Cold Mountain
Pelikula honen arazo nagusia sinisgarritasun faltea da. Inork ez dau bere egiten filmean agiri dan maitasun istorioa; ikusleek ez dabe sinisten Inman eta Ada bene-benetan maiteminduta dagozanik eta hori filmaren zoritxarreko sarrerearen ondorioa besterik ez da; izan be, protagonistek alkar ezagutzeko modua lar behartuta sartu diran flashback desegoki batzuen bitartez azaltzen da eta horrek beharrezko errealismo ukutu hori kentzen deutso 'Cold Mountain'-i.
Nire eretxiz, egokiagoa izango zan egitura klasikoago eta linealago baten bitartez ikustea zein zan Adak eta familia osoak gerra aurretik eukien bizimodu lasaia, zelan ezagutu eban Inman eta zelan bideratu ziran bien arteko hartu-emonak. Ostean, mutilak gerrara joan beharko eban, eta, ibilbide luze baten ostean, etxera bueltau. Ganera, flashback aldrebes horreek gorabehera, Minghella-k protagonistearen itzulerea lar atzeratu eta horrek ikusleen interesari kalte egin deutso agiriko moduan.
Era berean, gidoiak ez dau ezelan be arintzen metraje zati hori eta filmaren beste karga bat da. Edozelan be, antzezleek pelikulearen maileari eutsi deutsie. Jude Law eta Nicole Kidman-ek ostera be erakutsi deuskue antzezle modura daben kalidadea. Renée Zellweger-en jarduna bitxia baina ona da, pertsonaia honen izakera berezian oinarrituz. Bigarren mailako antzezleen izenak be ezin doguz bazterrean itxi: Eileen Atkins, Philip Seymour Hoffman, Giovanni Ribisi, Brendan Gleeson, Kathy Baker eta, batez be, Donald Sutherland zoragarria eta Natalie Portman on-ona.
Azkenik, Gabriel Yared une erromantiko eta dramatikoetarako musika egokia egiteko gauza izan da, baina, laguntzak laguntza, pelikuleak ez dau lortu, guztiok, zuzendari eta antzezleen izenak ikusita, hasikeran itxaroten genduan mailarik.
Joseba Terreros
- Zuzendaria: Anthony Minghella.
- Herrialdea: AEB.
- Iraupena: 155 minutu.
- Antzezleak: Jude Law (Inman), Nicole Kidman (Ada Monroe), Renée Zellweger (Ruby Thewes), Eileen Atkins (Maddy), Brendan Gleeson (Strobod Thewes), Philip Seymour Hoffman (Veasey abadea), Natalie Portman (Sara), Giovanni Ribisi (Junior), Donald Sutherland (Monroe abadea), Ray Winstone (Teague), Kathy Baker (Sally Swanger)...
- Gidoia: Anthony Minghella; Charles Frazier-en liburu baten oinarrituta.