Eretxia  I. urtea // 3. zenbakia - 2002ko bagilaren 1a - Hamaboskaria

Galaxietako gerrearen II. kapitulua, 'Klonen Erasoa', pantailan eztanda egiteko prest


Ziberespaziotik ibilalditxua

Ziberespazioan 'Galaxietako Gerrearen' inguruko informazinoa topetea zeregin nekagarria izan leiteke, istorio honen ganeko guneak larregi diralako. Eta ez da harritzekoa, istorio honen jarraitzaile kopuru ikaragarri handia hartzen badogu kontuan. Gauzak apurtxu bat errazago egiteko, hona hemen George Lucasek sortutako unibersoan ez galtzeko web orrialderik gomendagarrienen aukeraketea. Jantzi praka espazialak, igon espazio ontzira... eta indarrak lagundu deizuela!.

Orrialde ofizialak

Starwars.com
http://www.starwars.com/

Galaxietako Gerrearen istorioaren orrialde ofiziala da. George Lucasek ahalegin handiak egin ditu zale eta jarraitzaileak asetzeko moduko argibideak emon guran. Star Wars-en galaxia esploretako beharrezkoa dan guztia dauka; ganera, film guztien inguruko informazino zabala eskaintzen dau. Gura badozue, izena doban emon zeinkie eta holan zuentzako edukinak lortu. (Ingelesez).

Starwarskids
http://www.starwarskids.com/

Etxeko txikitxuen neurrira egindako bertsinoa da (Ingelesez).

Lucasfilm
http://www.lucasfilm.com

Lucasfilm Ltd. konpainiaren orrialde ofiziala da. Bertara Lucas inperioaren konpainia guztiak batzen dira, besteak beste Industrial Light & Magic (ILM) http://www.ilm.com/ eta Skywalker Sound enpresak batzen dituan Lucas Digital konpainia; horreen jarduna olgeta eta astialdiaren industriaren zerbitzura dago eta efektu bereziak be egin ohi dabez. Lucasen beste enpresa bat thx.com http://www.thx.com/ da; horri esker, ordenagailu bidezko irudiak eta soinuak sortzen dira (Ingelesez)

Lucasarts
http://www.lucasarts.com/

George Lucasen softwareko produktuen jokoak batzen dituan orrialdea, ordenagailu eta kontsola mueta guztiei zuzendutakoa. Era berean, merkaturaturiko joko guztien ganerako informazino gaurkotua dakar (Ingelesez).

Lucaslearning
http://www.lucaslearning.com/

Lucasen beste enpresa bat da. Honek teknologia interaktiboaren erabilerea proposatzen dau umeen ikaskuntza prozesuan. Hezkuntza baliabideak eta softwareko produktuak eskuratzeko gunea da (Ingelesez).

Joseba Terreros

Zinearen historian izan dan sagarik arrakastatsuenak maiatzaren 17an zabaldu dau barriro dirua batzeko kutxea. George Lucasek atzera be pantailaratu ditu mitoaren argi koroa batek inguratutako pertsonaiak, eta orain dala hiru urte baino pelikula heldu eta ilunagoa filmau dauela esan deusku. Dinastia honen lehenengo kapituluagaz lar gustora geratu ez ziran zaleak honezkero hasi leitekez arnasea patxadaz hartzen. Anakin bueltan dator. Eta oraingoan sable laserra dauka eskuartean.

'Galaxietako Gerrearen' beste kapitulu honek aurrekoaren alde gozo eta heldubakoa baztertu dau, hainbat eta hainbat zaleren aurreko kritika errukibakoei aurre eginaz. George Lucasek ez ditu jentaurrean onartu lehenengo trilogiagaz batera hazitako belaunaldiko jarraitzaileek leporatu eutsiezan pekatuak, baina produktua hobetzeko ahalegin handiak egin ditu. Izan be, seriotasunez oratu deutso Olinpoko ateak edegi eutsozan unibersoari, eta Anakin Skywalker gaztea Darth Vader bihurtzeko gakoak aurreratzen dituan film ona eskaintzen deusku.

Euskeraz 'Mehatxu iluna' izentau geinkean lehenengo kapituluan ordu bi igaroten ziran trilogia honetako pertsonaiak aurkezten; 'Klonen erasoa'-ren' kasuan, ostera, ingurumari antzu horreek baztertu eta serie honetako pelikularik osotuena izango dala emoten dau. Orain arte filmautako guztiak baino heldu, ilun, erromantiko eta ikusgarriagoa da.

Anakin Skywalker-en bilakaerea

Produkzino-etxeak kaleratutako lehenengo irudietan argi eta garbi ikusten dan legez, Anakin eta Amidalaren arteko maitasun galarazoaren inguruan bilbatutako istorioa egongo da ikusgai. Robert Redford eta Meryl Streep-en 'Afrikako memoriak' film bikainean irudikaturikoaren antzeko maitasuna gidari, bikoteak Jedien alkarbizitzearen arau zorrotzak urratzen dituan amodioari eusten ahaleginduko dira. Lucasek behin baino gehiagotan azaldu dau 'Galaxietako Gerrea' Anakin Skywalker-en jausialdi eta erredentzinoaren istorioa dala; horregaitik, argumentuari probetxu handia atara dakikeo pertsonaiaren morala hausten doan bitartean.

Lagunek eta arma kideek, batez be Obi Wanek, amodio hau gaitzetsita, modu errazean imajinau geinke onarpenik ezak noraezean dabilen Anakin Skywalker. Ganera, pertsonaia nagusia 'alderdi ilunera' gidatzen daben bildur eta gorrotoaren oinarriak amaren galeran finkatu daitekez edo pertsonaiaren larregizko harrotasunean. 'Mehatxu ilunean' indar neurgailua apurtzeko baizen indartsua zala argi geratu ostean, ez da zentzunbakoa Anakin Skywalker handikeriara ailegauko dan Jedi ikasle modura imajinetea. Entzunda dozue? Enperadoreak ¡Jediren itzuleran¡ Luke kinetako erabilten eban estrategia bera da.

Jauregi barruko azpijokoak

Bien bitartean, Palpatine lehengo senatariak temati segiduten dau politikea ezinezko trikimailuen artea dala frogatu guran. 'Mehatxu Ilunean' kantzelaritzea jadetsi eban eta oraingoan klonen gudaroste ikaragarria sortzearen aldekoa da. Filma promozionetako bideoetan ikusi dan moduan, gudaroste hau Inperioaren eraso tropen kimua izango da; hori guztia, azken baten, lehengo trilogiaren edozein zalek lehengo kolpean ikusi leiken gauzea da.

Pelikulako burruka latzetan 'Mehatxu Ilunaren' antzeko eraso robotak ikusteko aukerea izango dogu; klonek lehenengoz hartuko dabe parte, eta fabula honen zaleek gehien itxaroten daben uneetariko bat ikusiko da: ehunka Jedi zaldunek esku hartuko daben burruka bat. Horreen artean, Mace Windu (Samuel L. Jackson), Dooku kondea (Christopher Lee) eta gerlari ezin bikainago modura jardungo dauen Yoda agertuko jakuz.

Edozelan be, horreek ez dira izango aurreko emonaldien arpegi ezagun bakarrak. Besteak beste, C3PO 'droidea' itzuliko da, estalki barri eta guzti, bai eta hegaz egiteko propultsatzaileak dituan R2D2 be; ganera, lehenengo trilogiaren pertsonaiarik bildurgarri eta misteriotsuenetariko bat ikusi ahal izango dogu: Boba Fett ehiztaria. Sartu eta ikusi. Abenturea begi aurrean dozue eta.