Cachorro
Miguel Albaladejok zuzendutako film honetan dentista homosexual baten estuasun eta bizipenak kontetan dira, bederatzi urteko Bernardo izeneko lobearen ardurea derrigorrean hartu behar dauenean. Aita modura jokatuko dauen zeregin barria dala eta, portaerea eta jokabideak aldatu behar izango ditu, umeari eredu zuzen eta egokia transmitiduteko.
Beraz, film honetan familia gatazka baten barri emongo deuskue, bide batez homosexualidadearen gaiari disimulu eta jira-bira larregi barik oratuz. Abiapuntua hori izan arren, astiro-astiro, aldarri, drama, heroi eta persona zital barik, pelikulea giza hartu-emonen gaian sakontzen joango da arian-arian, homosexualidadearen ganeko estereotipo asko hausiz eta personen sexualidadeari jagokon garrantzia emonez, hau da, intimidadearen eremuan kokatuz.
Alde horretatik, filmaren mezua egoki-egokia da, personen gizatasuna ezin dalako neurtu bakotxak ohean egiten dauenaren arioan; edozelan be, filmak batzuetan erritmoa galdu eta noraezean dabil; hainbat pasartetan ez dakigu barre edo negar egin behar dogun eta familiarteko iskanbilea hariltzeko modua sano gorabeheratsua da. Hutsuneak hutsune, gizarte errealismoan oinarrituriko istorio honen intimismoa, mezua eta, oro har, osotasuna sano interesgarriak dira.
Joseba Terreros
- Zuzendaria: Miguel Albaladejo
- Herrialdea: Espainia
- Iraupena: 99 minutu
- Antzezleak: José Luis García-Pérez (Pedro), David Castillo (Bernardo), Diana Cerezo (Lola), Mario Arias (Javi), Arno Chevrier (Manuel), Josele Román (Gloria), Elvira Lindo (Violeta), Empar Ferrer (Dña. Teresa), Félix Álvarez (Dani)...
Gidoia: Miguel Albaladejo eta Salvador García Ruiz