Roge Blasco: 'Urbanita' garan arren, danok daukagu nomada sentimentua
Bilbon jaio zan 1955ean. Ikasketaz eta ogibidez kazetaria da. Laurogeigarren hamarkadearen hasikeran, euskal rockaren ganeko Muskaria aldizkaria sortu eban Oscar Amezaga eta Pedro Mari Azkorragagaz batera eta Lavabos Iturriaga musika taldean be 'olgetan' ibili zan.
1984an, ia-ia Radio Euskadiren ibilbideagaz bat eginda, 'Levando anclas', bidaien ganeko programea egiten hasi zan. Ordutik 20 urte joan dira (urteurrena martiaren 11n bete zan) eta programa hori oraindino entzun daiteke domeketan gaueko hamarretan hasita. Irratian bertan 'Marea gora' eta 'La casa de la palabra' programak be egin ditu; La casa de la palabra antenan dago oraindino eta hor gizarte gaiak jorratzen ditu Roge Blascok egunero, gaueko 21:00etatik 22:00etara.
Telebistan be ezaguna egin zan, 1987tik 1995era ETBn 'Doctor Livingstone, supongo' programea aurkeztu ebalako, hau be bidaien ganekoa. TV2 katean be 'Tierra a la vista' saioko aurkezlea izan zan.
1. Radio Euskadi jaiobarrian hasi zinan irratian. Zelan gogoratzen dozuz momentu hareek?
Radio Euskadiren deia oxigeno boladea izan zan niretzako, JMC Radio lako irrati independientean eta Radio Popularrean urteak egin ostean. Amesa zan niretzako Euskal Herri osora heltzea eta ilusino eta gogo handiakaz ekin neutson beharrari. Hasikeran musikeagaz lotutako programea neukan baina arin hasi nintzan musikea eta bidaien ganeko pasadizuak buztartzen. Sasoi haretan, 'Levando anclas' esperimentua izan zan, lehenengo momentu hareetan dana zan barria eta dana egoan jorratzeko, Nikaraguako brigadistak alkarrizketatzea bidea urratzea izan zan, nazinoarteko alkartasunaren susperraldia etorren, indigenen mobimentua...; jakina, bidaien kontuetan ez egoan gaur egungo jokerarik, Himalaiara edo Andeetara joiazan mendizale gitxi batzuk baino ez, gaur egun bidaietarako eta abenturetarako jokera handiagoa dago; hasikerakoak imajinazinorako momentuak izan ziran baina, hara, 20 urte joan dira.
2. Programa bat antenan 20 urtetan eukitea ez da bromea. Zein da formula magikoa entzuleak ez nekatzeko eta gaien interesari, ilusinoari, emozinoari edo tensinoari eusteko?
Nik ez dakit zein izan daiteken formula magikoa. Programearen ezaugarrien artean, umiltasuna azpimarratuko neuke eta akaso, aurkezlearen presentzia ahalik eta gitxien igartea, izan be, konbidauak dira euren esperientziaren barri emoten dabenak. Aurkezlea bitartekari hutsa da eta esango deutsut sasoi baten ez nebala programan agertu gura. Formulea programearen filosofia be izan daiteke, hau da, bidaiaren ukutu erromantikoa, entzuleen artean ilusinoa sortarazotea, gogoa zabalik eukiteko proposamena, gaur egun 'urbanita' garan arren, gizakiok barruan dogun nomada sentimentua agertarazotea...; bidaiak egitea, kulturak ezagutzea danori gustetan jakun kontua da eta bidaiak egiteko aukerarik euki ez arren, bidaiarien esperientziak entzutea eta norberak imajinazinoa erabiliz, ames eginez bidaia egitea be sano interesgarria da.
3. 'Levando Anclas' bidaien ganeko programearen filosofia ilusinoa sortaraztea da baina zelako bidaiak eta bidaiariak aurkezten ditu Roge Blascok?
Gehienak anonimoak izaten dira eta oro har euren ilusinoa transmititzeko gogoa erakusten dabenak. Programeagaz horixe ezagutarazotea da asmoa, mundua ez dala gure bizilekua bakarrik danona dan etxe zabala baino.
4. Dana eginda emoten deuskuen sasoian, irudimena eta barru-gogoetak ez doguz abiarazoten normalean. Akorde zagozala amesetan egitea gustetan jatzu?
Bai. Gehiago landu beharko geunken arloa da duda barik. Programeagaz hasi nintzanean, belaontzi baten lau lagun bidaien ganeko kontuak kontetan ginoiazala imajinetan neban, giro hori sortarazo gura neban, amesetarako proposamena eginez; duda barik imajinazinoa edo sormena behar-beharrezkoa begitantzen jat. Hobetzeko ilusinoa, gogoa, buruari buelta batzuk emotea nahitaezkoa da edozein proiektu aurrera atarateko. Programearen kasuan, entzuleari sentsazino bat, ilusinoa ernarazotea da asmoa, munduan zehar diran arazo sozial edo bestelakoen ganean, entzuleen kontzientzietan eragitea eta pentsetan dot irratia oso tresna egokia dala horretarako. Suak be gauza asko transmititzen ditu, energia, irudiak..., badauka indar edo erakarpen berezia, sormenerako oso lagungarria da.
5. Musikazale amorratua eta itsosoa eta surfa maite dozuzala badakigu. Dana dala, bidaiakaz noiz hasi zinan gozetan?
Bai. Musika barik ezin naz bizi, astero erosten dodaz diskoak. Surfaren kasuan, bardin, antxinako zaletasuna da. Bidaien kontua be txiki-txikitan erne jatan pasinoa da; txikitan gurasoakaz eta aititagaz Citroen zahar baten Sevillara joaten ginaneko sasoiak ondo gogoan daukadaz. Gero, kubatarra zan eta ezagutu ez neban aititak be zeresan handia euki ebala pentsetan dot ze etxean, txikitatik entzun dodaz Kubaren ganeko kontuak. Ganera, umetan atlas bat ikus nebanetik uste dot hasi nintzala bidaietan pentsetan, hatzamarra arin ipinten neban edozein mapatan eta puntu haretara joateko gogoa bizten jatan. Ikasle sasoian be geografia eta historia ziran nire ikasgairik gustokoenak eta, geroago gazte denporan Europan zehar ibili nintzan. Ikasketak amaitu ostean, urtebeteko bidaia egitea zan nire amesa baina gaur egun oraindino nago horreri begira; beharbada, programa hau nire frustrazinoaren ondorioa be bada, nik egin ez dodana ausardia euki daben beste batzuen kontuakaz bete dodalako.
6. Hogei urtetan makinatxu bat gauza ikasiko zenduzan. Zer nabarmenduko zeunke?
Gauza asko ikasi dodaz bai baina zeozer nabarmentzekotan, bizitzaren aurrean gogoa edegita euki behar dala ikasi dot eta eskuzabal jokatzen, izan be, gu ez gara munduaren zilborra. Amesak egia bihurtzeko bidaiariek erakusten daben adorea be miresten dot, bizitzeari eta eguneroko zereginei poztasunez ekiteko erakusten daben indarra. Horrezaz ganera, munduko leku askotako jentea alkarrizketatzea be oso aberasgarria izan da eta, besteak beste, oinarri-oinarrian danok garala bardin antzekoak eta bardin antzean sentitzen dogula ikasi dot, kultura, ohitura, gizarte eta ekonomien gainetik. Bidaiari horreek sekulako energia transmitidu deustie.
7. Efemeridea ospatzeko orain arteko alkarrizketarik onenak berreskuratzen zagoz eta liburu bat argitaratzeko asmoa dozu.
Burukomin handia izan da baina nahikoa aurreratuta dago proiektua eta oraindino gauza batzuk lotzea falta bada be, laster argitaratzea espero dot. Aukeraketea egiteko ez dot erispide jakinik erabili baina alkarrizketa guztietan programearen espiritua jaso gura izan dot. Guztira, 24 bat alkarrizketa izango dira.
8. Liburuen harian, zer gurago dozu bidaia liburu bat ala nobela on bat?
Bueno, bidaia liburua gurago dot, ez dakit, gaiagaz lar obsesionauta nabil akaso. Nobelak be leiduten dodaz baina asko gustau behar jat engantxetako, bestela amaitu barik ixten dodaz liburuak. Sarritan aitatu dot 'Eh, Petrel', Julio Villarrena, programearen inspirazinoa izan zana, bihotz-bihotzean daukat. 'Buscando el sur', Raul Moralesen bidaia liburua, Jesus Lopez de Dicastillo nafarraren liburuak..., nabeganteen historiak be asko gustetan jataz, 'El principito' be ez dukat ahazteko eta zerrenda luzea daukat: ...Herman Hess, Tagore eta ekialdeko filosofiaren ganeko liburuakaz be asko gozetan dot, bidaiakaz batera, ekialdeko filosofia be pasino handia da niretzako.
9. Munduan zehar ibilitakoa zaitugu eta makinatxu bat bidairi ezagutu dozu. Anekdotak ugari eukiko dozuz?
Anekdota edo pasadizoen artean asko daukadaz eta orain barregurea eragiten badeustie be, momentu gogorrak eta larriak be pasau izan dodaz. Kubara dokumental batzuk grabetan joanda, Habanako Hotel Nacionalean gela bat goitik behera erre genduan kamerearen transformadorean izandako kortozirkuito baten ondorioz. Alarmeak jo baina hogei minutu beranduago heldu ziran Hoteleko beharginak eta ordurako dana egoan baltzituta eta erreta.
Guinea Ekuatorialean, barriz, droga trafikoaren salaketapean atxilotu ginduezan eta hasteko Dioco Islako kartzelan 15 eguneko kartzelaldia ezarri euskuen. Kontua da ze drogea barik kamaralariak haziak erosi ebazala amarentzat eta horrexek eragin ebela nahaste guztia. Ezustean, komisarioak garagardaoa erosten bialdu gintuan eta emon euskun 10 minuruko tartea gestinoak egiteko erabili genduan ze iges egin ezkero, polizia guztia atzetik joango jakun igeslariak ginalako. Zorionez, hango medikua, Mario, Hueskakoa da eta 10 bat urte daroaz bertan; beragaz eta herriko alkateagaz luze eta zabal berba egin ostean libre itxi euskuen mozkorraldi galantaren erdian.
Beninen be papelik barik sartu ginan eta Cotonou hondartzan irudiak ataraten gengozala poliziak atxilotu egin gintuan. Bederatzi ministerioetan ibili eta makinatxu bat buelta emon ostean, zorioneko baimenak lortu genduzan baina hortik aurrera funtzionario bat etorren egunero geugaz gure beharra eta gorabeherak kontroletako. Gizajoa estresak jota itxi genduan gure behar egiteko erritmoagaz.
10. Zein da antxinatik buruan jiraka daukazun bidaia eta oraindino egin ez dozuna?
Urtebete osoa hor zehar egitea gustauko litzakit, akaso munduari buelta osoa emotea eta gustoko lekuren baten geldialdi luzea egitea. Aukeratzekotan, Latinoamerika eta Afrika dira niretzako herrialderik erakargarrienak.
11. Christie's Etxeak 1859an David Livingstonek botila baten bialdutako mezua jarriko dau enkantean. Zenbat diru jarriko zeunke mezu hori eskuratzeko?
Egia esa behar badeutsut, ez jat interesetan mezu hori. Ez naz bape bildumazalea, mapa, liburu, disko eta holakoen bildumak egiteari ez deutsat zentzurik ikusten. Aitatu dozun karta hori eukitea gustauko litzakit, ez deutsut kontrakorik esango baina ez neuke diru askorik pagauko. Bizitza honetan dana da iragankorra eta gauza bakotxari merezi dauan balioa emon behar jako, ez besterik.
12. Diru gitxigaz bidaia onak egin daitekezala pentsetan dozu?
Bai. Nire programatik pasau diran gehienak diru gitxigaz sekulako bidaiak egin dabez. Berbarako, Jorge Sanchezek motxila txiki bat eta barruan hiru gantzontzilo baino ez dauz eroaten bere munduan zeharreko bidaietara eta oso diru gitxigaz joaten da. Historiako bidaiarik onenak diru gitxigaz egin dira baina ilusino handiagaz, hori da inportanteena.
13. Bidaietan dana ondo zehaztuta ala inprobisazinorako lekua ixtea gustetan jatzu?
Oinarri-oinarrizkoa preparauta eroatea gustetan jat baina, jakina, gauzak goitik behera aldatu daitekez lekuan bertan zagozanean eta momentuaren edo interesaren arabera, ez daukat ezelako arazorik planak aldatzeko. Bidaien esentzia zeozelan galdu egiten da ezustekorik barik.
14. Manu Legineche, Jesus Lopez de Dicastillo, Zigor Aldama, Roge Blasco...; kasu askotan, ogibide bihurtu da bidaia; holakoetan, gozamenerako aukera gitxiago dago?
Gitxiago ez, gehiago baino. Dana da barria niretzako, bidaia baten kontakizuna 3 edo lau aldiz entzun neike eta beti topetan dot zeozer barria. Nik gozau egiten dot nire beharragaz eta kanpora erreportaje bat egiten zoazenean be, dana intensidade handiagoagaz bizitzen dozula pentsetan dot. Zorionez, ez naz jausi errutina arriskutsuan.
Koldo Isusi Zuazo