Sarean  I. urtea // 3. zenbakia - 2002ko bagilaren 1a - Hamaboskaria

Nagientzako salbazinoa


Hona hemen ikasle nagientzako web orrialde interesgarriak:

www.rincondelvago.com
www.monografias.com
www.apuntes21.com
www.lafacu.com
www.lasalvacion.com
www.ieduca.net

Gotzon Plaza,
Informatikoa.

Ikasleen betiko leloa. Sasoi honetan (maiatzean, bagilean) sarri ikusten doguz bai gaztetxuak eta bai gazteak nahikoa arduratuta azkeneko azterketak dabezalako edo lanak aurkeztu behar dabezalako eskolan edo unibersidadean. Egoera hori ezagutu dogun guztiok jakin badakigu ze nekagarria eta ze gogaikarria dan holako beharretan hastea: beti ixten doguz lanok azkeneko momenturako, eta gero estu eta larri ibilten gara lagunen edo anai-arreben laguntzino eske, denporea ganera jatorkula eta beharrak bihar-etzirako atondu behar izaten doguzanean. Betiko kontua. Azterketak preparetako beti gabilz apunteen bila, jakina, egun batzuetan piper egin eta egun horreetako apunteak derrigorrezkoak dira gane-ganean dogun azterketea ondo preparetako (edo 'txuletak' behintzat ahalik eta zehatzen egin ahal izateko).

Burukomin horreek apur bat mantsotzeko konponbide polita da Interneteko mundu birtuala

Gaur egungo ikasleek teknologia barrien laguntzinoa dabe. Sarritan esan dogu Internet mundua informazinoaren mundua dala. Informazinoa edo datuak dira sarean topau geinkezanak. Arazoa, arlo honetan be, informazinoaz ganezka dagoan zaku honetan bila gabilzana ondo, zuzen eta azkar topetea da.

Momentu baten baino ez bada be, jarri gaitezan ikasleen lekuan: gure etxean entziklopedia handia eskuartean dogula, behartxu bat egin behar dogu ikasturtea amaitu baino lehen, bestela irailean barriro aurrez aurre topauko dogulako maisua edo maistrea. Egin beharreko lanaren gaia aukeratu ondoren, aitatutako entziklopedia edo etxean dogun beste libururen bat eskuartean hartuko dogu. Entziklopedia horretan guri ondo jatorkuzan artikuluak topau ondoren eta gure ideiak argitu ostean, beharrari ekingo deutsagu: artikulu batetik gauzatxu bat, bestetik beste zatitxu bat, eta holan gauzak kopiauta, gure beharra itxurea hartzen joango da. Azkenean, beste bueltatxu bat emon eta kitto, amaitu dira gure nekeak.

Gaur egun benetako entziklopedia erraldoia dogu Interneten, erraldoiegia beharbada, eta horixe da Interneten akats nagusienetarikoa, hau da, informazino asko dagoala, baina modu zuzenik ez guri interesetan jakuna topetako. Saltoka ibiliko gara eta, duda barik, zenbat-gura informazino topauko dogu; baina ikasleak beti ibilten dira, ibilten gara, arineketan eta ez dogu astirik pantailearen aurrean orduetan egoteko. Ganera, sarritan mirariak behar izaten doguz, eta beharra goitik behera eginda balego!, horixe izaten da amesetea.

Miraria, eskolako beharrak burua larregi kantsau barik eginda

Gaur egun, badagoz Interneten beharrak eta apunteak zehatz osotuta, eta behealdean gure izena ipintea, sinatzea, baino ez jaku faltako. Web orrialde horreetan sartzen garanean, aukeratu egin behar dogu beharrari jagokon gaia (gai nagusia), eta atoan ikusiko doguz zeintzuk diran gai horri buruz dagozan lanak. Hurrengo pausua papelean ataratea edo gure ordenagailuaren disko gogorrean gordetea eta dokumentu horren ganean gura doguzan aldaketak egitea izango da; baina, jakina, sinatzea ahaztu barik.

Web orrialdeotan, ikasgai askotako apunteak edo beharrak topauko doguz, ondo sailkatuta. Dana dala, ez ahaztu web orri horreetan edozeinek dauela sartzeko modua eta, jakina, han dagozan dokumentuak hartzeko aukerea. Hori guztia zeren truke? Ba, beste ikasle batzuen laguntzinoa eskatzen dabe, ahalik eta apunte gehien batzeko eta, era horretara, web orrialde horreek gero eta informazino gehiagoren kokagune bilakatzen dira.

Internet entziklopedia-multzoa baino gehiago da, ez bakarrik informazinoa jasoten dogulako, guk geuk be informazinoa emon be emoten dogulako. 'Entziklopedia birtual' hori eten barik hazten dago eta horren erakusgarri rincondelvago.com web orria da: nire uste apalean, berau dozue osoena eta erabiliena, gero eta informazino gehiago dakarrena.

Ikasle gizajoak zer egingo dau gura edo behar dauen beharra topetan ez badau?

Onena laguntzinoa eskatzea da. Orrialde horreetan badagoz holako 'iragarki-txokoak' eta hantxe ipini geinkez gure laguntzino eskaerak: 'mesedez, biharko derrigor behar dot Descartesen obrearen ganeko beharra; benetan eskertuko neuke'. Ondorik, erantzunaren zain egotea baino ez dago.

Kontu hau guztia etikoa ete da?

Beharra guk geuk egin beharrean beste batek egindako lana aprobetxetea. Bateren batek esango dau, ba, ez dala etikoa, baina beste batek erantzungo deutso ze, ez bakarrik informazinoa sortzea, informazinoa bilatzea be gauza garrantzitsua dala, denporea urrea dala eta alperreko beharrak egiten ibilteko sasoia joan zala behin betiko. Teknologia barriakaz datuez ganezka gagoz; sarritan datu-multzo horretatik behar doguna topetea arazo handia izaten da, eta hor sartzen da jokoan norberaren trebezia. Zertarako eta zergaitik ikasi behar dogu 'Kode Zibila' buruz gero erabilten ez badakigu? Informazinoa hortxe dago: guk ahalik eta arinen topau eta behar dan moduan erabilten jakin behar dogu.