David Seco: 'Seigarren titulu nazionala etxean irabaztea da nire amesa'
Berandu baina esperantzaz eta ilusinoz beteta hasi eban David Secok aurtengo ziklo kros denporaldia. Igorreko nazinoarteko txapelketeak azterketa moduan balio eutson, estadu mailako garrantzitsuena be badalako. Halan da be, zorteak aurpegia erakutsi ez eta bigarren postuagaz konformau behar izan eban. Espainiako txapelketean, ostera, errez ekarri eban garaikurra Busturira. Hogeitamar urteko mutikoak munduko saiorako indarrak gordeta euki ebazan, lehenengo hamarren artean sailkatzeko ondo ikusten ebalako bere burua. Baina oraingoan be zorteak ez dau bere alde egin. Halan da be, hamabi garaipen lortu dauz aurten. Honeen artean Espainiako txapelketea nabarmendu behar geinke, 5. bider irabazi dau ta. Datorren urtean Talamilloren markea bardintzeko aukerea dauka eta bere amesa Busturian bertan izatea da. Izan be, datorren urteko txapelketea bere herrian antolatzeko proiektuak aukera handiak daukaz.
Egoera txarrei aurre egiten ikasi behar izan dau futbola kiroletan errege dan gizarte honetan. Bizitzearen gozo-gaziak gogoratzeko beragaz alkartu gara.
1.- Akabau barri da ziklo krosseko aurtengo denporaldia. Pozik egongo zarala imajinetan dogu, baina ze balantze egingo zeunke?
Oro har, balantzea nahiko positiboa dala esan neike. Urte hasikeran helburu batzuk jarri neutsozan neure buruari eta bete egin ditut. Helburuok handigurakoak ziran baina pozik akabau dot ze estadu mailan neu izan naz jaun ta jaube eta nazinoarte mailan hasikera baten zehaztutako helburuak lortu dodaz. Beti dagoz, baina, eginbako gauzak be. Eta horreen artean, dudarik barik, mundiala dago. Inoiz baino hobeto ailegau nintzan Frantziara, bai fisikoari jagokonean baita animo aldetik be. Halan da be, ez dakit zergaitik baina gauzak ez eben urten hasikera baten espero genduan legez. Lehenengo bosten edo seien artean sailkatzeko esperantzeagaz joan eta hogeigarren akabau neban. Nire errua izan zala uste dot, beharbada presino handiagaz ibili nintzalako. Urteko akabuko karrera garrantzitsuena zan eta ezin izan neban postu on bat atara. Datorren urtean hobeto egiten saiatuko naz. Halan da be, orokorrean oso pozik nago denporaldiagaz.
2.- Kirol batzuk komunikabideetan presentzia eskasa daukiela gauza ezaguna da. Halan da be, zuk ziklo krosari ekitea erabagi zenduan orain urte batzuk. Nondik jatortzu bizikleteagazko afizinoa?
Ni bizikletan hasi baino lehenago nire anaia hasi zan. Afizino hori etxetik jatorku, aita oso bizikleta zalea zan ta. Niri beti gustau izan jat asko eta 10 urtegaz hasi nintzan konpetizinoetan parte hartzen. Bidean baino arrakasta gehiago eukiteko aukerea egoala ikusi nebalako hasi nintzan ziklo krossean. Badakit modalidade honek ez daukola indar askorik gure gizartean, baina ni pozik nago eta hedabideei jagokenez harrera ona daukat. Halan da be, instituzinoek eta federazinoek lan gehiago egin beharko leukiela uste dot kirol hau bultzatzeko.
3.- Noiz erabagi zenduan ziklo krossari ekitea? Nonoiz pentsau dozu errepidera bueltetea?
Lehenengo urteetan, Busturian txirrindulari talderik ez egoanean, ‘Sociedad Ciclista Gernikesa’-n korridu neban. Urte batzuk beranduago, nire aitak eta lagun talde batek BTT (Busturia Txirrindulari Taldea) sortu eben eta bertan hasi nintzan. Gomuta onak daukadaz, ordutik hona denpora asko pasau dan arren.
Hamalau urtegaz hasi nintzan ziklo krossean, asko gustetan jatan ta. Hamazortzi urtegaz barriro errepidera bueltau nintzan baina aukera on bat galtzen nengoala jaubetuta ziklo krossari ekitea erabagi neban eta pozik nago hartutako erabagiagaz. Izan be, errepidean eguneko ogia ondo irabazteko oso ona izan behar dozu eta nik oraindino ez neban salto hori emon. Bidera dediketea ziklo krossaren oportunidadea galtzea zala iruditzen jatan. Gauzak zelan joan diran ikusita, nahiz eta nonoiz euki dodan errepidera bueltetako gogoa, ez naz damutzen hartutako erabagiagaz.
4.- Goi-mailako txapelketek esfortzu handia eskatzen dabe. Eguneko zenbat ordu emoten dozuz entrenetan? Denporaldiak irauten dauan bitartean behintzat derrigorra da bizitza osasuntsuak marketan dauzan pausuak (dietak, juergarik ez...) zorrotz betetea?
Uda partean entrenetan dot gehien, egunero sei ordutik gora. Txapelketan sartuta nagoanean ez da hain gogorra izaten, ordu pare bat baino ez dodaz egiten eta.
Dieteari jagokonez, uste dot kirolari guztiok zaindu behar dogula geure burua, baita ziklo krossean be. Kostau egiten jat, bai, baina kaloria asko erretan dodazanez, gehiago jan ahal dot. Denporaldian ezin dodana jan eta egin denporaldiz kanpo egiten dot. Berbarako, udan ezin dot hondartzara joan ezta lagunakaz afaltzen, entrenamentuetan bete-betean sartuta nago ta.
5.- Esfortzu fisikoaz ganera, moralari edo buruari eragiten deutsien hainbat faktore be kontuan hartu beharrekoak dira. Zenbaterainoko garrantzia dauka lagunen eta familiaren laguntzinoak? Nor nabarmenduko zeunke euren artean?
Profesionaletan danok gagoz fisikoki ondo preparauta, horregaitik norberaren animoak garrantzi handia dauko. Inguruko jentea zugaz egonda animoak gora egiten dau eta horrek zuzeneko eragina dauka batez be maila altuko karreratan. Txikiak diran faktore horreek uste baino garrantzitsuagoak dira.
Nire anaia Paul da gehien laguntzen deustana. Ia edade bardinekoak gara eta beti konpondu gara ondo. Berak nire arerio danak ezagutzen dauz, baita zirkuitoak be. Urte asko daroaguz batera eta karreraetan oso garrantzitsua da niretzat. Berak esaten deustaz erreferentziak, atzetik datozenak, aurretik doazenak...; ganera, oso gitxitan erratzen da eta laguntzino handia da niretzat. Izan be, kanpotik gauzak hotzago ikusten dira eta erabagiak hartzen laguntzen deust. Ganera, orain arte berak egin dauz nire ordezkaritza lanak.
6.- Ziklo krosean Espainia mailan zeu zara jaun eta jaube. Nazinoarte mailan, barriz, belgiarrak daukazuz aurretik. Kirol berezi hau praktiketako ama lurra itxi eta kanpora joan beharrik ez dagoala erakutsi arren, zailtasunak euki dozuz? Nonoiz pentsau dozu ixtea?
Norberak gura dauana lortzeko zailtasunak beti dagoz. Baina gitxika-gitxika neure bidea egin dot eta ez dot euki kanpora joan beharrik. Halan da be, mundu mailako korredore onenak Belgikan eta Holandan dagoz; euran maila berean eta munduko onenen artean egoteko derrigorrezkoa da kanpoan korritzea. Horregaitik, egutegiak ixten deustenean behintzat (urrian eta zemendian) Belgikara joaten naz.
Gaur egun belgiarrak dira kirol honetan jaun ta jaube. Eurei aurre egitea gatxa da, eta ez bakarrik niretzat, baita munduko beste korredoreentzat be. Nik ondo ikusten dot neure burua mundu mailan, baina laupabost belgiar dagoz benetan gogorrak. Bertan ziklo krossa kirol garrantzitsua da eta komunikabideek asko jarraitzen dabe. Horregaitik dira onenak, baina espero daigun nonoiz beste korredoreren bat euren artean egotea, dana eurek ez dagien monopolizau. Zorte apur bategaz neu izan neinteke.
7.- Nonoiz pentsau dozu bizikletea ixtea?
Azken urteotan ez. Hasikera baten bai, asko sufridu behar dozulako emoitzak ikusteko. Baina handik aurrera ziklo krossean ondo hasi nintzan eta ekonomikoki hain ondo ez egon arren, ilusino handiagaz nengoan. Nazinoartean maila ona emotea zan nire helburuetako bat, baita bizimodua aurrera ataratea be. Urteakaz lortu neban aurrez pentsautakoa ta gaur egun oso pozik nago (espero dot egoereak luze jotea!). Nik uste dot fisikoki urte asko eta ganera onak geratzen jatazala, baina garrantzitsua da baita babesleen laguntzinoa. Ilusinoa ez jat falta eta mundu mailan zeozer gehiago egiteko kapaz nazala uste dot.
8.- Marco Pantaniren gogoan hartuta berba tabu bat topauko dogu txirrindularitzan: dopping. Kontutan hartuta korredoreek egin behar dozuen esfortzua, beharrezko ikusten dozu produktu dopante honeen konsumoa arrakastea eukiteko?
Edozein kirol profesionaletan (txirrindularitzean oraindino gehiago) beharrezkoa da laguntzino medikoa, beti be mugea non dagoan gogoan hartuta. Ondo jakin behar da medikamentu dopanteen eta laguntzino medikoen arteko bereizketea egiten. Jarraipen zorrotz barik gatxa izango litzateke konpetizinoen erritmoa aguantetea. Gauza normala da medikazinoa hartzea; hau holan izan da beti, gaur egun be bai eta izango da bihar-etzi be. Hori bai, galazotako produktuetatik bereizten jakin behar da eta bizitzearen arlo guztietan legez, beti dago mugan dagoan jentea. Askotan gai ‘tabu’ moduan tratetan da eta askok ez daki bataren eta bestearen arteko desbardintasuna zein dan. Halan da be, nik uste dot azkenean bakotxak merezidu dauan lekuan akabetan dauala.
9.- Busturin jarraitzaile asko daukazuz. Zer sentiarazoten deutsue?
Edozein personari, bere lana ondo egiten dauanean, ilusinoa egiten deutso jenteak aintzat hartzea. Urte osoan zehar, bai lagunak baita familia artekoak be, asteburuz-asteburu korritzen dodan lekuetan egoten dira ni animetan. Horrek ilusinoa egiten deust, batez be gauzak ondo doazenean. Ganera, herriko jenteak be jarraitzen deust, batez be karrera garrantzitsuetan. Asko sufridu ostean danak ondo urtetan dauala ikusteak indarra emoten deust eta eskertzekoa da jentearen laguntzinoa.
10.- Txapelketetan lehenengo postuan helmugaratzen zarenean askotan oinez eta bizikletea burutik gora altxatuta egiten dozu. Nondik datoz ohitura honeek?
Karrera garrantzitsuenetako zelebrazinoak inprobisasino hutsa izaten dira. Ganera, korredoreek horretarako eskubidea daukiela uste dot. Espainiko bigarren txapelketea irabazi nebanean, helmugan holan sartzea erabagi neban eta ordutik aurrera tradizino bihurtu da zelebrazino hori. Espero dot gehiago irabaztea eta gehiagotan bizikleta burutik gora altxauta helmugaratzea. Beste karreratan uste dot beti dagoala motibo berezi bat zelebretako. Batzutan irabazten dodanean zelan zelebrauko dodan pentsetan dot. Beste batzutan, barriz, inprobisazino kontua izaten da.
11.- Nori eskaintzen deutsazuz garaipenak?
Askotan eskaini beharrik be ez da egoten. Nire ondoan dagoan jenteari zuzenean ezer esaten ez deutsedan arren, eurentzat joaten dira gehienetan garaipenak. Eurak badakie ta askotan ez dago zetan esan be.
Bestalde, urte hau gatxa izan dala aitatu beharra daukat eta garaipen garrantzitsu asko neure buruari eskaini deutsadaz, jarrera honek berekoia emon arren.
12.- Unekada txarrak be euki dozuz, Frantziako mundiala berbarako.
Kirol guztietan dagoz momentu onak eta momentu txarrak. Onak beti konpartitzen dodaz ingurukoakaz eta txarrak neuretzat gordetan dodaz. Mundialean, berbarako, podium-agaz amestetik atzeko postuetan egotera pasau nintzan denpora laburrean. Moral aldetik behera etorri nintzan eta bertotik joan zan jenteagaitik be txarto pasau neban. Korredore gogorra naz, eta helburuak betetea gustetan jat. Horregaitik, gauzak txarto doazenean, asko kostetan jat barriro be animetea. Halan da be, aurrerantz egiten jakin behar da.
13.- 'Look' aldaketa ugari egin dozuz azken aldi honetan. Futbolisten modea segidu guran zeu be?
Ez. Ez jata gustetan beste nonork daroan estilo berbera eroatea, eta gitxiago futbol jokalariena. Inoiz ez daroat persona ezagun batek daroan ‘look’a. Nonoiz zeozer gustetan bajat eta ezagun batek badaroa, nik ez dot ipinten.
Aurten asko aldatu dot ulea. Konpetizinoakaz eta entrenamenduakaz agobiauta nagoanean, aldaketek lagundu egiten deustie. Nik neuk erabagiten dot zer egin ulean eta zelan jantzi. Ganera, askotan karrerea heldu baino arinau pentsetan dot zer egingo dodan ulean. Baina babesleak be kontuan hartu behar dodaz. Halan da be, ni neu naz nire irudiaren ‘sortzailea’ eta erantzule bakarra.
14.- Zer eskatzen deutsazu etorkizunari?
Oraintxe bertan deskonektetea da nire helburu nagusia. Oporraldi honetan eskiatzera joango naz astebete eta gero eguzki bila nonora. Izan be, pasadan urteko uda osoa egon naz gogor entrenetan eta ez dot ezer disfrutau. Gura dodana jateko gogoa daukat, baita lagunakaz trankil egoteko be.
Laster hasiko naz, baina, datorren denporaldia preparetan. Izan be, mundialean onenen artean egoteak indarra emon deust eta etorkizunean ondo egongo nazala uste dot. Bestalde, Jose Luis Talamilloren markea bardindu gura neuke Espainiako txapelketei jagokonean. Berak sei garaipen lortu ebazan eta nik daborduko bost daukadaz (ganera danak segiduan). Uste dot lortzeko gai izango nazala, eta karrerea neure herrian izango balitz oraindino be indar gehiagogaz egongo nintzake. Izan be, proiektu hau martxan dago eta ezer ofizialik ez dakidan arren, uste dot aukerea oso ona dala, bai niretzako eta baita herriko jentearentzako be. Busturiak ezaugarri onak daukaz mueta honetako txapelketa bat antolatzeko eta niri ilusino handia egingo eustan.
Saioa Torre Gereketa