Euskerea berbagai  III. urtea // 48. zenbakia

Mundu margulean


Argi itxi guran zer dan argi itxi gura dodana, euskaldunak itsuak izan ziran zenbait kolore ikusteko, eta ganera, koloreen izenak ez ziran bakarrik aspektu kromatikoak zehazteko adjektiboak, beste hamaika gauza adierazo eitekezalako berba honeen bitartez. Ezin pentsau geinke hizkuntza danak bardinak diranik edota baliokidetza absolutuak posibleak dirala ehuneko ehunean edozein hizkuntzatik edozein hizkuntzara. Itzulpengintzearen munduan muturra sartu guran dabilen batek dinotsue, gauza batzuk ezin dirala itzuli, mailegatu edo eratorri. Bestela, zelan esaten da euskeraz berba bakarrean “arreba”, edo zergaitik hamarratsak zortzi garro baino ez daukaz gaztelaniaz?

Aurreko esaldiko “berba bakarrean” kontzeptua be garrantzitsua da. Hizkuntzearen ekonomia esaten jako horri. Bazkalostean ebakia eskatzen dan legez “kafe bat esne apur bategaz ebakia” baino, gizakiak ohiturea dauka denporea alperrik ez galtzeko, intentzino osoz egiten dauanean ez bada. Ondorioz, nahikoa eskatzen jako persona bati “berde iluna” esaten dauanean, aspektu kromatikoa zehazteko “oliba berde ilun gogorra” esan beharko baeban be.

Eta berdea aitatu dodala, zergaitik ez dago berde berbarik euskeraz? Egon baegoan, baina ez berde orokorra aitatzeko. Euskal Herriko mendi, baso eta larreak ikusten badoguz, berde mota bat baino gehiago ikusiko doguz: argia, iluna...; New Yorkeko bizilagunek, bertan egin diran ikerketen arabera, grisaren ehun tonalidade baino gehiago bereizten dabez. Maoriek antzera egiten ei dabe basamortuaren kolore gorriagaz. Inuitek be bai edurragaz, baita Alaskan bizi diran herriek be. Hala ta guztiz be, ez dabe bakarrik kolorea bereizten, edur edo harri mota ezbardinak desbardintzen dabezalako aldi berean: edur izoztua, elur urtsua, harri gogorra, harri biguna...

Literaturzale erromantikoek jakin dagien, “itsaso urdin” esakerea antxina ur bare ugerrak adierazoteko erabilten zan. Urdina hori be badalako. Zuria zuraren kolorea da. Eta ortzadarrak zazpi kolore baino gehiago daukaz.

Xabier Paia

Holakoa da mundua ikusten ez dabenentzat, edota munduan dana grisa edo baltza dala esaten dabenentzat. Akaso orduan ez da margula izango, bai ostera, margobakarra. Tira, ez dagizuela pentsau berbak asmatzen hasi nazena edota Sabino Aranaren garbizalekeria berpiztu gura dauan zoro bat nazena. Izan be, hori pentsetan badozue nitaz, horrenbesteko eretxia eukiko dozue Txema Preziado eta Alfontso Martinez Lizarduikoaren ganean, eurak diralako honen berbearen barri emoten dabenak euren Euskaldunen kolore-unibertsoa liburuan.

Margula berbeak margorik bakoa esan gura dau: margo+ul. Nik neuk ez deutset propaganda larregirik egingo, aintzineuskerearen barri sakonago izan gura dauan orok leidu beharko leuken liburua dala pentsetan badot be. Orain inoz baino gehiago (kanpainan gagozalako), ondo dago jakitea euskaldunok nora joan behar dogun eta zein dan geure helburua, baina ezin dogu ahaztu nondik gatozen, izan ziralako baikara, eta garalako izango baitira.

Beraz, ez neuke zurikeriatan hasi gura, beharrean baizik. Zuria berbea aitatu dot eta honek emongo deust gaian sakontzeko aukerea: kolorea al da zuria berbea euskeraz? Egia da baiezkoa emoten dauanak ez dauala EGA azterketan porrot egingo, baina euskaldun ona baldin bada, esan beharko dau ez dana kolorea bakarrik. Izan be, gauza asko izan ahal dira zuriak euskaraz, margo zuria gainetik izan barik; bestela esanda, baltzak be zuriak izan ahal dira Euskal Herrian. Persona bat zuria dala esango dogu faltsua dala pentsetan dogunean. Baltz zuriak ez deutso baltza izateari itxiko, ezta narru gorritan be, ezta ulea urdinduten jakonean: arpegi larututa be ez zan zuria izango (Michael Jacksonek teoria lurrera botaten deust, baina). Azken esaldi honi erreparauta, pentsau daigun zenbat “kolore” berba erabili geinkezan inoren ganean berba egiteko espektro kromatikoari erreferentzia egin barik. Badira berba batzuk, ezta?

Har daigun Azkorri berbea: Euskal Herriko mendi ezagun batena ezezik, Getxoko landa zabal baten uzena be bada Azkorri. Toponimiak normalean lekuko arrazoiren bat izaten badau, zelan izan leiteke mendi batek eta larre batek uzen bera eukitea? Erantzuna erreza da: gorri berbeak kolore esanahia dauka alde batetik, baina bestetik ausentzia, eza edo bakotasuna be esan gura dau. Aitz+gorri > Azkorri. Harrien ausentzia ala harri gorria?