Lehendakari ostikolaria San Mamesen
Jose Antonio Agirre Athleticen
1924-25 denporaldia izan zan Agirrek Athleticen jokatu eban onena. Lehenengo partidua Deustuarren kontra jokatu eban 1924ko zemendiaren 30ean; partidu horretan sartu eban bere lehenengo gola. Partiduko laugarrena izan zan: Allendek parera etorri jakozan aurkari guztiak gainditu eta Txirriri bota eutson baloia. Honek luze emon eta Agirrek buruz, sareetara bialdu eban baloia. Hurrengo eguneko egunkariek Agirreren berragerpena jaso eben elementu bikaina zala esanaz. Denporaldi horretan, beste partidu bi jokatu zituan Agirrek: Barakaldoren kontra lehenengoa, 1925eko zezeilaren 24an, eta Athleticek 8 eta 0 irabazi eban Agirreren gol bigaz. Hurrengo partidua martiaren batean jokatu eban Deusturen kontra. Zazpi eta bi nagusitu ziran zurigorriak eta Agirrek gol bat sartu eban.
Hurrengo denporaldia izan zan Agirrerentzako azkena Athleticen. Partidu bat baino ez eban jokatu. 1925eko urriaren 18an Acero taldearen kontra 2 eta 0 irabazi eben bilbotarrek. Talde zurigorria ordezkoek osatzen eben gehienbat. Azken gola sartu eban Agirrek partidu horretan eta lehenengoa legez, buruz izan zan, Germanek emondako pasea aprobetxauta.
Hauxe izan zan ba, Jose Antonio Agirreren ibilbidea Athleticen. Guztira, bost denporaldi egin zituan Athleticen zortzi partidu jokatuz: zazpi txapelketa erregionaletan eta bat kopan, lau gol sartuz.
Deustuko Unibersidadean, 1926an Zuzenbideko ikasketak amaitu eta abokatu bulegoa ipini eban Bilbon. Orduan kirola alde batera itxi eta bere bizitza goitik behera aldatu zan. Gero izango ziran izatekoak........
Asier Madarieta,
Abertzaletasunaren Museoko Teknikaria
Aurten da Jose Antonio Agirre Lehendakariaren jaiotzaren mendeurrena. 1904ko martiaren 6an jaio zan, Bilboko Alde Zaharreko Gurutze kalean, gero lehenengoko Euskadiko Jaurlaritzako Lendakaria izango zana.
Politikan egindako lana ezaguna da baina askok jakingo dozuenez, Agirre futbolaria be izan zan, hain zuzen be, Athleticeko jokalaria. Gaurko honetan, Agirre ostikolariaren ibilbidean sakondu dogu.
Gaztetatik agertu eban Agirrek bere kirolzaletasuna. Pelotari zein arraunlari ona zan baina futbolari be ekin eutson. Deustuko Unibersidadean Zuzenbidea ikasten egoala, bertako futbol taldean ebilela, Athleticera joateko eskaintzea egin eutsien.
Dana dala, ez daigun pentsau Agirre Athleticen sartu zanean, gaur egungo Athletic topau ebanik, ezta gitxiago be. Athleticen ez egoan profesionalik, San Mamesen 3.500 pertsona baino ez ziran sartzen eta ez zan estadu mailako ligarik jokatzen inguruko taldeen arteko ligatxua baino. Txapelketa honetan, besteak beste, Areetak, Sestaok edo Erandiok hartzen eben parte.
Agirre 1921-1922 denporaldian hasi zan Athleticen jokatzen. Bitartean, Zuzenbidea ikasten jarraitzen eban Deustun. Ez ziran ez Athleticen momenturik onenak. Egia da kopako txapelketan Athletic nagusitu zala, Rafael Moreno 'Pitxitxi' ospetsuak futbola ixten eban partidu berean, baina hasi barria zan 1921-22 denporaldian kazetariek, talde bilbotarraren futbol eskasa salatzen eben.
Agirrek Deustuko taldearen kontra jokatu eban lehenengo partidua, zemendiaren 27an. Bezperako egunkarian emoten zan Agirreren barri. Santanderren jokatutako azkenengo partiduan izandako lesinoen eraginez, jokalari barriak sartu behar zirala aitatzen zan eta horreetariko bat Jose Antonio Agirre zan 'probau gura dan jokalari ona'. Domekako hamaikakoaren barri emokeran ba, Agirrek ezkerretik jokatuko ebala argitzen zan. Partidu bezpera horretan, ordurarte entrenatzailea zan Burton Jaunak partidua jokatu eta hurrengo egunean taldea itxiko ebala adierazo eban. Sasoiko egunkarien esanetan, ez zan norgehiagoka ona izan eta aspaldiko salaketea indarra hartzen joian, hau da, Athletic talde ahula zala. Azkenean, bana amaitu zan domekako hiruretan hasitako partidua.
Denporaldi horretan, bigarren partidu bat be jokatu eban Agirrek eta orduan Athleticek 7 eta 0 irabazi eutson Erandiori. Emoitza horregaz kazetariak ez ziran pozik geratu, arerioaren maila apala kontuan hartuta, ez egoalako Athleticen alde gauza handirik esaterik. Agirrek gol bi sartu ebazan, baina epaileak biak legez kanpokoak zirala erabagi eban, nahiz eta, kazetarien esanetan, euretariko bat guztiz legezkoa izan.
Hurrengo denporaldian, Athleticek Frederik Pentland, 'Mr Pentland' entrenatzaile ospetsua fitxau eban taldea barrizteko asmoz. Beragaz batera heldu zan Bilboko taldera profesionaltasuna. Lehenengo diruak pagau eta entrenetako egun finkoak ipini ziran. 1922-23 denporaldian Agirrek ez eban partidurik jokatu.
Hurrengoan be Agirrek ez eban titular modurik lekua izan taldean. Baina kideen lesinoak tarteko, partidu batzuetan jokatu eban. Lehenengo partidua 1924ko martiaren 2an jokatu eban, Sestaoren kontra. Carmelo aurrelari titularra gaixorik egoalako Agirre zelairatu eban entrenatzaileak. Orduko egunkariek ez dabe Agirreren ganekorik ezer aitatzen eta antza danez partidua ez zan lar ona izan. Denporaldiko bigarren partidua Real Madrilen kontra jokatu eban Agirrek Kopan. Gauzak ez ziran gozoak izan Athleticentzako: Kopako partidua izanda, lehenengo partiduan, Bilbon, bertokoak nagusitu ziran. Bigarrena Madrilen izan zan eta hiru eta huts galdu eban Athleticek. Beraz, hirugarren partidua jokatu behar zanez, apirilaren 15erako jarri eben hitzordua. Athleticen zoritxarrerako jokalari asko egozan lesionauta eta normalean txandearen zain egoten ziranek aukera izan eben, Agirre tartean. Azken partidu hau be galdu egin eben bilbotarrek, Kopatik kanpo geratuz. Dana dala, kazetarien esanetan, bilbotarren jokua eskasa izan arren, partiduko onena Agirre izan zan.