Bizkaiko bertsozale gazte eguna 2004
Aspertzeko tarterik ez
Bertsolari gazteen eguneko egitaraua:
- Goizeko 11:00etan: Triki-bertso poteoa herriko tabernetan zehar.
- 15:00etan: Bertso-bazkaria.
Aurkezle: Xabier Paia.
Bertsolariak: Bizkaiko eskualde guztietakoak.
- 20:00etan: Zaharra Berri Tour (Xabier Silveira, Fredi Paia eta Jokin Urangaren eskutik).
- 22:30etan: Oliba Gorriak taldearen kontzertua.
- 23:30etan: Etxabe anaiak taldearen erromeria.
Bazkarirako txartelak eguna baino lehen eskuratzea komeni da eta, horretarako, bakotxa bere eskualdeko bertsolari gazteakaz hartu-emonetan jartea da biderik zuzenena.
Bestalde, Bizkaiko bertsozale gazte egunaren aurkezpen ekitaldian, bertsolari gazteek jakinarazo eben preso dagozan Peru Aranburu eta Galder Bilbao bertsolari gazteak Aulestin egongo ez badira be, euren parte hartzea ziurtatuta egongo dala.
Bizkaie!
Bizkaiko bertsolari gazteek Txapel Bete Bertso ekimena abian jarri ebenetik urte bete baino ez da pasau, baina ez dagoz, ez, geldi egoteko. Ekimen horretan alkartzen diran bertsolariek, euren lagunartea zabaldu eta sendotzeko asmoz, Bizkaiko Bertsozale Eguna preparau dabe.
Urteroko zita bertsozale gazteentzat
Lehen Bizkaiko bertsozale gazte eguna apirilaren 3an egingo da Aulestin. Aurtengoa izango da lehen edizinoa, baina “bertsoaren ingurumarian gabiltzan gazte guztiontzako (bertsolari, aurkezle, antolatzaile, gai-jartzaile, bertsozale,…) erreferentzi eta bilgune izatea gurako geunke” eta, beraz, urtero antolatzeko asmoa agertu dabe.
Laurogei eta 90 hamarkadetan, Jon Lopategiri esker, Kanpantxun egiten ziran barnetegiek itxitako hutsunea beteteko asmoagaz dator zeozelan ekimen hau. Izan be, bertsolari gazteek bertan pasetan ebezan egunetan ezagutzen eben alkar. Orain, helburu hori bete guran, bertsolari ez eze bertsozale diran gazteak be erakarriko dituan eguna antolatu gura izan dabe. Bertsolariek dinoenez, “bertsoaren inguruan gustura sentitzen diran eta arimaz gazte diran guztiei luzatzen deutseugu konbidapena”.
Hemetik aurrera, urtero antolatuko daben eguna izango dala jakinarazo dabe. Edozelan be, oraingoz ez dabe zehaztu hurrengoan zein herritan izango dan, baina Aulesti lako herri txikia izatea gurako leukie ahalik eta dispersino gitxien izateko. Bide batez, alde batetik, Aulestiko udalak eta herriko tabernek eta, bestetik, Bizkaiko Bertsozale Elkarteak emondako laguntzinoa, eskertu dabe.