Interneteko konekzinoen mundu barria
Beste alde batetik, badago egon Interneten sartzeko beste bide bat be: Wi-Fi sareak, kable bako sareak. Honako sareok Donostia, Sopelana eta Oñatiko udaletxeek bultzatu gura dabez. Lehenengoa Sopelanako herria izan da: Euskaltel-en laguntzinoagaz hondartza inguruetan eta udal-lokal bitan antenak ipiniko ei dabez. Oñatin be antzekoa egin gura dabe: zazpi “hotspots” sortu gura dabez (“hotspot” izeneko hau kable bako konekzinoak egiteko preparauta dagoan lokal bat da). Gipuzkoako uriburuan, Donostiako Udalaren asmoa da Kristina Enea parkearen inguruetan edozein laguni Interneten sartzeko aukerea emotea (lehen pausua baino ez da hau, gero Boulevard, Alderdi Eder, Alde Zaharra, Urgull mendia eta hondartzetara be zabaldu gura dabe). Donostiako Udalaren asmoa da zerbitzu horreengaitik zeozer kobretea, beste udal bien kasuan (Sopelana eta Oñati) dobaneko zerbitzua izango dan arren. Eta hor dago 'arazotxua', izan be, estaduko CMT, Telekomunikazinoen Merkatuaren Batzordearen esanetan, dobaneko zerbitzuak konpetentziaren kontra doaz eta diru publikoakaz ezin da holako zerbitzurik pagau; kontuak kontu, udaletxeon ideia hau ez da bape begi onez ikusten CMT horren aldetik eta beharrezko lizentzia guztiak, barriz, berak emon behar ditu...
Gaiaren harian, udaletxeakaz jarraituz, Donostiakoa Euskal Herri mailan soft librearen alde egin dauan lehenengoa izan da. Alderdi politiko guztiak ados jarri dira honetan eta udal informatika zentroari (udaleko informatika zerbitzua eskeintzen dauan erakundeari) soft librea erabilteko aukera guztiak ikertzeko eskatu deutsie. Donostiako udalak ia 1.000 ordenagailu eta 50 serbidore daukaz. Euskal Herri mailan, bai Nafarroako Gobernuak, bai Eusko Jaurlaritza eta baita Bizkaiko Foru Aldundia be kode edegiko programen alde agertu dira baina udal-arloan orain arte ez da pausu garbirik izan. Udal mailan, kasurik ezagunena Munich-eko Udalarena izan da, bertan euren 14.000 ordenagailu Linux-era pasauko dabezalako.
Gotzon Plaza
Teknologiaren negozio honetara gero eta enpresa gehiago sartzen dira. Bizitza guztiko enpresak kenduta, lehenengotan arrarotzat joko doguzanak be arlo honetara mobiduten hasita dagoz; horreetariko bat Iberdrola enpresa elektrikoa da.
Izen hori entzuten dogunean, argiagaz, argi-indarragaz eta holako arloakaz lotzen dogu eta ez, ostera, Internet munduagaz. Dana dala, enpresa hau aprobak egiten egon da Valentzian eta antza gauzak ezin hobeto joan dira; honako barri hau zabaldu dau Iberdrolak: aurrerantzean Internet-era konekzinoa lortzeko ez dogu beharko telefoniako kablerik (gure etxean edo beharrean, ordenagailua edo hobeto esanda, modema kable batez telefonoaren entxufera konektetan dogu eta hortik Internet-era sartzen gara); hemetik aurrera nahikoa izango da gure modenaren kablea argi-indarreko entxufe normal baten konektetea.
Iberdrolak iragarri dau, prest dagoala teknologia horren bitartez 120.000 bezerori euren zerbitzua eskaintzeko, oraingoz Zaragoza eta Bartzelona inguruetan. Teknologia hau PCL “Power Line Communications” izenagaz ezagutzen dogu eta bai datuak eta bai ahotsa be kable elektrikoetatik eroateko aukerea emoten dau. Barrikuntzea sekulakoa da, izan be, orain arte izan doguzan telefoniako kableen ordez, nahiko izango dogulako entxufe normal bat bai telefonoz berba egiteko eta baita Interneten nabegetako.
Teknologia honen abantailak estaduko enpresa elektriko nagusienak aintzat hartu dabez eta proiektuaren arraskatea sekulakoa izango dalakoan nago (Endesa, Iberdrola eta Unión Fenosa). Aukera hau gure etxeetan eukiteko, “modem PCL” izeneko bat alokatzea derrigorra izango da; modem arrunten antzekoa eta horreen egiteko beragaz. Jakina, aukeran daukaguzan enpresen artean, bategaz zerbitzua kontratau beharko dogu; oraingoz behintzat, 39 eurotan hartu geinke alogeran 600 Kbps-ko zerbitzua. Eta kitto, ez da ezer apartekorik egin behar ez gure ordenagailuan ezta gure etxe barruko instalazino elektrikoan be. Gero enpresa elektrikoek PCL ekipo bat preparau beharko dabe euren zentroetan eta gure etxeko argi-indarraren kontadoreak dagozan koadroan seinale-errepikagailu bat ipini beharko dau gure etxera heldu daiten. Gauzak holan, enpresa elektrikoa Interneten sartzeko zerbitzu hornitzailea be izango da eta, gura izan ezkero, gure telefonia enpreseagaz jarraitzeko modua eukiko dogu. Esan dogun legez, Interneten sartu eta telefonoz berba be egin ahal izango dogu aldi berean, datuen eta telefoniako seinaleran artean ez dagoalako ezelako interferentziarik.