Musikea  III. urtea // 48. zenbakia

Aurtengo 'Euskal Herria Zuzenean' kolokan


EHZ Jaialdia hainbat talderen artean antolatzen dabe eta 'Herrien Eurorocka World konpainien kontra' lelopean, herrialde askotako musika taldeek parte hartu izan dabe aurreko urteotan, besteak beste, Zebda, Hamlet, Skatalites, Lou Serioul, Sorkun eta Skunk.

Antolatzaileek Euskal Herriko aldarrikapenakaz zein globalizazino neoliberalaren kontrako mobimentuen asmoakaz bat egin izan dabe eta bildutako dirua hainbat kultur proiektu bultzatzeko erabili izan da, besteak beste, Berria egunkaria, Maliko Bourem herriko emazteen alkartea, Aldudarrak alkartea, AEK, Ortzaizeko eta Miarritzeko ikastolak, Xalbador ikastetxea, Irulegiko Irratia, Seaska edota Ikaspilota.

Bizkaie!

EHZ Jaialdia Arrosako zelaietatik (Nafarroa Beherea) Hazparneko kaleetara (Lapurdi) eroatea zan asmoa baina Jacques Comet, Hazparneko Alkate jn.ak segurtasun arrazoien atxakiagaz baimenik ez emotea erabagi dau. Antolatzaileek gogor salatu dabe Comet jn.aren erabagia inogaz kontau barik hartutakoa izan dala eurei ezelako konsultarik egin barik. Ganera, antolatzaileen esanetan, aspaldi beharrean ebilen segurtasun batzorde bat jaialdiaren antolaketea modu egokian egitea bermatzeko. Kontuak kontu, martiaren 13an Biltzar Nagusia egingo dabe antolatzaileek egoerea aztertu eta erabagiren bat hartzeko.

Esandako moduan, orain arte Arrosako Xohatia haraneko zelaietan egin izan dan Euskal Herria Zuzenean jaialdia baina jaialdiak lurzatiaren jaubeari nekazaritzarako aukerak mugatzen eutsozala eta aurten Hazparnen egitekoa zan musikea konsumitzeko lekua baino gehiago, ekintza interaktiboak bultzatzeko helburu argiagaz.

Hazparneko lekua bera egokiagoa dala pentsetan dabe antolatzaileek, bai teknikearen aldetik eta bai espazioagaitik, egokiagoa dala bisitaria aktore bihurtzeko. Herriko txoko ugaritan antzerkia, filmak, dantza saioak, kantuak, erakusketak eta bestelakoak egon dira aurreikusita aurtengo Euskal Herria Zuzenean jaialdirako, garagarrilaren 2, 3 eta 4an egitekoa dan EHZren bederatzigarren edizinorako.