Han goitik itsasoa ikusten da
Elkar Argitaletxearen oharra: Julen Gabiriak idazkera txinpartatsua darabil, giro ameslaria, ukutu surrealistak eta injustiziaren kontrako matxinadarako deia buztartzen dira istorio eder eta hunkigarri honetan, literaturea eta bizitzea eskutik joan daitekezala erakutsiz.
Julen Gabiria
Galdakaon jaio zan 1973ko urtarrilaren 19an. Soziologian lizentziatua da eta Enpresa Ikasketetan diplomatua. Ogibidetzat itzultzaile beharra aukeratu eban baina idazlea be bada eta makinatxu bat kolaborazino egiten ditu argitalpen desbardinetan.
Argitaratutako liburuak:
Nobelak:
“Connemara gure bihotzetan”, Elkarlanean, 2000.
“Han goitik itsasoa ikusten da”, Elkar, 2004.
Biografiak:
“Iparragirre”, Elkar, 2001.
Ipuin bilduma kolektiboak:
“Euskal idazleen ipuin erotikoak”, (askoren artean), Txalaparta, 1998.
“Bilbao: ipuin biltegia”, (askoren artean), Alberdania, 2000.
“Bero hezeak”, (askoren artean), Txalaparta, 2001.
“Marihuanazko bufandak”, (askoren artean), Txalaparta, 2002.
Bestelakoak:
“L.O.V.E.” antzerki-obraren itzulpena eta moldaketea.
“Irakurle anbulanteak” antzerki-obrarako ipuin bi.
Sariak:
1996an, Galdakaoko ipuin lehiaketea.
1997an, Basauriko ipuin erotikoen lehiaketea.
1998an, Basauriko ipuin erotikoen lehiaketea.
1998an, Igartza bekea.
2000n, Basauriko ipuin lehiaketea.
2001ean, Zazpi Kale saria.
2002an, Igartza bekea.
Kolaborazinoak:
Egin, Deia, Egunkaria, Berria, Argia, Bizkaie!, Asteon, Bost Axola.
Bizkaie!
Idazle gazteentzako Igartza Sariaren lehen deialdian irabazle izan zan Julen Gabiria, eta laguntza hari esker idatzi eban 'Connemara gure bihotzetan', bere lehenengo liburua, sekulako arrakastea lortu ebana. Bosgarren deialdian barriro aurkeztu zan beka horretara, ostera irabazi, eta kalean dago daborduko sariketa horren emaitzea: 'Han goitik itsasoa ikusten da'. Elkar argitaletxeak plazaratu dau liburu potoloa, 238 orrikoa zehatz esateko. Liburudendatan 14,75 eurotan topauko dozue.
'Han goitik ikusten da' liburuaren laburpena Julen Gabiriaren eskutik:
Nobelea Euskal Herrian hasten da, gerra inguruan. Baina hori istorioaren “historiaurrea” dala esan daiteke, benetako kontakizuna 1943an kokatzen dalako, Italiako Toskanan. Bigarren zati horrek hartzen dau liburuaren zatirik handiena. Liburuaren hasieran Roman Alberdi mutikoa ezagutuko dogu, gerrea dala-eta Euskal Herritik alde egin behar dauana, “gerrako ume” deitutako askoren antzera, Frantziako Alpeetara. Han, 1937ko Tourrean, Gino Bartali ziklista handia ikusi, eta erabagiko dau haren herrira joan behar dala, Ponte a Emara. Eta han idoloa topauko dau, bai; baina beste jente ezezagun asko be bai, jente txikerra baina jente handia, isil-isilik iraultzea egiten dabilena Mussoliniren gobernuaren kontra. Iraultza txikia da, jente horren moduko txikia, baina iraultzea da, eta ez da gitxi. Eta Ponte a Eman, Gino Bartaliren inguruan, topauko ditugu zinemaren jabea dan Luca, Oscar mekanikari literaturzalea, Pablo marinel faltsifikatzailea, Fray Ciccillo fraile zoroa, Aggio okin kereizazalea eta, zelan ez ba, Livia, judua izatea ezkutau behar dauan neska gaztea. Eta Gino Bartali, ziklismoaren historian izan dan karreristarik handienetakoa, hamar urteko tartean Tour bi irabazi dituan bakarra. Eta, bakotxak bere neurrian, iraultzea egingo dabe. Eta neurri handia da hori: bakotxak ahal dauana.
Unai Elorriaga: Julen Gabiriak injeniari beharra egin dau. Gauzak kontetako moduari jagokonez, parte asko falta dira nobelan baina hain ondo idazten ditu idazten dituan parteak, elipsiak osotzea ez dala hain gatxa. Horrezaz ganera, irakurlearen irudimenari lekua ixten deutso Gabiriak.
Julen Gabiria: Bizikleteak daroa irakurlea nobelan zehar. Bizikletea da injustiziak kontetako atxakia. Egunkariaren zarratzea tarteko, amorruak injustiziaren kontrako liburua sortarazo dau