Something's gotta give
Nahiko absurdoa izaten da pelikula bati balio handiegia emotea antzezleak onak eta ospetsuak diralako, baina, era berean, hori baizen zentzunbakoa da antzezleen behar finari entzutea kentzea, filma makala danean.
Hori berori pasetan da komedia erromantiko honetan. Antzezleen jarduna on-ona da, batez be, Diane Keaton-ena, baina filma ez dago antzezleen maila berean. Pelikulea lar zuzena eta egokia da, topiko gehiegi erabilten ditu eta oso erraz aurreikusten da. Komertzialtasunari disimulu barik begiratu deutsie eta horrek produktua behar baino gehiago ahuldu dau.
Guztiagaz be, hainbat erakargarritasun be baditu, berbarako antzezleen lan zoragarria eta filma girotzeko egindako beharra. Aldi berean, pasarte batzuk guztiz barregarriak dira (Jack Nicholson-en ospitaleko egonaldia itzela da, benetan) eta emakumeen duintasunaren aldeko mezua be irakurri daiteke lerro artean.
Halandaze, ohiko komedia erromantikoa izan arren, 'Something's gotta give' filma aukera ona da, tarte entretenigarri bat igaroteko; ganera, pelikulearen oinarrizko hainbat elementu, aktoreen lana eta kontakizuna girotzeko beharra, txalogarriak izan dira; beharbada, garraztasun apur bat gehiago falta izan dau, alkarrizketa bizi eta gaziagoak, baina, akatsak akats, ikuskizun interesgarria da.
Joseba Terreros
- Zuzendaria eta gidoia: Nancy Meyers
- Herrialdea: AEB
- Iraupena: 117 minutu.
- Antzezleak: Jack Nicholson (Harry Sanborn), Diane Keaton (Erica Barry), Keanu Reeves (Julian Mercer), Amanda Peet (Marin), Frances McDormand (Zoe), Jon Favreau (Leo), Paul Michael Glaser (David Klein), Rachel Ticotin (Dra. Martinez), Kadee Strickland (Kristen).