eta esplotazinotik libretako, eta duintasun apur bat lortzeko.
Dramaturgoek, euren helburuan arrakastea eukiteko eta jentearengan eragina izateko, lanbidea menperatu beharko leukie, eta adierazpen artistikoan daukien estiloa goitik behera kontrolau. Ostantzean, euren mezua haizeagaz batera galduko da, eta ez dau arrastorik itxiko. Ez dau helburua lortuko.
Artelan guztietan, artistearen mezua beti egon da nahastauta giza justiziagaz, adierazpen maila helduagaz eta benetakotasunagaz. Faktore horreetako batek be ez dau egon behar bestearen gainetik.
Uste dot Antzerkia dala humanidadearen bidea erakusten dauan argia. Eta argi horrek ikusleagaz alkartzea dakar, testu idatziari edo eszenako interpretazinoari aurre egin behar deutsagunen artean beroa sortuz”.
Egun handi honeek ospatzeko, Bizkaian eta Euskal Herri osoan obra asko ikusteko aukerea egon zan lehengo astean: Zornotzan, Alfred Hitchcockek pantailara eroandako thriller baten bersinoa taularatu zan: “Trampa para un hombre solo”; Elorrion, “Pares y Nines” antzeztu zan; Bilboko Arriagan, “Imágenes andaluzas para Carmina Burana”, Bilborocken “El show de Hipnosis”, “Cuéntame un cuento” eta “De pura cepa”; La Fundición aretoan “Acto seguido”, Otxarkoagako Auzo Etxean “Seppuku”, eta, azkenik, Bermeon, “Dionisio Guerra” obrea eskaini zan. Euskerazko obra gitxi, ikusten dogunez. Zorionez, Zenbat Gara alkarteak, urtero lez, Bilboeszena antzerki zikloa erregalau euskun, Kafe Antzokiaren eszenan: lehengo martitzenean Gilkitxaro taldea taularatu zan, “Elevator” lana eskaintzeko; eguaztenean Hortzmugaren txandea izan zan, eta “Globazilazioa” emon eban. Eta domekan, zikloa amaitzeko, emonaldi bikotxa egon zan: Txotxongilo Taldearen “Itsasminez”, eta Gaitzerdiren “Gabriel Gabrielle”.
Julen Gabiria
Urtero-urtero, martiaren 27an, Antzerkiaren Nazinoarteko Eguna ospatzen da. Akordio hori 1961ean hartu zan, Antzerkiaren Nazinoarteko Institutuak (ITI) Parisen egindako kongresu baten. Sasoi haretan, Nazino Batuen egoitzan egoan Nazinoen Antzokia barriro zabaldu zan, eta atxaki hori ezin hobea izan zan ITI-k Nazinoarteko Eguna sortzearen erabagia hartzeko.
Ordutik, ITI-k ordezkaritzea daukan munduko herrialde danetan ospakizunak, funtzino bereziak, estreinaldiak eta antzerkiagaz lotutako beste jarduera batzuk egiten dira, beti be manifestazino kultural horren handitasuna eta garrantzia azpimarratzeko eta, bide batez, jenteari antzerkia existitzen dala gogorarazoteko, batzuetan ostenduta dagoan arren. Halanda ze, ospakizun horreen artean daborduko ohikoa bihurtu da antzerki munduko nonork idatzitako komunikadu ofizial bat irakurtea, mundu osoan egiten diran ekitaldietan.
Baina antzerkiak badauka anai txikerra be, eta martiaren 20an ospatu zan haren aldeko eguna, kasu gitxiago egin jakon arren. Ume eta Gazteentzako Antzerkiaren Nazinoarteko Eguna ospatu zan martiaren 20an, mundu zabalean. Dana dala, normala be bada oihartzun txikiagoa izatea, ze egun hori 2000tik hona ospatzen da, Ume eta Gazteentzako Antzerkiaren Nazinoarteko Alkarteak (ASSITEJ) holan erabagita. Egun horretan, milaka ekitaldi egiteaz gan, komunikadu bat irakurten da, eta aurten Augusto Boalek idatzi dau, “Zapalduen Antzerkia” metodoa garatu eban brasildarrak:
“Bizirik gagozan bitartean, bizi izan doguzan adin guztietakoak gara. Nik 7 urte ditut, eta 70 be bai. Umea naz, gizon gaztea naz eta gizon ez hain gaztea be banaz. Teatroa praktiketan nabil zazpi urte neukazanetik. Baina beste persona askok itxi egiten dabe antzerkia. Zergatik ixten dabe? Ez dauka zentzunik!