Iparameriketako barrualdea (II)
Metropoli handia
Duda barik, Illinoiseko uri garrantzitsuena eta handiena Chicago da. Bertan eregi ebezan lehenengoz etxe orratzak, eta horregaitik dauka izen hori. Chicago arkitekturearen harribitxia dala esan geinke. Hori dala ta, uriburuko eraikin garrantzitsuenak ikusteko ibilaldi bereziak antolatzen dabez, asko dira eta. ‘Chicagotarrak bilbotarrak modukoak dira: egiten daben guztia onena izatea gura dabe’, dino Virtok umorez. Egia esan, uri handi eta ezagun honetan ‘Sears’ torrea topau geinke, munduko hirugarren eraikin garaiena (Taipei-ko 101 torre barriaren eta Kuala Lumpur-go Petrona torreen atzetik).
New York bera baino uri amerikarragoa da Chicago. Berton 24 orduz edegita dagozan Mc Donald’s ugari topau geinkez, eta uriak berak puntuz-puntu segiduten dau Ipar Ameriketako eskema tipikoa: ‘downtown’ itzela (bertan ia inor bizi ez dan arren), batetik, finantza eta enpresa munduko negozioen egoitzakaz, eta bestetik bazter-auzoak, herritar gehienen bizilekuak.
Jente gehienak denpora librea saltoki handietan emoten dau. ‘Malls’ deitzen deutse leku honeri eta guk ‘Artea’ edo ‘Max Center’ erraldoi moduan ezagutzen doguz. Egun osoa egoten dira bertan, besteak beste erosketak egiten, jaten eta denpora libreko orduak pasetan, zinea eta bestelako aukera batzuk dagoz eta. Virtoren arabera, ‘bertako bizitzea gogorra da, batez be herrialdeko beste leku batzuetakoagaz konparauta. Izan be, ez dabe ezer barririk edo desbardinik egiten. ‘Mall’etik kanpora ez dago bizitzarik. Halan da be, maila batera arte ulergarria dala esan geinke, bertako klimea gogorra da ta. Ez da erreza kalera urtetea tenperaturea zero azpitik dagoanean’.
Mentalidadea
‘Amerikar guztiak ez dira lerdoak. Egia da, baina, ez daukiela kulturea ezagutzeko edo kanpoko munduaz gehiago jakiteko gogo handirik. Estereotipoen barruan sartzen dan ikuspegia daukie, gurea baino askozaz zabalagoa. Mundu zabaletik ez jake informazino larregirik ailegetan, eta ailegetan dan apur hori manipulauta dago. Albistegi gehienak informazino lokala eskeintzen dabe, eta badagoz eztabaidatu ezin diran gaiak, berbarako herrialdearen batasuna eta abertzaletasuna. Halan da be, gauzak ezagutzeko gogoa daukienentzat Amerikako Estatu Batuak leku aproposa dira. Kulturea eta ezagutzea edonoren esku dago eta argitalpen arraroenak topetea be posible izaten da. Bitxikeria legez, Deia egunkaria herriko udal liburutegietara be ailegetan da’.
Testua: Zigor Aldama.
Argazkiak: Iñigo Virto.
OHARRA:
'Asiako Hego-ekialdera begiradatxua' proiekzinoak, Zigor Aldamaren eskutik:
- Singapur eta Malasia: 'Tradizioaren eta modernidadearen artean' (martiaren 10ean).
- Tailandia: ' Paradisu turistikoa eta horren ondorioak' (martiaren 17an).
- Laos: 'Ahaztutako Herrialdea' (martiaren 24an).
- Vietnam: 'Burruken lurraldea' (apirilaren 7an).
Proiekzino guztiak Bilbon, Liburuaren Etxean (Urkijo Zumarkalea, 9) arratsaldeko 19:30etan.
Iñigo Virtok Illinois-en eta Ohio-n ikusi ebena holan definitzen dau: ‘Midwest da benetako Amerika. Danok buruan daukagun Ipar Amerika da’. Estadu bi horreek barrualdeko Amerikakoak dira eta topikoak erabat beteten dira errealidadeagaz konparetan badoguz. Illinois estaduko uriburua, Chicago, ‘etxe orratzen uria’ dala esan geinke. Estaduko ganerako lurraldean barriz, nekazaritzea eta abeltzaintzea dira nagusi. ‘Paisaje naturalaren metro karratu bat bera be ez dago hutsik. Hemengo nekazaritzea zabala eta produktu-bakarrekoa da. Hau da, bi persona baino ez dira behar garia bakarrik ereinda dagoan lurzati luze-zabala lantzeko. Europagaz konparauta, soloan askoz be aurrerapen teknologiko gehiago erabilten dabez’.
Nekazarien estadua izanda ez deusku harritzen gehienak errepublikazale konserbadoreak izatea. Bertako bizitza-estiloak ez dauka zer ikusirik New York, Miami edo Los Angeles metropoli kosmopolitakaz. Desbardintasun hau gehienbat arraza ugaritasunean igarten da. Izan be, Illinoisen eta Ohion arraza zuria da nagusi, eta ganera, baltzagaz edo hispaniarragaz konparauta (kopuruari jagokonez) aldea orduan eta nabarmenagoa da. Halan da be, arrazismoa ez da arraza zehatz baten kontrako indarkeria, izan be, edozein bereizkeria mota izan leiteke arrazakeria, baita ekonomikoa be. Estadu horreetan oso normalak dira zuriak bakarrik edo baltzak bakarrik bizi diran auzoak eta nahikoa arraroa izaten da nahastea.
Amish-ak
Midwest-en ‘Amish’-ek presentzia berezia daukie. Jente-talde hau kristinau-protestantea da eta ez dagoz bape integrauta edo gizarteratuta jagoken sasoian. Gehiago esatearren, modernotasunagaz ernegauta dagoz. Ez dabe kotxerik erabilten (zaldi-gurdietan egiten dabez eurean txangoak), ezta arropa sintetikorik edo etxeko tresna elektrikorik be. Baina hori bai: euren minak osatzeko medikuntza modernora joten dabe.
Errez jakin geinke nortzuk diran komunidade honetako kideak, izan be, arropa zuriz eta baltzez jantzita dabiz. Ganera, egurrez egindako etxoletan bizi eta eurean burua hornitzeko gai dira, izan be, beste erara gatx egingo jaken bizirautea. Halan da be, kide gazte askok bizitza modernora joteko taldea ixtea erabagiten dabe.
Turismoari esker diru-sarrera ugariak daukiez ‘amish’-ek. ‘Gaur egun, Amish uri asko dagoz turismorako preparauta, horregaitik askok ez daukie lotura zuzenik errealidadeagaz. Izan be, danak Amish etxurea hartzea gura dabe eta askotan sinisgarritasun faltea dakar honek’, zehazten dau Iñigo Virtok. ‘Halan da be, badagoz arauak bigundu ostean, ehundaka urtetan bizitza-estilo honi eusten deutsen uriak. Oro har gizarte zarratuak izaten dira, eta ez dabe ezer hartzen ganerako gizarteetatik. Gaur egun, ostera, badagoz Amish batzuk lehenago galazota euki dabezan bizitzearen eremuetan, irakaskuntzan berbarako. Orain unibersidadeko irakasleak eta guzti dagoz’, dino Virtok.