Zinea  III. urtea // 50. zenbakia

'La mala educacion' ez da autobiografikoa, baina oso-osoan irudikatzen nau


PPri zuzendutako kritika zorrotzak

'Zurrumurru baten modura zabaldu dan gauza bat esan gura dot, konfirmetan bada sekulakoa izango dana; izan be, PP, zapatu gauean, estadu kolpe bat emotekotan ibili zan. Ez dot fina edo leuna izan gura. Kontua ez da harriak botatea, baina ikusi behar da zelan joan dan PP. Baina, demokrazia ostera be heldu da eta argi eta garbi egin geinke berba. Herriak urten dau kalera informazino eske eta, zorionez, hori ezin izan da gelditu'.

Antza danez, Almodovarrek Interneten bitartez zabaldutako mezu elektroniko bati egin eutson men. Eta hori guztia nazinoarteko kazetariz betatako gela baten aitatu eban.

Horren harian, esan beharra dago PPko buruzagiek guztiz guzurtau dabela barria, sinisgarritasuna kenduz. Rajoy PPko buruak, aldi berean, adierazo dau lotsatuta sentiduten dala aberkideei holakoak entzunda.

Joseba Terreros

Aurreko asteko martitzenean, Pedro Almodovar zinegileak 'La mala educacion' bere azken filma aurkezteko prentsaurrekoa emon eban, Fele Martinez, Daniel Gimenez Cacho, Javier Camara, Francisco Boira eta Lluis Homar pelikulako antzezle nagusiek lagunduta.

Almodovarrek hamar urte behar izan ditu 'La mala educacion' pelikulea amaitzeko; istorio honen bitartez, hirurogeiko hamarkadan ikastetxe erlijioso baten maitasuna, zinea eta bildurra ezagutzen daben ume biren barri emoten deusku. Aita Manolo, ikastetxeko zuzendaria, aurkikuntza horreen lekukoa izango da. Hiru pertsonaiak beste bi biderrez alkartuko dira, hirurogeita hamarreko hamarkadearen amaieran eta laurogeikoan. Topaketa horrek pertsonaia horreetariko batzuen bizitza eta heriotzea eragingo dau.

Manipulazino handia

'Errealidadea azaltzen da filmean, baina manipulazino handiagoa dago, fikzinoa errealidadearen manipulazinoa dalako, eta nik beti egin deutsat iges, ahal izan dodanik eta gehien, bai dokumentalari bai eta naturalismoari be. Filma ez da nire gomuten bilduma bat, baina, egia esan, ahor dago nire bihotza' adierazo dau Almodovarrek.

Pelikulan, zinegileak gogora ekarri dauanez, beraren bizitzearen garrantzi handiko etapa bi agiri dira. 'Ikastetxeko urteek eta laurogeiko hamarkadakoek garrantzi handia izan dabe nire bizitzan, eta sasoi bi horreen seinalea eta ukutua pelikulan ikusi daitekez. Hirurogeiko hamarkadako urteak ilunak izan ziran eta laurogeiko hamarkadakoak kolorez eta askatasunez beteak'.

'Nire bihotza pelikulan dago eta pertsonaia guztiakan, positiboenak eta negatiboenak kontuan hartuta; izan be, maila dramatikoan, beti sentidu dot bizitzea desio baten truke emoten daben lagunakanako emozino berezia, adibidez aita Manolo'.

Abadeen sexu abusuak

'La mala educacion' pelikulan hainbat abadek hirurogeiko hamarkadan egindako gehiegikeria sexualen gaia be jorratzen da. Krudelkeria hori ezelako estalki barik irudikatu dauala esan dau. 'Beti esaten izan da aitatzen ez dana ez dala existiduten, eta eleizeak kasu honetan oso jokabide argia izan dau. Joan XXIII. Aita Santuak, abusu horreen ganean egin eban berba, isiltasuna gomendatzeko. Beraren jarrerea ikaragarria da, horri jarraituz, abusuak izatea ez dalako bildurgarria, ezpada horren ganean berba egitea'.

Pedro Almodovar zuzendariak uste dau 'La mala educacion' filma 'La Ley del deseo' pelikula mitikoaren haritik datorrela. Eta azaldu gura izan dau: 'pertsonaiek egiten dabena desioagaitik egiten dabe, eta bidezkoa da desio horren truke pagetea eta sufritzea, gizakia holakoxea dalako'.