Kulturea  III. urtea // 50. zenbakia

Andolin Eguzkitza, Goian Bego


Sariak:

- Prosa zientifikorako Andima Ibinagabeitia saria. 1976
- Eusko Jaurlaritzeak Urkidian zehar (1987. Iruñea: Pamiela) izeneko eleberria idazteko emondako diru-laguntzinoa.
- Eusko Jaurlaritzeak 1990ean emondako literatur sorkuntzarako diru-laguntzinoa olerki-liburu bat idazteko.
-Alexander von Humboldt alemaniar fundazinoak 1992-93 ikasturtean, Hamburg-eko Unibersidadean Jürgen Meisel-egaz lan egiteko emondako ikerketa-diru-laguntzinoa.

Argitaratutako lan nagusiak:

-Lehen orenean. 1978. Eleberria
-Orhiko mendirantz urratsez urrats. 1986. Poesia
-Urkidian zehar. 1987. Eleberria
-Topics on the syntax of Basque and Romance. 1987.
-Mila urte igaro eta, ura bere bidean. 1993 Poesia
-Herioaren itzalpeetan. 1998. Eleberria
-Gorka Palaziorekin batera. 1991. Geografidatutegia. Geografi-izen arrotzen ortografia eta ortoepia finkatzeko saioa. Leioa
-Olga Omatos-ekin batera. 1995. Konstandinos Kavafis: Poema-antologia. Itzulpena
-Günter Grass-en Das Treffen in Telgte (Batzarra Telgte-n) izeneko eleberriaren itzulpena
-Quan plou en les entranyes poema-antologia, Bosquil argitaletxea. 2001.
-Jon Mirande itzultzaile.
-Jon Mirande elaberrigile: Haur besoetakoa-ren egitura azterketa.
-Errusiar formalismoa. 1990.
-Plazerra: sor- eta helburu. Plazer-hatsarriaren defentsan. 1984.
-Txillardegi, edo fideltasun

Andolin Eguzkitzaren aldeko hileta eleizkizuna bere jaioterrian, Santurtzin izan zan atzo, martiaren 26an.

Andolin Eguzkitza, Goian Bego

Bizkaie!

Andolin Eguzkitza euskaltzaina martiaren 24an hil zan, Basurtuko ospitalean, bihotzekoak jota.

Andolin Eguzkitza Bilbao Santurtzin jaio zan, 1953ko abenduaren 6an. Hamabost urtegaz berreskuratu eban euskerea eta hizkuntzalaritzea izan da bere zeregin nagusia. Oinarrizko ikasketak egin ostean, Deustuko Unibersidadean Filologia Erromanikoa ikasi eban eta 1975ean lizentziau zan. Lizentziaturea eskuratu eta berehala, Salamancara joan zan, Koldo Mitxelena zanaren ondoan ikasketak jarraitzeko. Urtebete beranduago, 1976an, Koloniara abiatu zan eta hango Unibersidadeko Hizkuntzalaritza-Institutuan urte bi emon ebazan. Ondoren, Estatu Batuetara joan zan eta Iowa-ko Unibersidadean, 1980an, Hizkuntzalaritza Orokorrean magistergoa lortu eban. Hurrengo helburua doktoregoa eskuratzea izan zan eta 1986ean egin eban, Kaliforniako Unibersidadean, Los Angeles-en (UCLA), Hizkuntzalaritza erromanikoan. Bere tesiaren izenburua “ Topics on the Syntax of Basque and Romance” izan zan.

Guztira, hamabi urte emon ebazan Euskal Herritik kanpo eta bueltau zanean, irakasle moduan hasi zan beharrean, Deustuko Unibersidadean lehenengo, eta Euskal Herrikoan gero, Gasteizko campusean. Bertan lan egin dau gaur arte, Hizkuntzalaritza Orokorra, Semantika eta Tipologia Linguistikoa erakutsiz.

2003ko irailean, Hizkuntzalaritza Orokorra eta Tipologia izeneko katedra atara eban. Epaimahaikideak ondokoak izan ziran: Karmele Rotaetxe (lehendakaria), Ángel López (idazkaria, Valentziako Unibersidadekoa), Teresa Espinal (Bartzelonako Unibersidade Autonomokoa), Milagros Fernández (Santiagoko Unibersidaekoa) eta Andrés de Molina (Granadako Unibersidadekoa).

Euskaltzaindiak 1991n izentau eban euskaltzain urgazle eta 2001eko martiaren 31n, barriz, euskaltzain oso. Luis Villasanteren ordez aukeratu eben. Sarrera hitzaldia 2002ko zezeilaren 23an egin eban Santurtzin, “Xalotasunaren laudorioa” gaiari buruz. Xabier Kintanak emon eutson erantzuna. Akademiaren barruan, Dialektologia batzordeko burua zan, Gramatika-batzordeko kidea zan, bai eta Exonomastika azpibatzordekoa be. Azkue Biblioteka batzordeko aholkulari be bazan.

Eguzkitza Euskal Idazleen Elkartearen lehendakaria izan da, 1997tik 2002ko martira arte. Bestetik, Euskararen Aholku-batzordearen kide izan da, 1997tik orain arte.

Ikastaro eta hitzaldi ugari emonak ditu, Euskal Herriko zein kanpoko unibertsidadeetan eta hizkuntzalaritzaz zein literaturaz. Udako Euskal Unibersidadean be urtero ibilten zan irakasle. Horrezaz gan, artikulu asko -zientifikoak eta literarioak- argitaratu ditu hainbat argitalpenetan: Fontes Linguae Vasconum, Zehatz, Ele, Zutabe, IKA, Jakin, Hegats, Maiatz, Leer, Egunkaria, Anaitasuna, Zeruko Argia/Argia, Arbola, Bilbao, El Correo, Elhuyar, Euskaldunak, Pott bandaren praka, Zabal e.a.