Sarean  III. urtea // 48. zenbakia

‘Olerti’ gerra osteko literatur aldizkaria sarean


‘Poesiari emona izan zan ‘Olerti’, gerraostean jaiotako literatur aldizkari esanguratsuena ta Egan zein Euzko Gogoaren hirugarren hankea’, dino Mikel Elortzak. Izan be, argitalpena Francoren diktaduran euskera hutsean idazten zan. Ganera, Euskal Herrian bertan zabaltzen eben. Denpora gatxak zirala dudarik ez dago, batez be aldizkariari ekiten eutsenek (editore, idazle, itzultzaile, irakurle ta bestelakoek) literatur proposamenari eusteko alde batetik, ta bestetik zentsura sasoietan aurrerantz segitzeko. Hori dala ta, Onaindiak argitalpenei liburu etxurea emoten eutsen, izenburu ta guzti: Gaztañadi edo Udazkena berbarako.

Gaur egun Interneten ia edozer (‘ia’ formalidade terminoa baino ez da, beti dagoalako -eskerrak- salbuespenen bat) topau geinkela edonork daki. Horregaz jaubetuta, Euskal literatur aldizkarien gordailu ahalik eta osoena atontzea erabagi eban Susa-k 2000. urtean. Bizkaiko Foru Aldundiaren diru laguntzinoagaz batera, Ibiñagabeitia Proiektua aurrera ataratea lortu eben hurrengo urtean. Egitasmo honek ezaugarri garrantzitsu bi daukaz: argitalpenak digitalak ta dobanekoak dira. Gaur egungo gure literaturako idazleen lan askoren korronteak, eretxiak ta eztabaidak aldizkarietan topau daitekezanez, danak liburutegietan eskuragarri eukitea gatxa dala esan beharrik be ez dago. Horretan oinarrituta, argitaratzen ez diran XX. mendeko azken 25 urteotako literatur aldizkari garrantzitsuenak batzen dira gordailu digitalean.

Hemetik aurrera, honenbestegaz, ez daukagu atxakirik sasoi bateko literatur argitalpenak ez irakurteko. Interneten sartu besterik ez dogu egin behar. Hori bai, bidea markau deuskue, baina ibili guk geuk egin behar dogu.

Saioa Torre Gereketa

Susa argitaletxeak Ibiñagabeitia Proiektuko Literatur Aldizkarien Gordailuan ‘Olerti’ aldizkaria digitalizau dau. Daborduko sarean irakurri geinke ondoko helbidean:http://www.armiarma.com/andima/oler.

1959. urtean Santi Onaindiaren eskutik sortu zan aldizkaria. Guztira 38 ale dira, baina bi alditan bananduta dagoz: lehenengoa sortu zan urtetik 1969. urtera arteko argitalpenakaz. Bigarrena, barriz, 1980tik 1994ra artekoakaz. Denpora-tarte horretako geldialdiaren arrazoia zentsurea izan zan, 1970ean Espainiako Gobernuak argitalpena galazo egin eban ta. Ordurako, askotan saiatu zan Onaindia debekuari aurre egiten, Manuel Fraga Iribarne ministroaren behin-betiko agindua jaso eban arte. Zorionez, egoerea aldatu egin zan (hamar urte beranduago, baina) ta Eusko Ikaskuntzearen babesean bigarren aldi horreri ekin eutson ‘Olerti’-k.

Idazle ezagun askok idatzi eben hiruhilekarian, berbarako, Jon Mirande, Bitoriano Gandiaga, Mikel Zarate, Gabriel Aresti eta Orixek. Ganera, Onaindiak derrigorrezkotzat joten eban irakurle euskaldunei atzerriko literaturea ezagutarazotea; hori dala ta, William Shakespeare beraren testuak be topau geinkez aldizkarian. Mikel Elortza, Susako arduradunaren esanetan, ‘Olerti’ XX. gizaldiko gerra ostean literaturan egon ziran ibilaldiak aitzeko nahitaezko giltza da. Gaur egun idazle horreen lanak eskuratzea ta liburutegietan euskerara itzulitakoen zerrendea topetea gatxa dala autortzen dau Elortzak. Gehienbat horregaitik erabagi dau Susa-k aldizkaria digitalizetea.