Jasone Osoro: 'euskereak be behar ditu aldizkari espezializatuak'
Jasone Osororen (Elgoibar, 1971) literatur ibilbidea, zeozelan 1988an hasi zala esan daiteke, hor bueltan etorri zalako Isadora Duncanen biografia. Hortik aurrera, 'Tentazioak' ipuin liburua, 'Korapiloak' eta bere erderazko itzulpena 'Desnudos' eta oraintsu 'Greta' nobelea argitaratu ditu. Tartean sariak be eskuratu ditu eta kritikearen bedeinkapena jaso dauala esan daiteke.
Idazle legez da ezaguna baina kazetaria be bada eta gidoilari lanak be egin ditu. Gaur egun, Asteon, telebistari buruzko euskerazko lehen astekariko zuzendaria da.
'Asteon' aldizkariaren zero zenbakia igazko Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokan aurkeztu eben eta lehenengo zenbakia, barriz, pasa dan hilean, zezeilaren 27an. Doban banatuko dan astekari espezializatua da 'Asteon'. Jentaurreko aurkezpena oraintsu egin eben Bilbon gizarteko sektore desbardinetako ehundik gora konbidatugaz eta hantxe atrapau gendun Jasone Osoro zuzendaria.
1. Zero zenbakia aurkeztu zenduenetik hiru bat hilebete pasau dira. Zelako balantzea egiten dozu?
Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokan banatu zan aletik lehenengo zenbakira denpora nahikoa izan genduan gauzak behar bezela egiteko. Kostata baina, azkenean, zezeilaren 27an banatu zen estreinako zenbakia. Orain, barriz, asteroko zurrunbiloan sartuta gagoz eta nahikoa erronka dogu asteroko produktua ataraten. Edozelan be, balorazioa sano positiboa da. Nik pentsetan dot produktu duina egin dogula eta jenteak gustora hartu dauela. Gu behintzat oso pozik gabilz beharrean, proiektuan sinisten dogu eta ilusino handiagaz gabilz danok; hori nahitaezkoa da edozerk aurrera egin ahal izateko.
2. Telebistako kontuen ganeko aldizkaria da 'Asteon'. Arlo horretan egoan hutsunea beteko dau aldizkariak?, Zein da helburua?
Euskararen normalizazinoari begira beste pausu bat emotea da Asteon astekariaren helburua. Merkatuan ez egoan euskera hutsean idatzitako telebistaren inguruko aldizkaririk. Egia da beste arlo batzuetan be ez dagoala aldizkari espezializaturik euskeraz, kirol arloan, dekorazinoaren munduan eta bestelakoetan. Ahalik eta eskaintza zabalena egotea oso aberasgarria da, norberaren gustoen arabera, aukeraketea egin ahal izateko. Duda barik, euskereak be behar ditu aldizkari espezializatuak.
Bestetik, orain arte jaso doguzan kritika eta eretxien artean, gehinek oso modu onean jaso dabe astekaria. Tartean dira telebista gustoko dabenak, baita euskerea ikasten egon eta oso ondo etorri jakona era honetako aldizkari bat leiduteko aukerea izatea. Lehen esan deutsudan legez, Asteon euskerearen normalizazinoari begira jaio da eta urrats inportantea emongo dau arlo horretan. Hori da gure asmoa.
3. ETBren eskaintzan bakarrik ala ganerako telebisten programazinoan be oinarrituko zarie aldizkariko edukiak jorratzeko?
Astekariaren berbagaia telebistea da eta, beraz, komunikabide horren inguruan sortzen dan guztia jasoko dogu. Hego eta Ipar Euskal Herrian gehien ikusten diran 12 telebista kateak kontuan hartuko doguz eta baita euskera hutsean behar egiten daben hurreko telebistak be. Telesailak, kulturea, txikitxuenak…; zeozelan generoka landuko dogu pantaila txikia eta bertan lan egiten daben profesionalak geureganatuko doguz. Aurpegi ezagunen atzean ezkutatzen dan personea erakustea izango da gure asmoetako bat.
4. Zeintzuk dira aldizkariaren ezaugarri nagusiak?
Asteon euskara hutsean argitaratutako aldizkaria da. Guztira, 48 orrialde daukaz koloreetan eta debalde banatuko da. Erreportajeak, alkarrizketak, albiste laburrak, eretxi artikuloak, telebista kateen programazinoa eta beste hainbat gauza izango dira irakurgai bertan. Asteon astekaria informatiboa, entretenigarria, erabilgarria eta kritikoa izateko jaio da. Horrezaz ganera, publizidadeari jagokonean, merkatu berria edegiko dogu. Enpresek publizidadea euskeraz egitea errentagarria eta eraginkorra dala sinistu behar dabe eta zeregin horretan lan handia dago egiteko.
5. Aldizkariaren zabalkundeari aparteko garrantzia emoten deutsazue eta oso oker ez bagagoz 75.000 ale eroango dozuez Euskal Herriko beste horrenbeste etxetara. Enpresa argitaratzailea Herri Komunikabideak Kooperatiba Alkartea dala eta 'Asteon' astekariaren egoitza Abadiñon dagoala kontuan hartuta, eskualde horretan zabaltzea da asmoa? Zelan?
Bai, zuk esan dozun legez, 75.000 ale banatuko dira. Batetik, herri aldizkarien bidez helduko da hainbat eskualde eta herritara: Durangaldea, Deba Goiena, Deba barrena, Sakana, Azkoitia, Usurbil, Andoain eta Orio; Bilbon, Iruñean, Gasteizen eta Donostian, barriz, AEK eta IKAren bidez banatuko da eta Bilbondo merkataritza zentruan be bai. Halan da be, gune estrategiko barriak be aztertzen gabiz. Gure helburua da Asteon ahalik eta etxe gehienetara eroatea eta gauzak ondo badoaz, urte amaierarako edo ehun mila aleko tiradea gurako geunke.
6. Prensa idatzia krisian dagoala entzun dogu sarri eta datu legez baino ez bada be, azken bost urteotan 'The New York Times' erraldoiak 50.000 irakurle inguru galdu dituala. Gauzak holan, 'Asteon' argitaratzea ez da arrisku handiegia?, Zergaitik ez dozue Sarean ataraten?
Proiektu barri guztiek dakarre arriskua baina, bestalde, arriskurik hartu barik ezinezkoa da proiektuak aurrera ataratea. Guk proiektuan sinisten dogu eta iruditzen jaku oraindino papelak badaukala pisua, indarra. Eskuartean daukagun produktua beti izango da tentagarria. Ganera, Asteon debalde dala be kontuan hartu behar da. Jenteak ez dau kioskora joan eta zentimorik pagau beharrik izango, beste barik etxean jaso eta irakurtea errezagoa dalakoan gagoz. Hori abantaila handia da.
Zergaitik ez? Dana dela, azterketa sakona egin beharko litzateke zer, zelan eta zenbatean behin egin ahal dan neurtzeko. Garbi dago ia edozein gaik emoten dauala aldizkari baterako beste. Kontua da ze helburu eta zein erako informazinoa emon gura dan jakitea eta zehaztea.
8. Zeintzuk dira bihar-etziko erronka edo amesak 'Asteon' egiten dozuenontzako?
Erronkarik handiena astero-astero aldizkaria ataratea. Produktua bera sendotzea, finkatzea, irakurleen artean interesa sortarazotea eta horretarako ahalik eta gai interesgarrienak jorratzea, publizidadeari jagokonean, aurrera egitea eta tiradea handitzea. Hori guztia lortzea ez litzateke gitxi izango!
9. Zeregin barriagaz, literaturarako geratzen jatzu astirik?, 'Greta' nobela surrealistearen ondoren, zer dauka buruan Jasone Osorok?
Ba, egia esan momentu honetan oso lanpetuta nabil eta Asteon ez dan besterik ez daukat buruan. Gauzak bere onera etorten diranean, segurutik tiraka hasiko jat beste gai edo proiekturen bat.
10. Gaztelaniazko merkatuan be sartu zara 'Korapiloak' obrearen 'Desnudos' bersinoagaz. Bide horretatik jarraitzeko asmorik?
Desnudos idaztea esperientzia polita izan zan. Aukerea emon eustan, ganera, euskalduna ez dan merkatua eta argitaletxea ezagutzeko eta gustora ibili nintzan. Aurrera begira? Ba, aukerak datozen neurrian aztertuko ditut, ez dot ezer baztertzen.
Koldo Isusi Zuazo