Bertsotan  III. urtea // 48. zenbakia

Jentilaren koplak behiari


GURE BEHIE, BENITTE

Gure behie zein argie (bis)
buztanean be begie.
Ostikoaz hilko leuke
hegaz dabilen eulie.
Buztanean be begie
hegaz dabilen eulie.

Itxura baten polite
bere izena “Benitte”,
Amuma be endakoa
Kanadatik etorrite.
Bere izena Benitte
Kanadatik etorrite.

Kantabrian erosie,
badaki zer dan gosie.
Errape zimela baina
hazurrez ondo josie.
Badaki zer dan gosie,
hazurrez ondo josie.

Nabarra ta adardune,
Inun bada bat, jatune.
Berbetan ez daki baina
bestela behi jakitune.
Inun bada bat jatune,
bestela behi jakitune.

Esnetsutzat ekarrie,
lau urte egin barrie.
Ez dau kentzen lau urteko
ume baten egarrie.
Lau urte egin barrie,
ume baten egarrie.

Hau dogu hau bigantxie,
jenino txarrez jantzie.
Ezin deutsoguz ezarri
ez esku ez txarrantxie.
Jenino txarrez jantzie
ez esku ez txarrantxie.

Buztanagaz blisti-blasta,
adarrakaz zizti-zazta;
aska beti hutsik eta
morrosalari solista.
Adarrakaz zizti-zazta,
morrosalari solista.

Etxerako patarie,
haxe gure gurarie.
Behin aukeratuko eta,
bera ostikalarie.
Haxe gure gurarie,
bera ostikalarie.

Erosi gendun orduen,
edarra sartu euskuen.
Sarritan esan dot baina,
hoba lo ein bagenduen.
Edarra sartu euskuen,
hoba lo ein bagenduen.

Ondo esan arren berari,
ostikadea opari.
Eta dana gitxi balitz,
ez da gelditzen ernari.
Ostikadea opari,
ez da gelditzen ernari.

Moises Enbeita

Gure behie zein argie
buztanean be begie.
Ostikoaz hilko leuke
hegaz dabilen eulie.
Buztanean be begie
hegaz dabilen eulie.

Behiaren izena Benitte ei da, jentilarena Moises. Honezkero, jentil gradua be merezi dau eta Moises Enbeita muxikarrak. Arratiako Bertso-Eskoleak seigarrenez antolatu eban Jentilak Kopla-paper Lehiaketearen sariak gabon inguruan banatu ziran eta nagusien atalean Moisesek jaso eban lehenengo saria, aurreko urtean legez.

Ez da lehenengo aldia atal honetara dakarguna. Jentilak lehiaketearen aurreko edizinoko kopla irabazleak be sareratu genduzan 2002an, ordukoak udagoienari eskainiak. Bertsoen tabladua gazteagoei itxita (semea eta lobak tartean), bertso jarriakaz hartu-emonak ez dauz galdu, ezta antzik be, beti dauka eta zer idatzia batez be oso inguruko gaietaz, umore edo ironia puntuagaz bustiko dauzanak gehienetan. Okasinorako bertso jartzailea da Moises, Urriko Azken Astelehenean EHNEren txosnan kantetatakoak, Errioxarako bisitarako preparautakoak...eta noz edo noz lehiaketen okasinoa be aprobetxetan dau, sariak jasoten be badaki eta.

Jentilen Kopla-paper Lehiaketea maila honetako bakarra da. Bizkaian koplagintzeak daukan tradizinoa ezagututa, eskertzekoa da Arratiako eskoleak urterik urte koplagintzeagaz hartua daukan konpromisoa. Seigarren aldia izan dauan lehiaketa honek banatu ebazan sari gehiago be. Nagusietan Abel Enbeitak jaso eban bigarren saria, eta gazteen mailan Manex Sagarna arratiarrak lehenengoa eta Josu Martinez bilbotarrak bigarrena. Hona dakarguzanak Moisesen koplak dira, “Gure behie, Benitte” izeneko sortea. Koplaren ezaugarri diran kolpe labur eta umore puntuagaz jantzita datoz eta porrusalda doinuagaz kantau leitekezanez, ez egizue aukerea galdu: kantau eta gozau.

IƱaki Aurrekoetxea