Jan-edanak  III. urtea // 50. zenbakia

Mikel Garaizabal: 'Merkatuan 6 euro baino gitxiagoko ardao onak asko dagoz'


1.- Lehenengo eta behin, zorionak Mikel, sari hau eskuratzeagaitik. Zer ekarriko deutso Gourmand sariak zure ibilbide profesionalari?

Mila esker. Lehenengo eta behin satisfazino personala. Azken finean niretzat eta nire lan taldearentzat eginiko beharraren errekonozimentua izan da. Beste herrialde bateko epaimahai batek zure lana baloreteak asko poztu gaitu. Sari honegaz Euskal Herritik kanpo urtetako aukera eukiko dogu eta ganera ate asko zabaltzea espero dot.

2.- Zein da liburu honegaz bete gura dozun helburu nagusia?

Nire helburu nagusia, ardao ekoizleen artean edo ardao aditu, enologo, sommelier eta kaletar arrunten artean (eurak dira eta ardaoa edaten dabenak) zubi bat eregitea izango litzateke. Aspaldi konturatu nintzan mundu honetan gabiltzanok hizkuntza eta teknizismo gatxa erabilten dogula eta akaso kaletarrentzat liburu arina eta errez aitzekoa falta zala. Honegaz ez dot esan gura gaur arte ez dala ardaoen ganeko liburu onik egon. Merkatuan ardao liburu oso onak dagoz, baina nahikoa teknikoak dira edota adituentzat beren beregi egindakoak.

3.- Egiguzu Euskal Herrian daukaguzan jatorri izendapenen azalpen laburra.

Bizkaiko txakolina: azken 10 urteotan gehien aldatu dan lurraldea (onerako), orain dala gitxira arte, normala izaten zan txakolin zikinak eta oxidatuak topetea. Gaur egun asko hobetu dogu baina ezin gara lokartu.

Arabako txakolina: Jatorri Deitura oso gaztea (2001. urtean jaioa). Astiro-astiro baina produktua hobetzen doaz.

Getariako txakolina: zer esan Jatorri Deitura honeri buruz, eurak izan ziran eta txakolina berreskuratu ebenak.

Araba Errioxa: erreferentzia mundu osoan. Daukan lurrarengaitik, kokapenagaitik eta klimearengaitik munduko lurralderik onena mahatsondoak landatzeko; duda barik hori guztia igarten da gero ardaoen kalidadean.

Nafarroa: oso handia eta zabala; bertan egiten dabezan ardaoakaz ezusteko handiak hartu doguz azken aldian, hau da, ardao gorriak eta sueltoko ardaoak egitetik kalidade handiko ardaoak egitera pasau dira.

Irulegi: akaso ezezagunenak eta arraroenak hegoaldean, batez be, ez dagozalako ohituta gure gustoakaz; hori bai, esan beharra daukat Baigorriko bailara horretan hasi ginala euskaldunok ardoa ekoizten.

Cava: Euskal Herriko 5 herritan egin daiteke (Nafarroan: Vianan eta Mendavian eta Araban: Moreta, Oion eta Guardian. Oso gitxi produziduten da eta bere kokapena merkatuan oso testimoniala da.

4.- Zer gurago: aurrerapen teknologikoei esker lortutako kalidadeko ardaoa edo modu tradizionalean ataratakoa?

Ardaogintzea azken boladan asko kanbiau da. Gaur egun mahastiari emoten jako garrantzia. Enologoaren beharra mahastia landatzen dogun momentutik botilea merkaturatu arte dagozan pausu guztiak kontroletea da, eta egia esan aurrerapen teknologikoakaz, hotz sistema eta enparauakaz asko hobetu da ardaoen prozesua eta kalidadea bera.

5.- Zelan ikusten dozu ardaoaren kulturea garagardoaren konsumoak gora egin dauan garaiotan?

Ni garagardoak ez nau asko arduratzen nahiz eta jakin garagardoaren kulturea be oso aberatsa dala; gehien arduratzen nauana beste edari baten konsumoa da: pattar eta likoreak freskagarriakaz nahastauta lortzen dan edaria hain zuzen be. Zeozer egin beharko litzateke gazteen artean ardaoren kulturea zabaldu eta indartzeko.

6.- Zer deritzozu ardaoen prezioei?

Merkatuan danetik dago eta kalean ahalmen ekonomiko desbardineko jentea; duda barik eskaintza ahalik eta zabalena izatea positiboa da, bakotxak gura edo ahal dauana erosi dagian; nire eretxia emon behar badeutsut sentsazino oso aberatsak sentidu beharko neukez ardao botila bat 30 euro baino karuago pagetako. Merkatuan 6 euro baino gitxiagoko ardao onak asko dagoz.

7.- Zein ardao aukeratu zenduan saria ospatzeko?

Saria afari-gala baten emon eustien eta egia esan afarian Frantziako Champagne bategaz ospatu neban, horrexegaz hasi eta amaitu genduan afaria eta, benetan, zoragarri egoan.

Saioa Torre Gereketa

Hogei urte eskas eukazala ostalaritza ikastea erabagi ebala jakinda aitu dogu Mikel Garaizabaleri jan-edanetarako jokerea barru-barrutik jatorkola. Halan da be, orokortasunean geratu baino gurago izan eban produktu batean espezializetea: ardaoa. Elorriokoa izanda beharbada jaiotzez pasino hori ez jatorkon arren, Jainkoen edariari arin igarri eutson Garaizabalek magia berezia. Ordutik aurrera gogor ekin deutso bere lanari eta Guardian enologia eta mahastizaintza ikasi eta Madrilgo Merkataritza Ganbaran sommelier ikasketak egin ostean, liburuak idazteari be ekin deutso. Lehenengo argitalpenean ardaoen ganeko gida praktikoa eta hiztegia eskeini euskuzan. Bigarrena ‘Euskal Herriko Ardoak-Vinos de Euskal Herria’ izenburuagaz plazaratu eta bere kategorian munduko liburu onenaren saria jaso dau ‘Gourmand World Cook-book’-en eskutik. Euskeraz eta erderaz idatzitako liburuaren sarreran Euskal Herrian daukaguzan zazpi jatorri izendapenen ganean egiten dau berba. Baina Mikel Garaizabalek berak hobeto emongo deuskuz azalpenak.