Eretxia  III. urtea // 50. zenbakia

Alkarrizketarako momentua. Zertarako alkarrizketea?


Egitasmo politikoak jarri beharko litzatekez mahai gainean. Sakoneko akordio bat izan behar da helburua. Ez litzateke normala izango azken urteotan pasautakoari lepoa emotea. Badagoz lepozainakaz dabiltzanak, badagoz politikoki ilegalizauta dagozanak, badagoz egungo markotik harantza joan gura dabenak eta gehiengoa osotzen dabenak. Eta horri guztiorri konponbidea emon behar jako. Alkarrizketearen bidez, jakina.

Honen aurrean, galderak oso argiak dira. Kapaz izango ete da Gobernu sozialista barria erronka horreei aurre egiteko euskal abertzaleen botuak beharrezkoak ez diranean? Edota ahaleginduko ete dira barriro abertzaletasuna moteltzen konpetentzia batzuen truke alkarrizketearen atxakia hartuta?

IƱaki Atxutegi

PSOEren ezusteko garaipenak aire barria ekarri dau Estadu osoko politikagintzara. Egia esan behar da: zenbait lekutan PP boteretik bialduteko guraria begibistakoa zan hauteskundeak egin baino arinago. Madrileko sarraskiaren ondorioz, Gobernu popularrak izan eban jarrereak aldaketarako bidea erreztu eban. Ez dogu inoiz jakingo atentadua pasau barik zelako emoitzak izango ziran, eta egia esanda gaur horrek ez deust ardura.

Kontuak kontu, pronostiko guztien kontra 'Sosoman' Zapatero boterean dago. Kosta egingo jaku ohitzea, ez dot ukatuko, baina onerako zein txarrerako bera izango dogu Estaduko Gobernuburu ondorengo lau urteotan.

Irabazi eta berehala lagunak urten jakoz alde guztietatik. Errez atarako dau bere inbestidurea, alderdi batek baino gehiagok bere laguntzinoa mosu-truke eskaini deutselako daborduko. Horrezaz ganera, alkarrizketea eskaini deutse sozialistei. Zapaterok be ez deutso uko egin alkarrizketeari. Berba politak legealdia gozo-gozo hasteko.

Alkarrizketea izan da Ibarretxe lehendakariaren leloa azken urteotan. Bere estilo horrek garaipena emon deutso hauteskundeetan. Euskal popularrek ahopeka edo txutxu-mutxuka baino ez bada be, onartu dabe euren gehiegizko irmetasuna kaltegarria izan dala botuak eskuratzeko orduan. Ez dabe jakin norabidea zuzentzen eta larrutik pagau dabe.

Alkarri entzun barik urteak emon dabez euskal politikoek. Orain, sikeran alkarregaz egoteko borondatea agertu dabe. Baina zein izan behar da berbagaia? Orri zuriak baino ez dabezala eroango emoten dau euren egunotako adierazpenei jaramon egin ezkero. Borondate ona eta keinuak eskaintzen deutsez alkarri baina holan ez goaz inora.