Erreka mistikoaren itzulerea
Eta, egia esan, ez deutsat meriturik kendu gura pelikula on honi, baina aldarrikatu gura neukez beste bi filmen dohain eta ontasunak: batetik, 'Mystic River', askoren ustez, urteko pelikularik onena izan dana; eta, bestetik, ikusleen oneretxia jaso ez baina zuzendaritza lan ikusgarria euki dauen 'Master and Commander' pelikulea. Eta Sean Penn-i emondako saria bidezkoa izanagaitik be, ez naz lar poztu Clint Eastwood eta, batez be, orain arteko ibilbide luzean bost izendapen izan dituan Peter Weir zuzendaria ostera be sarietatik kanpo ikusikeran.
Sofia Coppolak astia izango dau aurtengo 'Lost in translation' filmak ezustekoan erakutsi deuskuzan distirak sendotasun handiagoagaz ostera be azaltzeko eta aurten esandako gauzak atzera be adierazoteko. Beste lankide batzuei pasau jakenaren antzera, beharbada ez da alfonbra gorritik barriro ibiliko, marketingaren gustu estandarretan sartzen ez bada eta estadubatuarren adimen-heldutasun urrirako produkturen bat egiten ez badau. Baina hori, oraindino, ikusteko dago.
Azken baten, hau guztiau gusto kontua besterik ez da; eskatzekotan, AEBetako gobernuak ezarritako zentsura lotsagarriaren kontrako aitamenen bat eskertuko neban, baina inor ez da ausartu George W. Bush-ek zuzentzen dauen erreka mistikoaren ur ugerrak garbitzeko eskatzen; batzuk, aurki, horrek eragin leikezan uriolen bildur izan dira.
Joseba Terreros
'Eraztunen Jauna' izeneko trilogia gustoko izan dodala autortu arren, larregi begitandu jat AEBko Akademiako kideek film honi sari nagusirik gehienak emon izana. Inork ezin dau ukatu hamaika izendapenetik hamaika sari lortzeak ez dakarrena iruzur sundarik. Are gehiago, kontuan hartzen badogu saga hau jarraian filmau zala eta profesionalen lan ona antzekoa izan dala lehenengo eta bigarren filmetan; bide batez, esan beharko litzateke, gehienon ustez, bigarren zatia, 'Eraztunen Jauna: torre biak' askoz be hobea eta osoagoa izan zala.