Jauntxoen gordeleku
Bizkaiko torretxeak
Bizkaian zehar ikusi geinkezan torretxeak, normalean, lauki formea eta harriz egindako horma lodikoteak daukiez. Horma horreetan erabilitako harriak neurri desbardinetakoak izaten ziran eraikin gehienetan, baina badira neurri bardineko harriak, edo harlanduzkoak be, berbarako Zamudiokoa. Ez daukie bentana handirik eta atea normalean bakarra izaten da, nahiz eta batzutan bigarren ate bat agertu. Bigarren ate hau lehenengo pisuan egoten da eta bertora heltzeko eskailerak behar izaten dira. Azken ezaugarri horreek bai emoten deutsie torretxeei defentsarako erabilera aproposa. Amaitzeko, eraikinaren txapela edo teilatua, harrizkoa izan daiteke, balkoi edo terraza antzekoan amaituz, baina gehienak egurrez eta teilaz egindako teilatu arrunta daukie.
Barrualdean, hiru pisutan banatzen ziran normalean torretxeak. Danak ez ziran bardinak, baina normalena izaten zan behean, abereak, eskaratza, eta gudari jagoleak egotea. Lehenengo pisuan jaunarentzako bizilekua eta goiko pisuan zerbitzariak eta jatekoak.
Gaur egun, aitatutako torretxe gehienak tente jarraitzen badabe be, egoera desbardinetan dagoz. Batzuk ondo jagonda, berbarako AbadiƱoko Muntxaraz torretxea. Beste batzuk egoera eskasean dagoz, gotik behera aldatuta edota baserri bihurtuta, edo etxez inguratuta edo ia guztiz jausita. Azken egoera horren erakusle, Urdaibaikoa, bakar bat aitatzekotan. Gero, badira tamalez, galduta diran beste asko, geure herriko hainbat kontu eta istorio, eurekaz tragau dabezanak.
Asier Madarieta,
Abertzaletasunaren Museoko Teknikaria
Gure herrietan hainbat torretxe edo jauregi dagoz. Gaurko honetan euretariko batzuen gainean egingo dogu berba.
Inguruan daukaguzan torretxe gehienak, XIII eta XV. mende bitartean dagoz eregita, segurutik, erdiko urteetan, hau da, XIV. mendea izan daiteke susperraldiarena. Beraz, 1300etik 1400era doazen urteetan eregiko ebezan torre gehienak. Holan dinoskue behintzat, jauregi horreetariko batzuetan agertzen jakuzan gotiko erara egindako lehio eta ateek.
Urte honeetan, Euskal Herri osoa Handiki edo Ahaide Nagusien gerran sartuta egoan. Bizkaian be familien arteko burruka horreek, hainbat eta hainbat ezbehar ekarri ebezan, hortik ba, gero eta torre gehiago eregiteko gogo hori. XV. mendean, Espainian Errege Katolikoek, hau da, Isabel eta Fernando erregeek agintea hartu ebenean, euren helburuetariko bat, aurrez aurreko horreekaz amaitzea izan zan, horretarako, anaiartekoak edo Hermandadeak sortuz, jauntxuak euren menpean hartuta. Holan pentsau eta holan lortu eben: 1498. urterako galazota egoan torre barriak egitea.
Gauzak holan, torretxe edo jauregiak eregiteko jokera hori pare bat mendeko kontua izan zan. Halan da guztiz be, torre ederrak daukaguz bazterretan; guztira, esan geinke 160 bat dirala Bizkaian oraindino tente dagozan holako etxeak. Gehienak Enkarterrin daukaguz, herena zehatz esateko Bizkaia osokoak kontuan hartuta.
Gorago esandako moduan, gerra sasoian eregi ziran torretxe gehienak eta euren kokapena ikusita, ez dagoz tontorretan jarrita, gerrako helburu estrategikoetarako logikoena izango litzateken arren. Kontua da ze gerreaz aparte, beste helburu batzuk be hartzen ebezala kontuan torretxea eregiteko, besteak beste, norberaren burua erakusteko gogoa eta, jakina, helburu ekonomikoak be ezin ahaztu, izan be, torretxeagaz lotuta agertzen dira ola, errota eta burdinolak; horregaitik, torretxeak erreka bazterretan agiri dira kasu askotan.
Torretxe edo jauregiak aitatzen genduzan artikulu honen hasikeran, baina ez daigun pentsau, pelikuletan ikusten doguzan jauregi modukoak zirala. Etxe honeen ganean idatzi daben batzuentzako, torretxeak, “hazitako baserriak” baino ez dira. Beste aditu batzuen ustez, barriz, gerrarako preparautako baserriak baino ez ziran; era horretako adibideak Zeberion eta Gordexolan daukaguz.