Bertsotan  III. urtea // 50. zenbakia

Abra Saria etxean


Txapela Xabier Payarentzat

Lehenengo atalean maila polita erakutsi eben bertsolariek. Aitatzekoak dira zortziko nagusian Iñaki Apalategi eta Xabier Payaren lanak, hasikeratik buruz burukorako faborito izakerea berretsiz, eta baita Jokin Labayenen bigarren eta hirugarren bertsoak be. Zortziko txikian Beñat Lizasoren freskotasuna eskertu zan eta Xabierrek eta Iñakik, batera tokau jaken, beren lehenengo helbururako puntuak batzen segidu eben. Bakarlaneko puntuetan (ondo betetako beharrik eta gatxena) Beñat, Iñaki eta Xabier ibili ziran finen eta gaiari botatakoetan konfirmau eban Xabierrek bere ordura arteko nagusitasuna. Xabierregaz batera (255 puntu), Iñaki Apalategi sailkatu zan bigarren atalerako (244,5). Jokin Labayen eta Beñat Lizaso bardinduta eta sailkatzetik hur baino hurrago (242).

Bigarren atalean, hutsetik abiatu ziran bertsolariak (entzuleek eta epaileok be ez genkian aurreko ataleko tartea zein zan, ezta zein sailkatu zan aurretik). Seiko motzeko saioa bizi joan zan eta Xabierren poto txiki batek baino ez eban lorrindu. Kartzelakoan sentiduarazo behar euskuen sentsazinoa zera zan, plazerra. Lehen txarto esan dot, hauxe izan zan eguneko ariketa gatxena. Ez da erreza bertso baten bidez kontzienteki ezer sentiarazotea eta ez Apalategik ezta Payak be ez eben asmau. Iñakik Madrileko atentaduaren ustezko egileak atxilotu barriak zirala eta eukan lasaitasuna eta gozamena hartu ebazan ardatz eta Xabierrek beretzat plazerra zer dan deskribidu eban, saio batean jasotako txaloak gogoratuz. Ahalegina hor dago, baina entzuleakan plazerrik ez. Epaileon artean be komentau gendun ariketa honen zailtasuna, eta pentsau gendun nahikoa izango zala edozein gai hartuta bertso antologikoa botatea guk (eta entzule guztiek) plazerra sentitzeko. Teoriak erreza emoten dau, ala? Amaitzeko gai bati bina bertso bota eutsiezan eta Iñaki Apalategik orduantxe egin eban huts nabarmena, neurri luzeegia aukeratu eta lehenengo bertsoko trabak poto txiki bategaz borobilduta. Xabierrek ez eban hutsik egin eta hor berretsi eban arratsaldeko bertsolari erregularrena bera zana. Algortako Bertso-Eskolako lehendakari Trino Azkoitiak jarri eutson txapela Xabierri eta honek igaz itxi ginduezan Andoni Iriondori eskaini eutson, bertso-eskolan “Payatarren bigarrenagan sinistu ebalako”. Fredik badauka saririk, Xabierrek bidea ikasi dau...eta Itsasoren barri be izango dogu. Zorionak barriro, Xabi.

Iñaki Aurrekoetxea

Sariketak, lehiaketak eta bestelako bertso-desafioak loreak legez ugalduko diran garaiotan, lehenengo txapelak topau dau bere neurriko burua. Xabier Payak irabazi dau aurtengo Abra Saria. Algortarrak etxean jokatu eban eta bertsotan hori erabakigarria ez bada izaten be, txapela janztea lortu eban, sariketa honetan bizkaitar batek lortzen dauan lehenengo aldia. Zorionak bertsotan atal honetako lumakideari! (aurreko zenbakian bere burua zoriontzeko ausardia eukana ez da makala gero!)

Sariketearen historia

Algortako Bertso-Eskoleak antolatzen dau Abra Saria. Bizkaiera zaharreko berbea da abra eta Azkueren hiztegiak bi adiera jasoten dauz: bata leku agiria, zabala eta haizetsua izendatzeko erabilten zala; besteak leku zabal horretako giroari erreferentzia egiten deutso. Algortarrek egoki eretxi eutsien berba honi bertso-plazen izakereagaz bat datorrelako. Berbak berba, Abra Sariaren helburua bertsolari gazteak plazen zirkuituan jartea da. Bat-bateko sariketa hau Euskal Herri mailako gazteentzako Bizkaian dagoan bakarrenetakoa da, Berritxu Sariagaz batera, eta gonbidapen bidez kantetan da bertan.

Lehenengo edizinoan, 2001ean 18-28 urte bitarteko zortzi bertsolarik hartu eben parte eta Nerea Elustondo urretxuarrak jantzi eban txapela. 2002koan seira bajatu eben kantidadea eta adina 18-23ra mugatu. Jon Martin oiartzuarrak lortu eban txapela. Bertsolarien kantidadea eta adinean aldaketak egon badira be, sariketeak Euskal Herri mailako izakereari eutsi deutso, bai bertsolarien aldetik, bai epaileei jagokenez.

Hirugarren edizinoan, sariketearen adin esparrua mugatu egin dabe gehiago. Hogei eta hogeita bi urte bitartekoak izan dira partehartzaileak. Lau gipuzkoar eta bizkaitar eta lapurtar bana: Iñaki Apalategi beasaindarra (igaz Osinalde Saria irabazi eban), Beñat Lizaso azpeitiarra (hirugarren belaunaldia be ezagutu dau plazeak), Jokin Labayen arrasatearra, Ander Lizarralde oiartzuarra, Egoitz Zelaia hendaiarra eta Xabier Paya getxoztarra. Epai lanetan Martin Aramendi eta Mikel Aizpurua gipuzkoarrak eta Mirari Azula eta idazten dabilen hau Bizkaitik. Sariketeak bi atal eukazan. Lehenengoan, zortziko nagusian eta txikian ofizio bana kantau eben eta bakarlanean hasikerako puntuari erantzunez bi bertso bota behar ebezan eta gai bati beste bi neurri librean. Atal honetan puntuazino onena lortu eben bi bertsolariek bigarren atalean jokatu eben sariketako txapela, ofizioan sei puntukoan hiruna bertso eta kartzelako lanean beste hiruna bota ostean. Kartzelakoan berezitasun bi: buruz buruko atal honetan puntuazinoa hutsetik hasten zala eta gai bati bi bertso bota aurretik, gai-jartzaileak berbaz sentsazino bat emon eta bertso baten bidez entzuleek sentsazino hori sentiarazotea lortu behar ebela.