Kill Bill
Quentin Tarantino oso gustora sentiduten da ezustekoak emon eta polemikak sortzen. Orain dala sei urte lehenengo pelikulak aurkeztu zituanean, itzelezko astrapalak biztu ziran, bortizkeria eta indarkeriaren apologia egin eta arazo larri hau hutsaren hurrengo bihurtzen ebalakoan. Sei urte geroago, inork ez dau horren ganean berba egiten eta Tarantino egile 'normaltzat' hartzen da, beste barik.
Tarantinok badaki jakin zinean dan-dana asmauta dagoana eta, istorioak kontetako bide barriak jorratu beharrean, kasu honetan birziklapen lan handia egin dau, genero guztietako kodeak eta keinuak film honetako koktelean sartuz. Gauzak holan dirala, 'Charlie-ren aingeruak' edo Bruce Lee-ren parodiak nahiz Jean-Claude Van Damme, Steven Seagal edo Brian de Palma zuzendariaren ukutuak ikusi ahal izango doguz txitean-pitean.
Hori guztiori izatez ez da ona ala txarra, baina, batzuok, zuzendariaren aurrekarien jakitun egonda, film barritzaile eta iraultzaileagoa itxaroten genduan. Edozelan be, autortu behar dot aspaldian ez nebana hain ondo pasetan film bat ikusikeran; izan be, zuzendari honen birtuterik handiena da ikusleen moralidadea gainditzeko gauza izatea, hau da, jentea kode etiko eta moralek garrantzirik ez daben plano irreal batera eroan eta ikusleei zoritxarreko gauzarik gordinenen kontura be barre egiteko aukerea emotea.
Azken baten, Tarantinoren helburua horixe izan da: film basatia eta gehiegikeriez beterikoa egitea, txikitako obsesino sorta handi bat erakutsiz, baina beti be komediatik oso hur dagoan estilo berezi eta parekorik bakoari jarraituz. Ez dakit pelikula ona ala txarra dan, baina benetan dinotsuet bigarren zatia ikusten joango nazana, aurrekoan baizen ondo pasauko dodalako esperantzan.
Joseba Terreros
- Zuzendaria eta gidoia: Quentin Tarantino
- Herrialdea: AEB
- Iraupena: 111 minutu
- Antzezleak: Uma Thurman (Andregaia), David Carradine (Bill), Lucy Liu (O-Ren Ishii), Daryl Hannah (Elle Driver), Vivica A. Fox (Vernita Green), Michael Madsen (Budd), Michael Parks (Sheriffa), Sonny Chiba (Hattori Hanzo), Chiaki Kuriyama (Go Go Yubari), Julie Dreyfus (Sofie Fatale), Gordon Liu (Johnny Mo), Jun Kunimura (Tanaka).