Euskerea berbagai  III. urtea // 49. zenbakia

Keinuetatik eta etxuretatik haruntzago


Administrazinoa egurtzea erreza da. Baina, administrazinoetan beharrean dabilzan beharginek eta hareek ordezkatzen dabezan sindikatuek ez ete daukie euskerearen bilakaeran ezelako ardurarik?

Lagun hurkoari eskatzea ondo dago, baina, administrazinoa euskalduntzen hainbeste baliabide jarri diranean, emoitzez ez dot sindikatuen aldetik gogoetarik, autokritika arrastorik inon irakurri. Bestela esanda, euskerearen lepo abantailak (pagautako liberazinoak, herritarrek pagau behar dabezan ikastaroak doan, etab.) lortzen ahalegintzea bidezkoa da, baina, emoitzei buruz ardurak be hartu behar dira holako baten.

Zerbitzuak euskeraz eskainiko bajakez, herritarrek presino egin behar ei dabe. Eta sindikatuek? Eta beste aldarrikapen batzuetan horren ondradu agiri diran sindikatuetako militanteek? Administrazinoak bi hizkuntzatan gizartea atendiduko badau, hango beharginen bidez emon beharko da, bada, zerbitzu hori. Baina, Piñeirogaz pasetan dan antzean, antza, hori beste batzuen egitekoa da. Beharginen baldintzak jagon behar dira, horreen bidez herritarrei eskaintzen jakezan zerbitzuak egokiak diran, ostera, ez dira zaindu behar. Baina, batzuen lepo norberarenak diranak be ixteko jokera hori geroz eta leku gehiagotan igarten da.

Hara! Euskeraz bizi dan hizkuntz komunidadea indartu eta zabaltzea gura badogu, keinuetatik aldenduz, inori adi egon barik, kontra dagozanen jarreretan endredau barik, aldeko garenok, askoz gauza gehiago egin geinke. Eta egiteko horreen oinarrian, konpromisoa berbea dago, geure hizkuntzearen etorkizuna apurka-apurka irabaziko dauan konpromisoa, norberarena. Askotariko konpromiso horreen arrazoiz garatzen diran jardueren batureak, aurrera egin gura dauan hizkuntz komunidadera odola heltzea ahalbidetuko dauan bihotza osotuko dau, geure hizkuntzeak etorkizuna izatea ahalbidetuko dau. Halanda ze, danok dekogu, inori begira egon barik, zer eginik.

Erramun Osa

Euskal Herrian epaile izateko euskerea jakin beharrik ez dagoala, baina, zuzenbidea, ostera, jakitea behar-beharrezkoa dala adierazo dau oraintsu Euskal Herriko Epaitegi Nagusiko buru izentau barri daben Fernando Ruiz de Piñeiro madrileko epaileak. Izan be, epaile lanak egin behar izatekotan, euskerea edo zuzenbidea jakitearen artean aukeratu behar ei da. Biak bateraezinak edo, hurrenkera baten, batak bestearen atzetik etorri beharko baleu legez zehaztu dau, bada, auzia. Halanda guzti be, epaiketak-eta egikeran, baita epaiak idazterakoan be zein hizkuntza erabilten dau Piñeirok? Keinuen sistemea ez darabil, nik dakidala. Gaztelania da –batez be– erabilten dauan hizkuntzea, halanda ze, lehengo galderea gaztelania tarteko dala egingo bageunke, zein litzateke herritarren eta bestelakoen erreakzinoa? Gaztelaniarik edo frantsesik ez dakian epailerik bururatu ete jaku?

Administrazinoak lan-postuetarako deialdiak egiten dituanean, postu gitxi batzuetarako euskerazko gitxieneko ezagutzea eskatzen dau. Hori dala eta, euskerea herritarren aukera bardintasuna urratzeko erabilten dala dinoenik bada inguruan, Nafarroan aldarrika eta Euskal Autonomia Erkidegoan –aho txikiagaz bada be– geroz eta sarriago. Baina, erizainen, arkitektuen eta enparauen ezagutza baldintzak beteten ez ditualako, zenbat herritar geratzen ari dira lanpostu deialdi horreetara aurkeztu ezinik? Asko, eta inork ez dino aukera bardintasuna urratzen ari danik. Berebat, euskerearen kasuan gitxieneko ezagutzea erakutsi behar dan administrazinoan ez da bardin agertu behar gaztelaniaren kasuan. Izan be, etxurea danez, mundu guztia gaztelaniazko lehenengo, bigarren, hirugarren eta laugarren hizkuntz eskakizunen jaube da.

Hizkuntza batzuk jakitea derrigorrezkoa da, edo holan dala esaten inor ausartzen ez bada be, ez jakitea ez litzateke ulergarria zein gizartean berebat onartzen dan jazoerea. Euskerea jakitea, barriz, aukerakoa da, eta, testuinguru horretan euskerarik ez jakitea ohikoena da. Baina, administrazinoek, besteak beste, euskeraz be dakien herritarrei zerbitzua eskaini behar deutse, bada, zerbitzu egokia zelan eskaini euskeraz jakin ezean? Holakoak, baina, jentearen presinoaren eta eskariaren kontuetara ekarten dira. Eskaririk, presinorik ez badago, ez dago noranzko horretan urratsik egin beharrik, preminarik, halanda ze, gaztelaniaz jarduteko presinorik etorri ez arren, inertziaz joten dogu hizkuntza horretan zerbitzuak eskaintzeko.

Eta ez leuke holan izan behar! Ingurumari horretan, administrazino batzuek euskereagaz erakusten daben ustezko epelkeria salatzen dauanik badago egon bazterretan. Ez naz ni batzuen baieztapena ukatzen hasiko, hau da, agintari batzuen itxikeria, euskerearen auzia hizkuntza politikaren alorrean diharduenen, askotan nahi eta ezinean dabiltzan lagunen esku ixten dabela, holako zerbitzuetatik datozan gomendioak eta eskariak kontuan hartzen ez dabezala ikusten dodanean edota batzuek euskerea etxurak egitearren ez beste ezertako darabilela igarten dodanean.