Barriketan  I. urtea // 4. zenbakia - 2002ko bagilaren 15a - Hamaboskaria

'Minus': bazterrak astinduz

Rafa Rueda, PLT taldeko abeslaria

Broken Bihotz taldean ezagutu genduan orain urte batzuk, baina gaur egun pop musikea baztertu eta PLT taldean dabil Rafa Rueda mungiarra. Abangoardian bete-betean sartuta, rockaren arloan diran azkeneko jokeretan gustura dabilen taldea dogu. Salto handia musikearen munduan, baina handiagoak eta basatiagoak be ezagutu doguz. PLT taldearen arrakastea ukaezina da gazteen artean, eta oraintsu, urtebeteko geldialdiaren ondoren, patxadaz landutako 4. diskoa, 'Minus' izenekoa aurkeztu dabe.

1. Pop musikeak dirurik emoten ez ebala ikusita hartu zenduan beste proiektu bat sortzeko erabagia?

Erabagia ez genduan hartu diruak eraginda; proiektu horrek bere prozesu normala izan eban eta momentu jakin baten bakotxak bere bidea hartu eban, esatekoak edo adierazoteko guztiak esanda egozalako eta bide barriak jorratzeko preminea ikusi gendulako. Edozelan be, egia da badagoala egon hutsunea pop arloan eta talde gehiago behar geunkezala.

2. Euskal Herrian beti egon da musika talde piloa, baina gauzak goitik behera aldatu dira azkeneko urteotan; bakarlarien kontua bazterrean lagata, lehen Itoiz, Hertzainak, Delirium Tremens eta Zarama lako taldeak egozan punta-puntan; gaur egun, barriz, salbuespen batzuk tarteko, gazteek musika gogorra eskatzen dabe, jokera barriak sortu dira eta Su Ta Gar, Eraso, Asgarth, Idi Bihotz, Berri Txarrak edota PLT lako taldeak dira diskoak saltzen dituenak. Zergaitik?

Diskoen salmenten kontura, panoramea gero eta aldrebesago dago; pirateoak kalte handia egin deusku eta egia da talde gitxi batzuk baino ez dituela diskoak ugari saltzen. Egoera horren arrazoiak topetea ez da erraza; nik pentsetan dot, gizarteko ganerako esparruetan legez, musika arloan be boladak, zikloak, dagozala eta momentu honetan talde gogorrak dagoz punta-puntan, lehenago beste batzuk egon baziran be; horrezaz ganera, uste dot egoereak eta suberteak be badabela zerikusia kontu horretan; azken baten, motibo arrazionalik ez dagoala esango neuke.

3. Astean zenbat aldiz alkartzen da taldea entseiuak egiteko?

Bueno, urteko sasoia zein dan, gehiago edo gitxiago alkartzen gara. Gure kasuan, diskoa preparetan gagozanean, egunero egiten doguz entseiuak Bilbon, Iralan, diskoa plazaratu baino bi edo hiru hilebete lehenago hasita. Diskoa grabau ondoren, hilebete inguru emoten dogu egunero entsaioetan, eta behin kontzertuakaz hasten garanean, denporaldi batzuetan ez dogu saiorik egiten, ze kontzertuakaz nahikoa izaten dogu; beste denporaldi batzuetan, kontzertu gitxiago dagozalako-edo, astean birritan edo hirutan alkartzen gara.

4. Hasikerako pausuak gogorrak izaten badira be, PLT taldearen ibilbidean emoten dau erraz lortu zenduela jentearen eskerrona.

Pentsau lei baietz; guk suberte handia izan genduan, izan be, lehenengo diskoko 'Hil da Jainkoa' kantua sekulako bonbazoa izan zan eta horrek bidea zabaldu eta erraztu euskun. Dana dala, anekdota moduan ikusten dot, taldekook ez genduan pentsau kantu horrek holako arrakastea izango ebanik; gu geu be harrituta gagoz kantu horrek izan dauen oihartzunagaz. Euskal Herritik kanpo kontzertu asko emoten badoguz, neurri handi baten 'Hil da Jainkoa' kantuaren arrakasteagaitik da.

5. 'Hil da Jainkoa', 'denbora', 'gau ero batean' edo 'errautsak' kantuak klasikotzat hartu geinkez, baina lehenengo hirurak kontuan hartuta, esan leiteke hirugarren diskoak harrera hobea izan ebala zaletuen artean?

Bai, bai. Lehenengo diskoak erantzun sano ona izan eban; baina lehen aitatutako kantuak gure estiloa larregi mugatzeko arriskua eukala ikusi genduan, eta bigarren diskoan gauzak asko aldatu genduzan apropos; izan be, bide esperimentalean sartu ginan, eta askozaz disko gitxiago saldu genduan. Hirugarrenak, barriz, harrera ona izan eban. Dana dala, guretzat disko guztiak dira garrantzitsuak.


6. Taldekideen joan-etorriak tarteko, urtebete inguru geldi egon eta gero, martxan barriro; azkena beti onena izaten dala entzun izan dogu sarri. Kolaborazinoak be piloa izan dozuez. Zelakoa da 'Minus' izeneko diskoa?

Urtebete sabatikoan egon gara, batez be guk geuk arnasea hartzeko, bost urte gelditu barik ibili ondoren eta urtean 50-60 kontzertu emon eta gero; ganera, gure zaletuek be nasaitasun apur bat behar ebela pentsau genduan. Horrenbestez, urtebetean behintzat 'geldi' egotea erabagi genduan, baina entsaiuakaz jarraituz. Kontua da, herririk herri ibiltea eta furgonetearen dinamikea barru-barruan daroagula, eta horrenbeste denporan hori barik egotea gogorra izan dala, eta tarte luze horretan aldaketak egon dirala taldean: bajistea Madrilera joan zan biziten eta David Gonzalez bilbotarra sartu zan taldean; teknikaria eta estudioa aldatzea be erabagi genduan, eta orain arte Tio Peten eta Jose Lastragaz behar egin badogu, orain, barriz, Garate Estudioetan grabau dogu diskoa Haritz Harreguygaz. Elementu barri horreek guztiak akopletea ez da gauza erraza izan, baina orain oso gustura gagoz diskoagaz.

Minus diskoan, indarraren eta melodiaren arteko orekea lortu dogu, eta ahotsak garrantzi handia dauka, beste diskoetan baino landuago dagoalako. Beste alde batetik, kantu guztiak nahikoa luzeak dira, bost minututik gorakoak, eta hori estudioan izan dogun behar egiteko moduagaitik izan da, ze oraingo honetan kantuak lokalean sortu doguz inertziari leku eginaz eta, beraz, kantuak ia-ia berez amaitzen ziran.

Kolaborazinoak be asko izan dira, danak lagunenak: Aiora Renteria, Zea Mays taldekoa, Mikel Urbeltz, bibolin jolea eta Sergio, Eraso taldekoa; hitzen aldetik, normalean neuk idazten dodaz kantuen letrak, baina norberaren burua larregi biluztea be ez da komenidu eta, horregaitik, lagun batzuei proposatu geuntsen hitzak idazteko: Unai Iturriaga, Igor Elortza, Kirmen Uribe, Jon Maia eta Txuma Murugarreni hain zuzen be. Benetan bitxia izan da, ze Txuma Murugarrenek eta Igor Elortzak izen bera jarri eutseen euren kantuei eta gero aldatu egin behar izan genduzan.

7. Zuzenean asko ibilitako taldea da PLT, baina esango neuke kontzertuetara joateko ohiturea be galdu dala eta banaka batzuk baino ez dabezala plazak beteten; alde horretatik, igarri dozue aldaketarik?

Lehen antzeko kontzertu kopurua egon arren, jenteak dibertiduteko aukera gitxiago eukan eta ia-ia kontzertuetara joatea besterik ez egoan. Orain, Internet eta bestelako aukera batzuk dagoz eta jentea gehiago sakabanatzen da. Orain, beharbada, kontzertu gitxiago dagoz, baina irakurketa positiboa egiten dot, kantidadea gitxitzen danean kalidadeak, normalean, gora egiten dau-eta. Zorionez, guk gitxieneko neurri horri eusten deutsagu.

8. Euskal Herrian eta kanpoan asko ibilitako taldea da PLT. Anekdotak be ugari izango dozuez

Bai, anekdota asko bizi izan doguz. Orain lau urte, Festimad Jaialdian egon ginan joten, eta kontzertua amaitu ondoren, Agoitzeko nafar batzuekaz alkartu, gau osoa parrandan emon eta kriston mozkorra harrapau genduan. Goizean goizetik, ostera, zelan edo halan furgonetea topau eta Burlatarantz joan ginan, ze arratsaldean kontzertua geunkan bertan; halako baten, bide bazterreko kafetegiren baten berbetan gengozala, ez dakit nork itaundu eban: inork dirurik hartu dau?; kontua da, ba, kobrau barik alde genduala Festimad haretatik...

9. Rock and Rollak dirurik ez ebala emoten entzuten genduan antxina. Zuon kasuan, profesionalak zarie?

Taldean ez gara danok profesionalak. Ni neu bai, ze musikeak emoten deust jaten, baina egia da rock and rollak ez dauela diru askorik emoten, kasu banaka batzuk kenduta. Gauzea ondo neurtu behar da ze bolada onak eta txarrak egoten dira, eta sasoi txarretarako gordeten be jakin behar da. Ni neu musikan eta beste saltsa batzuetan sartuta nago, eta oso gustura ganera.

10. Pop musikan gairik nagusienetakoa maitasuna izaten da, baina zuon kasuan zeintzuk izaten dira gairik erabilienak?

Nik pentsetan dot era guztietako gaiak erabilten doguzala: batez be gure inguruan ikusten doguzan gaien ganean idazten doguz kantuetako letrak: anekdotak, maitasuna, gorrotoa, indarkeria, gai sozialak, egoera politikoa...

11. Musikan eta musikagile lez, noraino heltzeko prest zagoze?

Beti gagoz prest edozertarako, onerako bada behintzat. Nire kasuan, horretan nabil, eta urte batzuk barru etorriko da beharbada balantzea egiteko ordua. Batek daki non amaituko dogun!

12. Etxekoek, lagunek eta, batez be, musikeagaz loturarik ez dabenek, zelan hartzen dabe zuon jarduerea?

Askotan egin dogu berba gai honen ganean. Guk denpora gehiago pasetan dogu taldekideakaz koadrilako lagunakaz edo etxekoakaz baino, eta nahikoa bitxia izaten da astegoien bat libre hartzen dozunean eta herrira lagunak bisitetan joaten zaranean; izan be, sekulako aldeak ikusten doguz, eta deskonekzinoa be handia izaten da; nik 29 urte daukadaz eta nire koadrilako lagunak beste plano baten dagoz: batzuk ezkonduta, beste batzuk seme-alabakaz, eta orduan pentsetan dot neurri baten nahikoa martzianoak garala.

13. Zu zeu, Rafa, Euskal Filologia ikasten hasi zinan. Amaitu zenduan, barriz, karrerea?

Klaseetara gitxi be gitxi joaten nintzan, baina karrerea amaitu egin neban, lizentziatura eta guzti Deustuko Unibersidadean. Musika ikasketak be egin nebazan eta kitarra klasikoan karrera osoa egin neban.

14. Uda sasoia musikarientzat beharrerako sasoia izaten da; pare bat egun libre harrapau ezkero, nora egingo zeunke eskapadatxu bat?

Normalean Mungiara joaten naz zerbeza batzuk edan eta lagunakaz egoteko, baina denpora apur bat gehiago izan ezkero, mendira edo kostaldera joatea gustetan jat, uri eta herri nagusietatik kanpo.

15. Edozelan be, kontzertuen denporaldia amaitu ondoren, nora joaten da oporretan Rafa Rueda?

Txuma Murugarrenen diskoan parte hartu ondoren, New Yorkera joan nintzan igaz, eta Bin Ladenen lagunek torre bikiak bota ebezanean, bertan subertau nintzan; hamar egunetarako joan eta bost egun beranduago hartu neban bueltako hegazkina; ordutik, Londresera joateko gogoa be izan dot, baina pentsaurik Big Ben izan daitekela hurrengo helburua, oraindino ez naz joan.

16. Telebista ikusteko astirik izaten dozu? 'Operación Triunfo' lako programen preminarik ikusten dozu Euskal Herrian?

Etxean ordu gitxi pasetan dodaz eta gaueko orduetan telebistearen aurrean jesarten nazanean, momentuan dagoana ikusten dot besterik barik. Operación Triunfo programearen inguruan, nik esan behar dot eredu horretako lehiaketek ez dabela arteagaz edo musikeagaz zerikusi handirik, eta beste zeozertarako atxakia baino ez dirala. Nik gazteria eta kulturea bideratzeko gobernuak zuzendutako kanpaina bat ikusten dot atzean eta, kasu honetan lez, telebista kate publikoa erabiliz. Operación Triunfo lako programak dinamika horretan sartuta dagozala esango neuke eta, beraz, Euskal Herrian ez dogu holakorik behar.

17. Irakurteko zer izaten dozu gurago, egunkari bat ala liburu bat?

Egoerearen arabera beti. Nik egunero irakurten dot: gosaltzeko ezinbesteko tresnea da niretzat egunkaria, baina liburuak be hartzen dodaz nasai egoten nazan momentuetan-eta. Aukeran, liburua hartuko neuke, ze periodikua ohiturea baino ez da niretzat.

18. Zure gustuko euskal musika talde bat.

Musikazale amorratua naz eta ez deutsut izen bakarra emongo. Asko gustetan jataz Zea Mays, Lizabo edo Ruper Ordorika bera, baina zerrenda guztia aitatu behar baneu, orrialde asko beteko zeunkez.

19. Kanpoko musika talde bat.

Kanpokoen artean be bardin. Kasu honetan be hiru aitatuko deutsudaz, eta ziur nago bat baino gehiago zur eta lur geratuko dala: Bjork, Van Morrison eta Jeff Buckley. Hiru kasuotan, ahotsaren indarrak itzel erakarten nau. Azken boladan gehien entzuten dodazanak dira horreek, baina talde eta bakarlari piloa aitatu neike.


PLT Taldearen hurrengo kontzertuak:

- Bagilaren 21ean, Hernanin.
- Bagilaren 28an, Arrosan (Euskal Herria Zuzenean).
- Garagarrilaren 5ean, Mungian.