Oihane Enbeita: 'Hareek ziralako gara gu'
Eneritz Artetxe: 'Untxe momentuen txoritxu bet dekot eskuetan'
Oihane Enbeita, muxikarra, Jon Enbeitaren alabea bertsotan ezagutu genduan, lehenengo herririk herri, Bizkaiko Txapelketako finalean geroago (birritan) eta Txapelketa Nagusian be bai. Gero, barriz, antzerkiaren magiak erakarrita, arte dramatikoko ikasketei ekin eutsen. Antzerkiola Imajinarioan parte hartu ebanetik hona buru-belarri sartu da Antzerki munduan. Basauriko Antzerki Eskolan be egon zan, bi urtez, zarratu ebenerarte. Azken bi urteak Barakaldoko Antzerki Ikastegian (BAI) egin ditu.
Eneritz Artetxe, gernikarra, aspaldian dabil antzerkiaren munduan; Maskarada taldeko antzezle be izan da. Londresen egindako antzerki ikasketen ostean, Antzerki zuzendaritzea eta irakaskuntzan murgilduta dabil orain.
Aspalditik ezagutzen dabe alkar Oihanek eta Eneritzek. Hortik aurrera, berez etorri da bien arteko 'feeling' bereziari esker, 'Txoritxu bat dekot eskuetan' bakarrizketea. Iruñean (UEU), Santutxun eta Gernikan igaz egindako estreinaldiaren ostean, Gernikan egin dabe antzezpen 'serioa' orain astebete.
Antzezlana Gernikan dago girotuta, 1937ko udan, bonbardaketaren ostean. Protagonistea, gerrea amaituta, lekutako baserri baten bizi da herria deseginda ikusteko ideiagaz obsesionauta. Kontuak kontu, sasoi horretako emakumearen irudia, emakumeen jarrera eta egitekoak eta gerrearen ondorioak ezagutu guran, ikerketa lan sakona dago 'Txoritxu bet dekot eskuetan' obran.
1. 'Txoritxu bet dekot eskuetan' antzezlanaren izenburua berezia otu jaku. Zer dala eta izen hori?
Eneritz: Oihanek proiektu honen ideiaren barri emoteko deitu eustanean, bere habitik jausitako txori txiki bat neukan eskuetan. Oihanek "Eneritz…" esateagaz batera, nik “Untxe momentuen txoritxu bet dekot eskuetan” erantzun neutson. Beti euki izan dogu gure beharra momentu haretantxe jaio zalako sentimentua eta esaldi harek benetan lotura haundia izango eban gero sortutako guztiagaz.
2. Hau guztia preparetan hasi aurretik makinatxu bat galdera eukiko zenduezan buruan jiraka bonbardaketearen harian: zer pasau zan?, zelan bizi izan eben herritarrek?, zein zan emakumearen papela?, ze ondorio dakar holako esperientzia batek?...; erantzunak topau dozuez?
Eneritz: Egia esan galderak ugari ziran eta dira oraindino. Erantzunak? Erantzunak baino gehiago hurreraketak izan dira. Denpora haretako emakumeakanako hurreraketak eta euren bizitzeko eta sentitzeko moduan sakontzeko aukerea. Ondorio edo jasotako ideia garrantzitsuenak atara beharko baneukez ondokoak aitatuko neukizuz: alde batetik, pasautakoaren ganean frankistek sartu gura izan ebezan guzurrak eta herritarrek honen aurrean sentitzen eben inpotentzia eurek sufridutako kalamidadeaz errudun izentetan ebezanean. Beste alde batetik, emakumeek izan eben papel aktibo eta ez onartua, honeek sufridutako eta egindako guztia emoten dau itzalek tapau ebela…; eurek kontetan dabenetik sekulako indarra erakusten dabe eta intelijentzia, balorea, baina kroniketan ez da emakume protagonistarik.
Oihane: Bonbardaketea bizi eban emakume batek dinoan legez, zeozer esaten badozu, kontuz gero. Ez dakigu nor dagoan entzuten eta zer entzun behar daben hareek. Urteak pasau dira eta guk entzun gura izan dogu. Bonbardaketearen momentuan eurek buruan eukiezan galderak guk eurei egiten deutsaguz gaur egun. Euren kontakizunetatik hurrago bizi izan dogu bonbardaketearen eguna. Zelan ez eben kanpairik entzun, zelan ikusi eben pilotoen aurpegia hurretik, zelan ezkutau ziran, sua zelan zan urdina, edo gorria, ikatz errearen modukoa...; erantzunik bako galdera batzuk geratu jakuz, tabuen ganekoak, eta gero eta aukera gitxiago egongo da erantzunak jasoteko. Urteak aurrera doaz, baina ezin gara handik urrundu, gure historia kolektiboaren parte da eta.
3. Gidoia preparetako behar handia egin dozue: alkarrizketak, emakumeen testigantzak, grabazinoak, informazino bilketea, argazki eta liburuak aztertu...; zelako esperientzia izan da?
Eneritz: Sano aberasgarria. Argazki eta testigantzei begira, jazoera horreek gogoratzearen garrantziaz jaubetu gara. Pasadizu hau oraintsu izan dalako pentsamentua jatortzu, momentu honetan antzeko egoerea sufritzen dagozan herrien irudia, guri barriro pasetea ez dala urruneko kontua eta pasautakoa aztertzea, gogoratzea, azaltzea barriro holakorik ez pasetako lagungarri izan daitekelako kontzientzia.
Oihane: Emakumearen inguruan kokatu genduan azterketarako beharra. Gidoirako berba edo kontzeptu giltzak zeintzuk izango ziran aukeratu eta euren ganeko hainbat hausnarketa egin genduzan. Transkribautako berbek euren lekua hartu eben eta berbarik berba esanguraz betetako gidoi bat osotu genduan. Gordintasuna eta poesia josi ziran eta guk gidoia baino, gidoiak deskubridu ginduzan gu, aho zabalik. Sasoiko berbakereagaz fidelak izan gura genduan eta testuinguru egokian gengozan horretarako.
4. Orain arte ezagutzen ez genduzan kontu batzuk be deskubriduko zenduezan beharbada bilketa prozesu horretan...; bonbardaketea oinarrian dagoan arren, kontu asko ezagutarazo gura izan dozuez, zeintzuk dira obrearen helburuak?
Eneritz: Helburuak asko izan dira:
-Gerrearen lazturea eta injustiziak gogorarazotea.
-Txikiaren kontrako botere gehiegikeriak salatzea.
-Emakumeon ahotsak entzunarazotea.
-Orduko emakumeakazko alkartasuna erakustea, itzaletik, ilunpetik ataratea.
-Orduko emakumeen bizimodu eta sentipenak aztertu eta aitzea.
-Gure herriari bere memorian sakontzen laguntzea.
-Guk geuk, nundik gatozen eta nortzuk garan aztertu eta aitzea.
5. Enara, obrako protagonistearen ikuspegitik jorratu dozue gaia, andrazko baten ikuspegitik. Zergaitik? Gizonezko baten ikuspegia diferentea izango litzatekela pentsetan dozue?
Oihane: Ezin dau bardina izan inondik inora be. Emakumearen papela eta gizonarena desbardinak ziran. Neskak bizikletan ibiltea be astakeria zan abade batentzat. Muga etiko, sexual eta sozialak ez ziran bardinak emakume edo gizonentzat. Emakumeak ez eukan lekurik frentean. Emakumea zutabe zan etxean. Historiako orriak gizonen izenakaz idatzita dagoz, baina emkumeek euren lekukotza garbia dauke. Euren istorio propioa daukie kontetako historiaren barruan. Guk istorio bat kontau gura izan dogu, Enararena.
Eneritz: Nire ustez arraroa kontrakoa litzateke, biok emakume izanik obrea gizon baten ikuspuntutik aitzea. Zergaitik beti galdera hau? Gizon baten obran gizonaren ikuspuntutik begiratuko balitz inork ez leuke itaunduko “zergaitik gizonaren ikuspuntutik?” Naturala da, emakumeak gara eta printzipioz gehiago identifiketan gara emakumezko personaiakaz, horrek ez dau esan gura gizonezkoen personaiak aztertzea interesgarria ez litzatekenik.
6. Antzezlanean makinatxu bat erregistro erabilten dozuz eta deskantsurako tarte larregirik be ez daukazu filminak, off-eko ahotsak edota Haimar Arejitaren kitarra soinuak kenduta. Ordubete inguruko bakarrizketa horretan, interpretazinoaren aldetik zein da zuretzako momenturik gatxena?
Oihane: Eneritz eta biok behin baino gehiagotan aitatu dogu antzezlan hau egiteko fondoa behar dala. Gorputzak eta ahotsak lan handia daukie. Barrua ukutzen deutsuen sentipenakaz jokatu behar da ganera. Ordubetean tensinoari eustea eta jausten ez ixtea da giltza. Egunak eta egoera personalak baldintzatzen dau momentu bat bestea baino gatxago izatea.
7. Bertsotan egindako ibilbideak balio izan deutsu oro har interpretazino beharretarako?
Oihane: Bertsolariak bapatekotasuna lantzen dau, berbakaz jokatzen eta jolasten ikasten dau. Antzerkirako oso baliagarriak dira tresnak bi horreek.
8. 'Ez da ezer paseko, ze Gernikan jente katolikua dago', sasoiko jentearen eretxia zan baina zoritxarrez bonbardaketeak gauza asko jarri ebazan hankaz gora, ezta?
Oihane: Bonbardaketearen aurretik, erretirautako gudarien batailoiak egozan Gernikan, biztanlegoa aldatu egin zan. Bonbardaketearen ostean, Italiatik, Alemaniatik eta Marokotik etorri ziran herria okupetan. Egoera anormala zan bonbardaketearen aurretik eta gero. Aurretik errepublikanuengaitik batek esan ebana daukat gogoan: "ahora que ibamos a comer garbanzos, van y nos queman las iglesias". Herritarrek eleizea defenditzeko txandak egiten ebezan. Bonbardaketea pasau zanean, jainkoari eskatzen eutsen laguntasuna errezuetan. Erasoaren ostean, “moroek” eleizetan egindako astakeriak aitatzen ebezan. Sinismen katolikoa abiapuntu hartuta, azterketa mardula egin leiteke.
Eneritz: Frankistak Euskaldun nazionalisten antzean katolikoak ziranez eta anarkistak, barriz eleizearen kontrakoak, erlijiodun jentea errespetauko ebela pentsetan eben batzuk.
9. Gernikako bonbardaketearen sasoiko gizarteak eta emakumeen jarrera eta posizinoak ez dauka zerikusi handirik gaur egungoagaz...
Oihane: Hareek ziralako gara gu. Eta soka hori ez ikustea ezinezkoa da.
Eneritz: Hemen gauzak aldatzen doaz apurka apurka egia esan. Halan da be aldaketa horreek ez dira persona guztietara eta gizarte guztietara modu eta erritmo berean heltzen. Emakumeon papel zahar horren historia oso luzea da eta bere eraginak gura barik atrapetan gaitu. Barrura begirako hausnarketa sakona behar da hori benetan aldatzeko. Gizartean eta legeetan eragina izaten ari dan banakako hausnarketea.
10. Azken boladan, emakumeen kontrako erasoak ugaldu egin dira eta gizon eta emakumeen arteko bardintasunerako asko falta da. Giro horretan, martiaren 8ko Emakumearen Eguna ospatzeko asmorik badaukazue?
Oihane: Urteetan zehar efemeride hau ospatzeko baino gehiago gogorarazoteko izan da. Emoten jakon enfokean nire zalantzak daukadaz. Emakumeon kontrako erasoak inplizitu eta esplizituak dira. Baina erasoak noz izan dira gitxiago. Eraso asko eta asko erantzun faltan dagoz, inguru hurretik hasita. Eta lan sakona dago emakumetasunaren inguruan. Egunero bizi dot martiko zortzi hori. Egunero pozten naz emakume nazalako eta egunero saiatzen naz izate hori lantzen.
Eneritz: Nik neuk, egunero ospatzeko asmoa daukat. Nere beharraren bidez, gizarte honetan emakumeok daukagun presentzia eta ahotsa entzun arazoten eta bultzatzen saiatuz.
Koldo Isusi Zuazo