Euskaldunok munduan  III. urtea // 48. zenbakia

Euskal enpresak mundura


Dudarik ez dago hain enpresa garrantzitsu batek Zamudion egoitzea eukiteak zelako garrantzia gehitzen deutson bertako Parke Teknologikoari. Baina ESI-gaz batera badagoz beste hainbat enpresa ospetsu be, bertokoak zein nazinoartekoak. Besteak beste, BBK eta SARENET topau geinkez, baita Euskaltel S.A. be. Beharbada guretzat hain ezagunak ez diranen artean ROBOTIKER eta OWASYS topau geinkez.

Honen guztiaren haritik, Zineti enpresearen adibidea be komentau geinke. Izan be, enpresa bizkaitarrak Suediako AB Herman Gotthadt-en atal nautikoagaz banaketarako kontratu esklusiboa sinatu dau. Hemetik aurrera, Loiun dagoan enpreseak Norvegiara eta Finlandiara zabaldu ahal izango dauz bere produktuak (zinkeko anodoak).

Mugak albo batera itxi eta bertoko enpresek mundu zabaleranzko ibilbidea egitea daukie euren helburuen artean. Ekimen batzuk, ikusi dogunez, gauzatu dira. Beste batzuk oraindino proiektuak baino ez dira. Halan da be, ilusinoagaz eta zorte apur bategaz (diru kontuak albo batera itxiko doguz) aurrerantz jotea posible dala erakutsi deuskue.

Atxapunte

European Software Institute-ko (ESI) zuzendariek eta Bizkaiko Foru Aldundiko Barrikuntza eta Ekonomi Sustapen Sailak Australiako Melbournen zentro barri bat zabaltzeko akordioa sinatu dabe. Urrun dagozan lurraldeak hurreratzeko helburuagaz edo, Shangain, Brasilen, Bulgarian eta Mexikon be delegazinoak daukaz enpresa-taldeak. Holan euren negozioetan softwarea erabilten dabenen arteko konpetitibidadea hobetzea lortzen dala dinoe ESI-ko ordezkariek.

Kontua da ze, ESI-k izena inglesez euki arren, gurean daukala egoitza nagusia, Zamudion dagoan Euskal Herriko Parke Teknologikoan hain zuzen be. Horregaitik ba, erabagi honek ‘etxeko’ taldeari mesede itzela egingo deutso, batez be, mundu mailarako zabalkundeari jagokonean. Izan be, ESI 17 enpresek osotzen dabe, eta erabateko laguntzinoa jasoten dau Europar Batasunetik. Diru-irabaziak atarateko helburu barik dago sortuta eta softwareen erabiltzaile eta sortzaileak dira bertako enpresak.