Ahate paparra oporto saltsa eta patata kremeagaz
Osogaiak (4 lagunentzat)
- Bi ahate papar.
- Mal-don gatza.
- 300 gr. patata zuritu eta kaskatua.
- 400 gr. esnea.
- 100 gr. gurin
- Piperrauts zuria.
- 400 gr. Oporto ardaoa.
- Maizena.
Zelan egin
Patata kremea egiteko: patata kaskatua esneagaz tapauko dogu lapikotxo baten eta gurina be ganeratuko dogu lapikora. Jarraian su motelean egosten ipiniko dogu, 20 minutuz gitxi gorabehera. Ostean, irabiagailuagaz pasauko dogu, gatz eta piperrautsagaz puntuan ipinita. Holan, patata kremea lortuko dogu.
Oporto saltsea egiteko: hau be beste lapikotxo baten ipiniko dogu irakiten. Holan, irakitearen ondorioz sortutako lurrinketeagaz lehen eukan bolumenaren erdia lortu arte eukiko dogu surtan. Bitartean, edalontzi baten Maizena eta ur hotza nahastauko doguz, grumorik itxi barik eta ondo irabiatuz. Listo dagoanean, Oporto ardaoari dana batera botako deutsagu, eta irabietan segiduko dogu, irakiteagaz batera gura dogun sendotasuna emonez saltseari.
Ahate paparra egiteko: hozkailutik ordu erdi lehenago atarako dogu ahate paparra, tenperatura epelean egon daiten. Ostean, zartagina ondo berotuko dogu, oriorik barik, eta ostean ahate paparra koipe aldetik markau, berak, bere koipeagaz, kozinetako orioa egingo dau eta. Alde batetik eta bestetik egiten danean, surtatik atara eta zentimetro erdiko laminetan ebagiko dogu aizto zorrotz bategaz. Gero, labean sartuko dogu, 3 minutuz 180º tan.
Azkenik, platerean ipiniko dogu, ganetik saltseagaz eta mal-don gatzagaz. Albo baten, patata kremea gehituko deutsagu. On egin!
Beñat Ormaetxea,
Aretxondo Jatetxeko sukaldaria
Beñat Ormaetxea,
Aretxondo Jatetxeko Sukaldaria
Kaixo irakurleok, aspaldi ez dogu okelarik landu eta bada ordua. Ganera, ez dogu edozein okela landuko, okeletan berezienetarikoa baino: ahatea.
Haragitegietan gero eta gehiago ikusten da ahatea eta bere zati desbardinak. Alde batetik, gibela, gure artean ‘foie’ izenez ezagutzen doguna. Bestetik, ahate izterra, guk ‘confit’ moduan ezagutzen doguna. Badaukagu beste alde bat be, ahate moilejak hain zuzen. Ikusten dogunez, ahatea txarria modukoa da, ahotik buztanera balio dau. Halan da be, ahatearen pare bat alde falta dira oraindino. Bat guk landuko doguna da, ahate paparra (magreta be deitzen deutsagu askotan). Geratzen jakun alde bakarra pikua da, eta hau be aprobetxau egiten da, izan be, beronegaz jantzietarako botoiak egiten dira. Ikusten dogun moduan, ahatea eta txarria oso antzekoak dira.
Baina gu geurera, eskaratzera, ahate paparra preparetan, jantziak egiten oraindino ez dogu ikasi eta.