Euskaldunok munduan  III. urtea // 51. zenbakia

Bolivia (V): Uyuniko Gatzagearen inguruak


Hurrengo goizean goizetik izartu gara: lau ta erdietan. Ingelesak termometroa atara dau kotxeko bentanatik: hamar gradu zero azpitik! Hotzaren hotzagaz ezin izan dau euki denpora gehiago kanpoan benetan zenbat gradu dagozan jakiteko. Gorputza gogortuta daukagu, baina geiserrak ikusteko altzau egin gara. Ia bost mila metrotan dagozan putzu handiak dira eta irakiten dagoz, berrehun gradu baino gehiagotan. Ataraten daben lurruna lainoa baino zarratuagoa da, eta hara jausi ezkero, bero-bero egoteko aukerea eukiko dozu, baina gero ezin izango deutsazu inori kontau!

Kotxean sartu garanean, gitxi-gitxika eguzkiak keinu egin deusku. Barruan epelago dago, eta gustora egon gara alkarren ondoan. Handik apur batera ur beroko putzuetara ailegau gara. Hotz egiten dau (goizeko zazpiak ez dira oraindino), baina erropak kendu eta han sartu gara, epeletan egoteko. Zoragarria! Dagozan berben artean zein aukeratu ahal dogu ba? Zoragarria. Ha goxotasuna! Kanpoko hotza ez da ia igarten, ezta urten eta armozuko ogiaren eta tearen bila joan garanean be. Uretan egon garanean, bikote bat ikusi dogu euren kanpin-dendea batzen eta bizikletakaz ibilbidea hasten. Ha bai gatxa! Gau osoa hotzean pasau eta lau mila metrotik gora pedaleei eragiten hastea. Eta gu, bitartean, munduko balneariorik onenean. Kanpoan zero gradu dagoz, ondoko putzuak leia dauka, eta gu, 37 gradutan!

Hurrengo geltokia Laku Berdea izan da. Izenak dinoan moduan, lakua berde-berdea da: orlegia. Haizeak nondik jo, uraren kolorea ha: turkesatik berde-berdera kanbiau egiten da. Lakuak boroxa dauka, eta horrek kolorea eragiten deutso. Ertzak zuriak dira, izan be, bitsez inguratuta dago. Bits zuri-zuri hori hotzagaz gogortu egiten da.

Handik Txileko mugara joan gara. Inglaterrako neskea Atakamara joan da eta pena apur bat hartu dogu. Guretzako, barriz, bueltako bidaia hasi da.

Bidean llamak ikusi doguz, izan be, han libre bizi dira. Ingurua sikua izan arren gizakiak zer erein behar dauan asmau eta kinoa-ortuak ikusi doguz. Kinoa urik behar ez dauan eta leku siku eta hotzetan hazten dan Andeetako zereala da. Hemengoek beti erein izan dabe kinoa, nahiz eta orain arrozak eta pasteak gehiago ikusten diran. Izan be, arroza haztea errezagoa da eta pasteagaz batera produktu merkeak dira bertokoentzat.

Azken gaua heldu da eta ha guztia ospatu dogu: rona, barre-algarak....

Iratxe Ormatza

Gatzagatik urten dogu eta inguruan dagoan basamortuan sartu gara, lau mila metrotik gora. Basamortua, ostera, ez da kolore bakarrekoa edo tonu bakarrekoa. Gorritik beilegira eta marroira artean dagozan kolore guztiak topau daitekez han. Harrigarria egiten jaku naturearen handitasuna, eta zoragarria da lurra, bera bakarrik, zenbat forma eta kolore sortzeko kapaz dan. Harrigarria, benetan, eta askozaz gehiago begien aurrean ikustea. Izan be, munduan badakigu hainbat gauza harrigarri dagozala, baina zoragarriena norberaren begiakaz ikustea da. Ganera, hori da leku bat berezi egiten dauana, baita pozik sentidu arazoten deutsuna be.

Harea, harria eta mendia ez da ikusten dogun bakarra. Lakuak be badagoz, kolore askotakoak: gorriak, berdeak, urdinak...; laku gorrietan flamenkoak be topau geinkez, izan be, flamenkoek jaten daben animaliatxuak gorriak dira, eta horreexek emoten deutsie lumei kolorea, baita lakuari be. Flamenkoak migratzaileak dira, baina batzuk hemen geratzen dira, eta askotan neguko hotzaren hotzagaz hil egiten dira. Zerk eragingo ete dau holako leku baten lotzea?

Gidariagaz sukaldari bat be etorri da geugaz eta benetan jatordu gozoak egiten deuskuz: jaten dogunean, ahoa jateko baino ez dogu zabaltzen, ixil-ixilik egoten gara egin dauana gozetan eta.

Laku Gorrira iluntzean ailegau gara eta hotza gero eta nabariagoa da. Etxe gitxi dagoz lakuaren inguruan. Guk, geuretik urten eta zeruko izar guzti-guztiak ikusi ahal izan doguz. Dan-danak, izan be, zerua argi txikerrez beteta egon da. Hain altu dagoanez, zeru osoa ikusi dogula esan geinke, hurrago dagoala emoten dau eta. Luzaroan egon gara ha guztia ederresten, behatzak hotzitu jakuzan arte. Barrura sartu baino arinago gizon bat hurreratu jaku, Uyuniko parkearen sarrerako behargin bat. Luzaroan egon gara beragaz berbetan, izan be, ordu asko emoten dauz bakarrik eta barriketarako gogoa euki dau. Kontuan hartu behar da parkeko sarreran dagoana kenduta ganerako zaindariak parkean zehar ibilten dirala. Gizon hau, ostera, bulegotxuan egoten da, eta ingurua polita izan arren, gogorra egiten jako hileko egun guztiak han egotea hamar eguneko oporrak noz ailegau itxaroten. Azkenean, hango edertasuna kartzela bihurtzen jako. Horregaitik ba, kontu-kontari ibili jaku. Baten loak hartu ezinik ebilela eta, goizeko ordu txikietan zeozer beroa hartzeko altxau zala esan euskun. Etxean kandelearen eta ura berotzeko suaren argitasuna baino ez eukan. Halako batean kanpoan argia ikusi eban. Argia garbia zan, izpiak indartsuak eta argiaren erdigunea batetik bestera mobiduten zan. Bildurra sartu jakon gorputzean, eta ezin asmau ha zer zan. Ganera, erakarri egiten eban argiak. Zer zan inoz ez dauala jakin esan deusku, baina gogoratzen dauan bakotxean zirrara batek gorputza erdibitzen deutsola autortu deusku.