Euskaldunok munduan  III. urtea // 49. zenbakia

Bolivia (IV): Uyuniko Gatzagea


Gatzez egindako hotel bat be bisitau dogu. Hormak, oheak, jesarlekuak, mahaiak, behe-gana..., dana gatzez egindakoa da. Han lo egitea ez da biguna izango, baina ziur esperientzia berezia dala. Horren ostean, Arrantzalearen Islara joan gara. Esnezko itsasoaren erdian dagoan isla bat da. Kaktusez beterik dago eta ganera batzuk sano zaharrak dira. Eureratiko batek hamabi mila urte ei daukaz. Urtero zentimetro bat hazten da eta 12 metro daukaz. Bestalde, lekuari Arrantzalearen Islea esaten deutsie, isleak, antza, arrain etxurea daukalako. Han jan dogu, sukaldaria ezin hobea da eta gustura tragau dogu preparau eta emon deuskuna.

Alkar ezagutzeko astia be euki dogu eta talde jatorragaz pozik ibili gara. Euretako bik gaztelaniaz berba egiten ez dabenez, guk aukera polita euki dogu ingelesez egiteko, gordeta geunkana atara eta hizkuntzea berreskuratzeko. Taldekideen artean, Hego Ameriketara etorteko euki dabezan arrazoiak desbardinak dira. Batzuk gaztelania ikasten etorri dira, eta horretarako bat eskoletara be joan izan da. Beste batzuk doan egin dabe behar GKE batean eta horren truke gaztelania ikasten ibili dira. Herbeheretako mutila hainbat lekutan egondakoa da. Ez dau inglesez askorik egiten, eta gaztelaniaz gitxiago baina hori ez da arazoa izan batetik bestera ibilteko. Inglaterrako mutilak inglesez egiten dau, baina gaztelaniaz berba bakarra be ez. Abenturea maite dau, eta antza horren barruan sartzen da hizkuntzea ez jakitea. Era guztietako arrazoiak dagoz holako bidaiak egiteko eta bidaiariak be desbardin-desbardinak dira. Batzuk lekuak ikusten joaten dira, han bizi dan jentea ia kontuan hartu barik. Beste batzuk interes handiago daukie lekuan lekuko jentea ezagutzeko eta eurekaz berba egiteko. Badira beste batzuk, esaterako israeldarrak, gobernuak hegazkin-txartela erosten deutsiena, eta hiru urtez ejerzitoan irabazitako diruagaz taldeetan joaten diranak, ganerako bidaiariakaz nahastau barik. Batzuekaz ikasi egiten dozu, berba egiten dozu. Beste batzuk, ostera, zure ondotik pasetan dira haize-korronte baten antzean, hotzikarea eraginez; beste batzuekaz berba egikeran, ostera, feeling berezia igarten dozu eta ahaztu ezinezko hartu-emonak sortzen dira, gatzagea ez eze bidaiari batzuk be gogoan eukiko doguz.

Iratxe Ormatza

La Pazetik urten dogu. Atzean itxi dogu uri handia, Boliviako uririk jentetsuena. Autobusez joan gara Oruraino, eta handik, trenez. Tren gitxi dagoz Bolivian. Autobusak dira batetik bestera eroaten gaituenak. Halanda ze, gustora hartu dogu trena: leku gehiago daukagu, gitxiago mobitzen da eta bentanak zabalagoak dira. Trenetik ikusten dogun ingurua benetan polita da. Altu dago, hiru mila eta bostehun metrotik gora, berdeguneak sano txikiak dira eta arbolak be ez dira handiak. Dana da marroia, harria, arrokea eta hautsa. Trenetik lehen urmaelak ikusi doguzanean, alde sikuak ahaztu eta poztu egin gara, izan be, indar handia dauka urak: poztasuna dakar beragaz.

Gauez ailegau gara Uyunira, gatzagako uririk handienera: orain dala hamar bat urte txikia zan baina gatzageak turismoari ateak edegi deutsozanetik uria goitik behera kanbiau da. Gatzagan sartzeko agentzia bategaz egingo dogu bidaia, izan be, ia ezinezkoa da agentzia barik egitea. Orain hamar urte bi-hiru agentzia egozan eta sartzea sano karua zan (bostehun dolar inguru). Gaur egun, 62 agentzia dagoz, eta bidaiak 55 eta 100 dolar bitartekoak dira. Trenetik bajatu eta hainbat persona hurreratzen jatzuz euren agentzia eskaintzen. Egoerea estresantea dala autortu beharra daukat. Agentziakoak hurreratzen jatzuz onenak dirala esanaz, baina gatxa da bat aukeratzea. Han zagozanean, dana eskaintzen deutsue: jatordu beroa, jeep ona, gidari ona.... baina gero arazoak sortzen dira: jeepa aberietan da, otorduak eskasak dira…, hori da entzun doguna behintzat. Gauzak holan, gure senaz fidatzea da onena. Bederatzi eta erdietarako erabagi dogu nogaz joango garan, eta ordubete geroago jarri gara martxan. Sukaldaria, gidaria eta zazpi lagun joan gara: Inglaterrako bi, Belgikako bat, Herbeheretako bat, Alemaniako bat, eta nebea eta biok. Danok prest gagoz hurrengo lau egunetan inguruez gozetako. Izan be, ezagutu izan doguzan bidaiariek hau Hego Ameriketako parajerik ederrena edo ederrenetarikoa dala esan deuskue.

Uyuniko gatzagea lau mila eta bostehun metrotik gora dagoan gatz-eremua da. Gatzageak 180 kilometro daukaz luzeran eta 95 zabaleran. Gatzezko desertua dala esan geinke, zuri-zuria. Esnez egindako itsosoa emoten dau, baina politagoa, askoz be politagoa. Zerumugan mendi batzuk dagoz eta ganerako guztia zuria da. Urrunean zeru urdina eta gatzagako zuritasuna baino ez dogu ikusten, eta horrek eragiten dauen emozinoa berezia da. Paraje ederra benetan, esnezko itsaso zabala da aurrean daukaguna.

Inguruko jentea gatzageari esker bizi da. Eskuz egiten dabe behar gatza atarateko, meta txikerrak egin ostean. Zazpi egunez holan daukie gatza eta gero jaso egiten dabe. Handik, lantegira eroan eta iodoagaz nahasten dabe. Gatzagearen produkzinoaren ardurea kooperatiba batena da eta gobernuagaz egiten dabe behar; ganera, Bolivian bakarrik erabiltekoa da, hau da, ez dabe kanpoko herrialdeetara gatzik eroaten.