Txutxu-mutxuan  III. urtea // 49. zenbakia

Benetako atletak non?


Botika koktelak

Whiteren adierazpenek eliteko kirolariek egunean-egunean hartzen dabezan bitamina, estraktu eta osagarri koktelen barri jakiteko balio izan deuskue. Guztira, dozenaka pilula konsumitzen dabez −pilula gehiago irunsten daben bakarrak Hiesa daukien gaixoak besterik ez dira−, baimendutako droga horreen guztien nahasketak galazotako substantzien antzekoak izango diralakoan. Azken baten, goi mailako kirolari honeek guztiak proiektu zientifiko hutsak dirala emoten dau: berezko trebetasun atletikoak, dedikazino eta beharra zein iruntsi nahiz injektaturiko osogai guztiak batu ostean lortzen dan emoitzea, hain zuzen be.

Kelli Whitek ez eban dopingaren kontrako testa gainditu, baina ez zan bakarra izan. AEBetako Batzorde Olinpikoak jakinarazo eban beste bost atletek positibo emon ebela modafinila konsumitzeagaitik. Mike Penner kazetariak une horretan idatzi eban AEBetan atletarik bizkor eta indartsuenak euki beharrean osagile eta botikarik onenak eukiezala.

EPO miragarria

Sidney-ko jokoetan AEBetako ugerlari bik egunean 25 pilula hartzen ebezala adierazo eben, horreen barruan mineralak, proteinak, animoazidoak eta kreatina sartuz. Nahasketa horren zatirik handiena ez da beharrezkoa, baina atletek aurrean ipinten deutsien guztia irunsteko gauza dira pilula magikoa galduko ete daben bildur.

Egia esan, atletek emoitzak hobetzeko erabilten dabezan substantziarik gehienak mirari teraupeutiko legez sortu ziran. Gauzak holan, laurogeiko hamarkadearen erdialdera arte anemia eukan jenteak odol transfusinoak sarri-sarri egin behar ebazan. EPOren garapena opari baten antzekoa izan zan: anemikoek globulu gorriak berreskuratu eikiezan, injekzinoak ipinita. Baina produktu horrek zer eragingo eutson atleta bati? Hasikera batetik itxaroten zana: kirolari ezin gogorrago baten indarra.

EPOa txirrindularitza profesionalean izurrite baten modura zabaldu zan. Poliziaren sarekadetan EPO kantidade kopuru ikaragarriak topau ziran hoteleko geletan. Inplikautako mediku batek esandakoaren arioan, txirrindulariek eurek preparetan ebezan injekzinoak.

Susmopeko heriotzak

Ostean, EPOa erresistentziako beste kirol batzuetara pasau zan, berbarako fondoko eskira edo maratoira, eta handik gitxira, droga honen alde baltza igarri zan. 1989tik 1992ra bitartean Suediako sei orienteering lehiakide, antza danez, bihotzekoak jota hil ziran. Ia gehienak 20 bat urtekoak ziran. 1987tik 1990era, Danimarka eta Belgikako 18 txirrindulari nahiko egoera susmagarrian hil ziran. Gurean be oso maratoilari ezagun eta karismaduna hil zan bihotzekoak jota.

Heriotzen zergaitiak edozein izanda be, substantzia honen bigarren mailako eraginen artean ondokoak aitatu daitekez: gibeleko tumoreak, inpotentzia, bularrak handitzea, testikuluak txikitzea eta andrazkoen kasuan ezaugarri maskulinoak agertzea (klitoriaren neurria handitzea, aurpegiko uleak agertzea...).

Begiluzea

Igazko urrian garrantzi handiko dopatze kasu baten barri euki genduan: tetrahidrogestinonaren agerpena (THG), giharrak sendotu bai baina sasoi horretan kontroletan igarteko modukoa ez zan substantzia. THG-a San Franciscoko “Balco” enpreseak sintetizau eta merkaturatu eban, makina bat kirolari babesten eban enpreseak berak, hatan be. Une honetan konpainiako zuzendaritzako kideak epaitzen dihardue, droga hori sortu eta banandu ebelako; edozelan be, kirolari mordoari osogarri dietetikoen erabilerearen ganeko aholkuak emoten eutsozan enpresa honetan izandako eskandaluak kirolaren alde iluna agiri-agirian ipini dau.

THGren astrapalea biztu eta gitxira, Kelli White estatubatuarra, 100 eta 200 metroko munduko txapelduna salatu eben modafinila irunsteagaitik. Bere burua defendatzeko adierazo ebana autortza bat baino argigarriagoa izan zan. Beraren esanetan, txapelketa baten ostean, gatx-gatxa da egun bakotxean zer hartu dan jakitea.