Moralaren gerrea San Franciscon
Estadistikak eta estatubatuarren eretxia
Estatubatuarrik gehienek ez ei dabez ezkontza homosexualak onartzen, baina, galdeketa guztietan legez, erantzuna itauna egiteko moduaren arioan aldatzen da. Newsweek-en esanetan, herritarren % 23 honegaz guztiagaz bat dator, baina beste % 24k gay-en arteko ezkontza zibilak onartuko leukez arazo barik. Gallup-aren arabera, biztanleen % 53 Bush-ek proposaturiko zuzenketearen alde dago eta % 44 kontra, baina, Pensilvaniako Unibersidadearen galdeketa bati jarraituz, % 48 Bush-en proposamenaren kontra dago eta % 41 alde.
Oso gatxa izango da zuzenketa proposamenak arrakastea eukitea. Izan be, kongresuaren heren biren eta estaduen % 75en aldeko erabagia behar da, eta, ganera, konstituzinoak berak bermatzen dau AEBetan sagraduak diran printzipio bi: bardintasuna eta bereizkeriarik eza. Baina Bush-en helburua ez da zuzenketeak aurrera egitea, ezpada hauteskundeak ostera irabaztea. Horretarako, muturrekoen mobilizazinoa behar dau eta moderatuen gaitzespena. Atlantikoaren bestaldean be hasi da kanpainea, baina hauteskundeak irabazteko erabili beharreko euskarri ideologikoak edozein izanagaitik be, emoten dau Estadu Batuetan homosexualen arteko ezkontzak errealidade bihurtuko dirala hemendik gitxira.
Begiluzea
Une honetan milaka bikote homosexual ezkontzen dabilz orain dala 50 urte baino gehiago Marilyn Monroe eta Joe DiMaggio ezkondu ziran San Franciscoko Udaleko eskailera berbertan. George W. Bush artega be artega ei dabil San Franciscoko 'maitasun negua' oso oparoa izan dalako eta, batez be, Massachusetts-eko Auzitegi Nagusiak gay-en arteko ezkontzak galazotea konstituzinoaren kontrakotzat jo daualako. Ganera, hauteskunde giroa aprobetxau eta konstituzinoari egin beharreko zuzenketa bat proposatu dau, ezkontzak andra-gizonen artean baino ez dirala egin behar legez ezarri daiten. Eskuma erlijiosoak are gehiago gura dau eta demokraten buruzagiak polemika honek ekarri leikezan ondorioen bildur dira.
Makina bat frontetan dagoan gerra bat da, baina batzuek ez dabez ikusmiratik galdu gura zemendiko hauteskunde orokorrak, gai honek sortu eragiten dauan gizarte banaketea aprobetxetako. Bien bitartean, lehenengo erabagi sendoa igazko zemendiaren 18an hartu zan Massachusetts-eko Auzitegi Nagusiak gay-en bikoteen ezkontzak egiteko lizentzien aldeko epaia emon ebanean. Ostean, aurtengo zezeilaren 12an, Gavin Newson, San Franciscoko alkateak sexu bereko ezkontzak baimendu ebazan, Kaliforniako Familia Kodeak ezartzen dauanaren kontra.
Auzitegien eretxia
Era berean, zezeilaren 27an, Kaliforniako Auzitegi Gorenak –orain dala 56 urte arraza desbardineko personen arteko ezkontzak baimendu edo orain dala 25 urte homosexualen bereizkeriaren kontrako epaia emon ebana– egun horretara arte emondako 3.500 lizentzia inguru ezeztatzeari uko egin eutson, San Franciscoko alkatea salatu daben talde ultrek gura ebenari muzin eginez. Alkateak, aldi berean, Familia Kodea auzitara eroan dau, beraren eretxiz, bereizkeria bultzatzen daualako. Bariku berean Gizarte Segurantzea be gatazka honetan sartu eta bere bulegoei San Franciscon edota edozein udaletan (New York-eko New Paltz-en be hainbat ezkontza homosexual egin dira) emondako ezkontza ziurtagiriak ez onartzeko agindua emon eutsen. New Paltz-eko kasu honetan be, New York-eko fiskalak, Eliot Spitzer-ek, herri horretako zeremoniak eteteari uko egin eutson.
Legezko bikote bat ezkontza bitartez osotzeak jabetza, oinordekotza, aseguru eta pensino eskubideak dakarz, besteak beste. Ezkontzarik ez badago, ostera, eskubide horreek guztiak gauzatzea sano gauza korapilatsua izaten da. Azken baten, horixe da ekimen honen atzean dagoan helburu nagusia, eskubideak parekatzeko bidea jorratu ahal izatea.