Musikea  III. urtea // 50. zenbakia

Liverpool Institute for Performing Arts zentroak Jabier Muguruza musikaria konbidau dau


Jabier Muguruza

Jabier Muguruza 1960an jaio zan Irunen, eta bost urtegaz hasi zan musika munduan. Akordeoiagaz kontzertuak emoten urteetan ibili ostean, proiektu desbardinetan parte hartzen hasi zan, bai rock arloan zein kantautore legez: Zarama, Imanol, Kortatu, Antton Valverde, Xabier Lete, Delirium Tremens...

1989an, bide personalago bati ekinez, umeentzako diskoa grabau eban "Ja, Ja" izenekoa (IZ, 1989). 1990ean Les Mecaniciens pop taldea sortu eta hiru lan kaleratu ebezan: "Erabakia" (Elkar, 1990), "Ia Xoragarria" (Elkar, 1992) eta "Euskadi jende gutxi" (Esan Ozenki, 1993).

Era berean, Joxe Ripiauren partaide be izan zan, taldearen sorreratik 2000. urtean desegin zan arte.

Kantautore ibilbideari 94an ekin eutson "Boza barruan" (Elkar 1994) diskoagaz; hortik aurrera beste bost grabau ditu, azkena "Enegarren postala" (Resistencia, 2003). Testuei jagokenez, Muguruzarenak berarenak dira batzuk, eta ganerakoak, Iñaki Irazu, Joseba Sarrionandia, Bernardo Atxaga, J. Luis Padron, Inazio Mujika, Xabier Lete eta beste batzuenak.

Saltsa askotan ibiltakoa dogu Jabier Muguruza, Bernardo Atxagaren obra ardatz dauan "Nueva Etiopia" disko-liburuan (El Europeo, 1996) parte hartu eban Ruper Ordorika, Mikel Laboa, Gari, J. C. Perez eta J. Tapia kantariakaz. Bestalde, Jackson Browneri eginiko "Cantame mis canciones" disko omenaldian be partaide izan zan Kiko Veneno, Luis Eduardo Aute, Loquillo, Mª del Mar Bonet, eta Angel Petismegaz batera.

Azken urteotan, Jabier Muguruzak Euskal Herritik kanpoko zirkuitoa zabaltzea lortu dau eta kontzertuak emon ditu, besteak beste, Madrilen, Zaragozan, Andaluzian, Asturiasen, Galizian eta Katalunian. Hori gitxi ez bada, Marokoko musikariakaz be kolaboretan dau.

Literaturearen arloan, 90. hamarkadearen hasieran Emak Bakia literatur klubeko sortzaile izan zan, beste hainbat idazle eta musikarigaz batera. Klubak Garziarena fanzinea eta liburu sortea argitaratu ebazan. Hortik aurrera, umeentzako zein helduentzako sei liburu daukaz argitaratuta eta komunikabideetan be kolaboretan dau.

Bizkaie!

Paul McCartneyk 1995ean sortu eban Liverpool Institute for Performing Arts (LIPA) institutuak Jabier Muguruza kantautorea konbidau dau. 1996tik, Estadu espainiarreko interpreteen eta institutuko ikasleen artean errepertorioa zabaltzeko lanean dabil, Trebakuntza edo Ikasketa Musikalen eta Espezializazino Altuko Beken bitartez. Urtero, eta azken ikasturteko klase praktikoen artean, institutuak artista bat konbidetan dau bere obra aurkeztu eta garatzeko Musika Modernoko ikasle on eta bikainenakaz.

Modu honetan, Muguruzak bi emonaldi eskainiko ditu Britainia Handian, LIPAko ikasleakaz batera, horreetako bat Liverpoolen eta bestea, segurutik, Manchesterren. Ganera, maiatzean Euskal Herrian izango dira, Gernikan, hain zuzen be.

George Harrisonek eta Paul McCartneyk LIPA institutuan ikasi eben, Liverpoolgo Mount Street kalean. 1980an hezkuntza zentro legez zarratu egin eben, eta agintariek behera botateko agindua emon eben arren, McCartney buru izan eban kanpaina batek suntsiketea ebitau eban.

Beatle ohiak eraikina erosi, barritu eta modernizau ondoren, 1995an LIPA sortu eban. Bere babesleen artean dagoz, besteak beste, George Martin, Richard Branson, Cameron MacKintosh, Alan Parker, David Puttnam, Vangelis, Mark Knopfler, Carly Simon, Gillian Lynne eta Toyah Willcox.

Bere ohiko klaseez ganera (horretarako 30 irakasle ditu), LIPAk Master Class ezagunak eskaintzen ditu ikuskizunaren eta industria musikalaren ordezkari ezagunekaz. Gauzak holan, orain arte, besteak beste, Brian Eno, Lou Reed, Jah Wobble, Rick Wakeman, Jose Feliciano, Tracy Chapman edota Knopfler pasau dira bertatik.