Bertsotan  I. urtea // 3. zenbakia - 2002ko bagilaren 1a - Hamaboskaria

Sorginen Akelarrea


Doinua: 'Barruaren barrutik'

1
Ezkaratzeko leiho ertzean
iletargia hodei atzean
otso uluak mendi ganetik
kilker hotsa baratzean
artega eta aztoratuta
txakurra ahausi latzean
mesfidantza bihotzean
gure auzoko atso zaharra
sartu da sasi artean.

2
Sasi ganetik izar ondora
zeru azpitik auskalo nora
begi arrotzek zertan dabilen
ikusi ezean hoba
gaulendiaren denoduaren
mendeko danez denbora
demonioen altzora
erratz ganean ortzimugarantz
hor doa gora ta gora.
3
Aurrekaldean larre ederra
atzean troka ta mendizerra
gaiztakeria dauko helburu
zelango andra okerra!
Aztikerien keia darion
suak argituz bazterra
sorginkerien maizterra
urrezko tronu baten ganean
jarrita dago akerra.

4
Akerbeltzari aurrez jarrita
errituala gartsu hasita
harrokeriaz ekarten dabe
malefizioen kronika
sekula santan ukatu barik
infernurako gonbita
soinekoak erantzita
suaren bueltan dantzan dabiltzez
zantzo eta irrintzika.

5
Prakagorrien gurari danez
eta goikoen desira betez
eskaintzak egin behar gizaki
zein animalia hilez
errubakoak suleizerako
gar sendoenetan errez
deabruaren ohorez
hurrengorako betebeharren
aginduak jaso dabez.

6
Iluntasunak indartu arren
akaberea heltzen da zeren
bi nortasundun izaki horrek
hartu behar dau atseden
gaba babesa dan bitartean
egunsentia dolamen
behelainoa gozamen
nork bere etxera alde egiten dau
oilarrak jo baino lehen.

7
Errauts artean mukur errea
etxegainetan kanpandorrea
katu baltzaren begietako
distira bitxi arrea
amama eta aitite zaharren
algara zein haserrea
ezkutuko irribarrea
magia eta misterioa
sorginen akelarrea.

Miren Ibarluzea.

Sorginak sartu dira Sarean. Ez dakigu nortzuk diran eta nondik datozen, baina gauerdiko otso uluek iragarri dabez. Akelarrea antolatu dabe gau osorako eta suaren inguruan, kantu eta dantza, goizaldera arte iraungo dauen erritualari ekin deutse...

Aurreko hilean Balendin Enbeitaren bertsoak aukeratu ostean, bertso barrietara egin dogu salto eta neska gazte batek idatzitako sorta ederra dakartsuegu. San Joan gaua hurreratzen joaku eta girotzeko aproposa izan lei.

Miren Ibarluzea bertso-jartzailea

Hamazortzi urteko mungiarra, egunotan batxillergo ikasketak amaituta, ditxosozko selektibidaderako estu eta larri ibiliko da. Itzulpengintza ikasketak egiteko asmoa dauka eta denpora librea, orain artean legez, bertsolaritzeari eskainiko deutsola be badakigu. Jon Lopategiren eskutik dabil bertsoen mundua ezagutzen, eta honezkero frutuak be ikusten hasi gara: BBK sariketan irabazlea izan zan, Ipar-Uribeko taldeagaz kantau eban eta jokoan dan Bizkaiko Eskolarteko Txapelketan finalerako sailkatuta dago nagusien atalean. Motibazino faltarik ez dau izango, Euskal Herriko finala bere herrian izanda! Baina Mirenek bat-batean kantau ez eze, idatzi be polito egiten dau. Sariek erakusten dabe hori. Bizkaiko Eskolartekoan lehenengo saria irabazi dau idatzizkoetan, eta ale honetako bertso-sorteagaz Mungiako San Antontxu bertsopaper lehiaketea irabazi eban gazteen atalean. Gaztetxuagoei irakasteko denporea be atara dau Mirenek eta Taket Bertsolaritza Alkartean 11-12 urteko umeakaz dabil zeregin horretan. Nondik atarako ete dau horrenbeste asti? Sorgin kontuak akaso?

Bizkaieraz idazten ausartu da Miren. Ereduaren bila gabilzan sasoian, nork bere ahalegina plazaratzea eskertzekoa da. Ahozko berbakeratik urrun bada be, geure euskalkian hurragokoak eta naturalagoak begitantzen jataz neuri bertsoak. Ez pentsau asko diranik bertsoak bizkaieraz idazten dabilzanak, eta gitxiago horren gazteak.

IƱaki Aurrekoetxea