Kulturea  III. urtea // 49. zenbakia

Inoiz inoren buruan existidu dan arkitekturea


Erakusketea zazpi ataletan dago bananduta, ez garaiaren arabera sailkatutako obrakaz, ezpada atal bakotxean imajinazinozko arkitekturearen gai bat erakutsiz.

Halanda be, atal horreetan erakusten dan arkitekturea ez da beti imajinarioa: benetakoa be izan daiteke, baina ukutu fantastikoagaz. Alde horretatik, erakusketa honetan benetakoa zer dan eta zer ez zehaztea, ez da beti hain gauza sinplea. Honeek dira atalok: “Beste mundu batzuetako arkitekturak”, “Ipuinetako arkitekturak”, “Espazio anbiguoak. Barrualdeak edo kanpoaldeak?”, “Hiri madarikatuak”, “Bizigaitasunaren mugetan”, “Gehiegikeriaren arkitektura” eta “Ez igarotzeko arkitekturak”.

“Beste mundu batzuetako arkitekturak” deitutakoan, De Chirico, Navarro, Desiderio, Paul Klee eta beste askoren lanak ipini ditue, erakusketako obrarik zaharrenak diran Ponpeiako freskoakaz batera. “Ipuinetako arkitekturak” atalean, barriz, XVII. mende amaieran antxinako arkitekturea zelan ikusten zan erakutsi gura izan dabe: artistek, amestutako moduan pintetan ebezan arkitektura horreek, ez benetan ziran moduan. Hirugarren atalean, izenak dinoan moduan, anbiguotasunagaz olgetan ibili diran artistak batu dira: obra horreetan, eraikinetik kanpoko espazioa barruko espazioakaz nahastetan da, eta ezin da ondo jakin zer dan barrualdea eta zer kanpoaldea. “Hiri madarikatuak” atalak hondamendiaren ideia ekarten deusku, eta “Bizigaitasunaren mugetan” deritxon ataleko obretan mundu handiagoa eta konplexuagoa erakusten jaku. “Gehiegikeriaren arkitekturea” irudi mentalez osotutako obrak dira eta itzelezko bolumenak erakusten dabez, arkitektura masonikoaren arauakaz. Azkenik, “Ez igarotzeko arkitekturak” atalak batzen ditu inoiz eregi arren bertatik pasetea ezinezkoa diran arkitektura-lanak.

Erakusketa honi ipinitako izenburu berberagaz, Arte Eder Museoko zinematekak zinema fantastikoaren gaineko ziklo bat programau dau, espazio imajinarioakaz eta arkitektura fantastikoagaz erlazinoa daukien pelikulak emoteko. Ez eizue aukerea alperrik galdu!

Julen Gabiria

Artearen sasoi guztietan, margolariek eta eskultoreek euki daben asmoetako bat beti izan da imajinazinotik jaiotako arkitekturea erakustea. Ariketa artistiko horrek, artean askotan pasetan dan legez, benetakoaren eta imajinarioaren arteko gogoeta egitera eroaten gaitu, eta hori da, hain zuzen be, Bilboko Arte Eder Museoak preparau dauan “Inoiz existitu ez den hiria: fantasiazko arkitekturak mendebaldeko artean” erakusketearen helburuetako bat.

Horretarako, maiatzaren 30era arte, Bilboko Arte Eder Museoak eta Bartzelonako Centre de Cultura Contemporàniak artearen historiako sasoi desbardinetako 81 obra bildu dabez, I. mendean hasi eta gaur arteko lanakaz. Gaika batu dira, eta, pinturea ezeze, marrazkiak, argazkiak, bideoa, instalazinoak eta eskulturak dagoz erakusgai, korronte artistiko desbardinakaz. “Obra honeetan, publikoari irudituko jako ikusten dagoan elementu arkitektonikoak normalak dirala, baina laster konturatuko da gauza arraroak be badagozala tartean: zutabeak finegiak dira ganean daukien pisuari eusteko, eraikinek ez daukie hormarik...”, azaldu eban Pedro Azara arkitektoak, erakusketako komisarioak. Gauza arraro horreek dirala eta, “erakusketa honetako arkitekturea egileen buruetan baino ez zan existidu, ze teknikoki guztiz ezinezkoa izango litzateke hori egitea”, esan eban Azarak.

Amesetako munduak dira, edo amesgaiztoetakoak. Zeruan dagozan uriak edo infernuan dagozanak, misteriotsuak eta isilak. Esan leiteke erakusketearen gai edo genero nagusia XVI. eta XVIII. mendeen artean emon zan “gutizia arkitektonikoa” dala. Europako eskola nagusietako margolaririk onenen obrak topauko doguz, genero horretako ordezkari legez: Vredeman de Vriesen kortesauz betetako perspektibak, Francisco Gutierrezen pintura erlijiosoaren atzealde arkitektonikoak, Monsú Desiderioren amesak, edo Viviano Codazzi, Bernardo Belloto, Hubert Robert edo Francesco Guardiren kapritxoak, besteak beste.

Ganera, Napoliko Arkeologia Museotik ekarritako Ponpeiako freskoak be ikusi daitekez, eta pintura mota horreen eragina euki daben abangoardia historikoetako artisten (De Chirico, Mario Sironi, Paul Klee, Paul Delvaux, Leon Spilliaert edo Fernand Léger) obrak be bai. Beste alde batetik, gaur eguneko sortzaile plastiko batzuen lana bildu da: Jose Manuel Ballester, Ann Veronica Janssens, Catherine Yass, Miquel Navarro, Olivo Barbieri, Cristina Iglesias edo Perejaume dira, beste askoren artean.