Sariketa aroa
ABRA SARIA 2004:
Has gaitezan etxetik. Hirugarren edizinoa izan da aurtengo Abra sariarena. Orain urte bi hasi zan, Algortako bertsolari eskoleak (ALBEk) bertsolari gazteak kantuan ipinteko plaza barri bat sortu gura izan ebalako. Ezer baino lehen, argi itxi beharra dago Bizkaian ez dagoala gazteentzako sariketa ugari. Ondorioz, honek jaurerriko bakotasun horren kontrako ondar ale apala izan gura eban.
ALBEk argi izan eban hasikeratik sariketeak Euskal Herri mailakoa izan behar ebala. Horregaitik, hain zuzen be, eskualde guztietako partaideak lortzeko saiakerearen aldeko apustua egin eban eskoleak, baita lortu be. Eskualde danetako bertsolariak batu izan dira urtero Areetako musika eskolean, beti kopuru beretsuan (hau da, eskualdeka danez, errepresentazinoa parekoa zala eskualde eta partaide kopuruari begira). Epaileen kasuan bardin; Euskal Herriko hainbat txokotako adituz osotutako epaimahaia deitu eben, sariketearen bardintasun eta neutralidadearen seinale. Hain da agirikoa neutralidade hori, oraindino sekula ez dauala bizkaitar batek eskuratu Abra saria; zapatura arte hori, ze esandako moduan, aurtengo Abra Saria Xabier Paia getxotarrak irabazi dau. Bizkaie! egiten dogun danon partez, Zorionak Xabier!
Gogoratu, aurten, orekea ez dala hain nabarmena izan, lau gipuzkoar, lapurtar bat eta bizkaitar bat ibili diralako kantuan.
Bertsolariek egin beharreko lanen artean, deigarria izan zan bakarkako atalean jarri eutseen ariketea: bertsolariei sentsazino edo sentipen bat adierazo jaken eta bertsotan publikoari sentiarazo behar eutsien sentsazino hori.
BERTSOLARI GAZTEEN BBK SARIKETEA
Atzera martxan dago BBK sariketea. Urteak dira txapelketa hau antolatzen dauala BBK finantza-erakundearen Euskera Zerbitzuak. Joserra Bilbao eta Jon Lopategi jarri geinkez ekimenaren bultzatzaile nagusi legez. Asmo polita zanak urte batzuk behar izan ebazan antolakuntza mailako egonkortasuna lortzeko, baina gaur egun Bizkaiko bertsolari guztien galbahe eta plaza bihurtu da sariketea.
Dagoeneko hasita dago eta jakin badakigu atzera Ipar-Uribeko taldea finalean egongo dana. Bestela, Bizkaiko beste bost eskualdeen arteko lehia (Durangaldea, Lea-Artibai, Busturialdea, Bilboaldea eta Arratia) oraindino amaitu barik dago eta datorren astera arte ez dogu jakingo nor izango dan kostaldeko taldearen kontra egingo dauana martiaren 27an Bilboko Kafe Antzokian. Hau be ikusi beharko!
ARABAKO BERTSOLARI TXAPELKETEA
Arabako Bertsolari Txapelketearen 2004ko edizinoak martiaren 6an emon eutson hasikerea jorrailaren 25ean Gasteizko Printzipal Antzokian amaituko dan ibilbide luzeari. Aurtengo edizinoan, Araba osoko 23 bertsolarik parte hartuko dabe; ondorioz, txapelketeak 17 bertsolariz osotutako bi kanporaketa izango dauz eta multzo honetako sei onenak izango dira igazko sei finalistakaz batera finalerdietara sailkatuko diranak.
Errioxakoak, Aiarakoak, Gorbeialdekoak, Lautadakoak eta Gasteizkoak dira aurtengo txapelketako bertsolariak, 23 danera. Nabarmena da aurtengo txapelketara jente gehiago aurkeztu dana, baita askozaz gazteagoa be. Izan be, bost partaide kenduta, beste danek ez dabe 30 urteko adinaren muga gainditzen. Azpimarragarria da era berean partaiderik gazteenak 15 urte baino ez izatea.
NAFARROAKO BERTSOLARI TXAPELKETEA
Nafarroan be bertsoz emon deutsie hasikerea udabarriari. Edizino honetan 22 bertsolarik kantau dabe Nafarroa osoan zehar antolatutako saioetan. Izan be, nafarrek euren txapelketeari jarri deutsien helburu nagusia sano lotuta baitago saioen ugaritasunagaz: bertsoa zabaldu, ezagutarazo, landu eta, batez be, bertsoakaz gozau gura dabe erreinuko bertsolari eta bertsozaleek. Goiz hasi bada be, ez daukie asmorik akaberea goiz ipinteko.
Aurtengo edizinoan ez da izango iparraldeko ordezkaririk, Nafarroako Bertsozale elkarteak adierazo dauan legez. Parte-hartzaile nafarren kopurua 12tik 18ra igo da eta ondorioz, orain arte ordezkaritza eskasa eukien eskualdeek presentzia handiagoa daukie. Bortziriak, Araitz-Larraun, Baztan, Sakana, Iruñea eta Aranoko bertsolariak ibiliko dira txapelketan. Ia bertsozalea gustura ixteko motiborik emoten dauan!
Horrezaz ganera, jakin badakigu GR-4 Bertso Bidea, Osinalde Saria, Aztiri Saria, Erniarraitz Saria eta holako beste hainbat dagozala pil-pilean Gipuzkoan. Horrek, ostera, zabalkunde murritzagoa izaten dabe. Saiatuko gara, edozelan be, euren barri emoten.
Gauza bat argia da behintzat: ez da falta etxetik urten eta bertsoaz gozetako motiborik!
Bizkaie!
Xabier Paya
Antza danez, udaberriagaz batera bertsolariei alkarren kontra lehiatzeko gogoa sortzen jake. Saio edo sariketa faltarik ezingo dabe erabili atxakia legez, izan be, egutegia sano beteta dagoalako marti-jorrailerako. Hurrengo bi hileetan jazoko danaren sarrerea besterik ez da izango aste honetako artikulua. Hona hemen gaur egun Euskal Herri osoan zehar topau geinkezan sariketa, desafio eta txapelketen zerrendea.