'Euskal Herritar Unibersala' Saria
Holan ba, laster jakingo dogu euskaldunon artean nor dan ‘euskaldun unibersala’. Izan be, antza danez, gaur egun edozein arlotan nabarmentzeko eta oparotasun hori jenteak balorau dagian etxetik urrun bizi eta lan egin behar da. Amumaren baserriko beheko-suaren berotasunak aurpegia gorri-gorri ipintea gustetan jakunok, barriz, gatx eukiko dogu erroetatik urrun denpora luzez bizirautea. Baina horregaitik bakarrik ez dogu balorazinorik merezi? Egia da ‘bertoko’ hainbat sari egon badagozala, baina ‘unibertsal’ horrek danen artean garrantzia gehien daukala emoten dau. Zeozelan esatearren, sari horrek kategoria gehiago dauka antza.
Aurreko edizinoetako saridunak Laboa Monsinorea, Eduardo Txillida, Donostiako Orfeoia, Jorge Oteiza, Pedro Miguel Etxenike, Juan Oiarzabal, Jon Sobrino, Pablo Mandazen (Gines anaia), Xabier de Irala, Ainhoa Arteta eta Martin Ugalde izan dira. Aurten, hautaagaien zerrendea ahalik eta osotuena izateko asmoagaz, Eusko Jaurlaritzeak Euskal Etxeei proposamenak eskatu deutsez, baita alkarte batzuri be. Iradokizunak martiaren 26a baino lehenago bidali beharko dabez saria antolau daben erakunde batera zein bestera.
Itxarotea besterik ez dogu behar 2003. urteko sariduna nor izango dan jakiteko. Bitartean, hartu gogoan gure lurretatik kanpo daukazuezan lagunak eta familiakideak, horreek bai diralako ‘euskaldun unibersalak’.
Saioa Torre Gereketa
Urteko Euskal Herritar Unibertsala Sariaren VII. Edizinoa martxan dago. Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaren eta Euskadiko Kutxaren eskutik jatorku ekimen hau. Sariaren helburu nagusia Euskadiren irudia gure mugetatik kanpo zabaldu daben personak, enpresak eta alkarteak aintzat hartzea da. Horregaitik ba, 2003. urtean zehar egindako lana hartuko dabe kontuan, beti be bizitza osoan egindako ahaleginak ahaztu barik.