Kontrol bako farmazia elektronikoak
Erakundeak argitaratu barri dauan txostenaren arabera, sare elektronikoaren bidez erosi daitekezan narkotiko eta botiken eskaria ugaldu egin da. Izan be, berez errezeteagaz saldu behar diran botikak ha barik eskuratzeko aukerea eskaintzen dau sareak, eta egoereak aurrera segidu ezkero, arazo bat baino gehiago ekarriko leuke. Izan be, drogazaleak, tratamentu batera ohitu eta orain itxi ezin dabenak eta botikak etxetik erosteko ohiturea daukienak bidea libre topauko dabe produktu horreek kontrolik barik eskuratzeko.
NBEko Narkotikoen Kontrolerako Nazinoarteko Taldeak salmentea zorrotz kontrolau behar dala gogorarazo dau, eta besteak beste agintariei drogak egiteko erabilten diran produktuen ganeko neurriak zorrozteko aholkua emon deutse. Halan da be, danok dakigu sareak aukera asko emoten dauazala eta aholku horreri kasu egiteko kontrol-neurriak ipintea ez dala bape erreza izango.
Farmazia tradizionalek eurean negozioak kolokan ikusteko arriskurik ez daukie oraindino, ohitura barriak hartzeko denpora tartea behar da eta. Ganera, normalean sarearen bidez egiten diran erosketak ez dira lehenengo mailakoak izaten. Hau da, persona gitxik erosten dabez euren osasunerako derrigorrezkoak diran produktuak sarean. Gurago izaten dogu dogu etxe azpiko farmaziara joan eta urte asko botika artean daroazan adituagaz gure gatxen ganean berba egitea, beragaz daukagun konfidantzeari esker norbera be lasaitzeko, ehundaka itaun egin ostean.
Atxapunte
Nazino Batuen Erakundearen arabera, gero eta botika gehiago saltzen da sarean. Medikuntzea, beraz, aurrerapen teknologikoak dakartzan aukera barrietara egokitu da. Honaino dana ondo, baina... (kontu honeetan beti dago ‘baina’ren bat) salmenteak arazoa dakar, izan be, botika horreek errezetea beharko leukie farmazia 'tradizionaletan'.