Ia 100 orrialde
“ytai lelo ybai lelo / echean aray leloa”
Eskuizkribuaren ezaugarriei jagokenez, orriak antxinako bi orrialdekatze berezitan zenbakiturik agiri dira; bat, jatorrizko idazkeran eginikoa, 15etik 67ra doana, batzuetan orrialdea ez eze zutabeak be zenbakitzen dira zati honetan; bi, geroago egindakoak (XVIII. mendean, akaso), zenbakitze jarraitu bat dauka (1139-1203), zenbakitze horri erreparau ezkero, orrialde batzuk falta dituala eta segurutik, eskuizkribua bilduma zabalago baten zati izan zala adierazoten deusku, zati honetan, orrialdea eta zutabea dira zenbakitzen diranak. Itxureari jagokonez, ostera, alkarri jositako zenbait koadernoz osotuta dago, eta indartzeko, hamaseigarren mendean ohi zan eran, pergaminozko azalak erantsi jakozan. Azal horreek, 1586ko Aragoiko dokumentu batenak dira, eta geroztik eskuizkributik askatu egin dira.
Beraz, aurkikuntza ederra, datozan urteetan zer pentsau eta zer ikertu emongo dituana. Orain arteko baieztapen batzuk berretsi, beste batzuk ezetsi eta galdera barrietarako abagunea emongo dituana, zalantza barik (ikusi gura izan ezkero, http://www.gipuzkoakultura.net/lazarraga helbidean topatu zeinkie).
Erramun Osa
Borja Aginagalde Olaizolak, Eusko Jaurlaritzako Dokumentu Ondareen arduraduna eta Historiako Erret Akademiako kideak topau barri dauan Lazarragaren liburua zelan agertu dan eta euskerearentzako zer ekarri leiken elebarri batean jaso gura bagendu, Saizarbitoriaren 100 metro haren izenburuaren tankerea leukean titulua jarriko geunskio, beharbada. Izan be, eskuizkribu topau barriak eragin dauan jakinmina handia izan da, eragin dituan erreakzinoak ugari eta euskerea aztertzen denporea emoten dabenen artean ez eze, historia ikertzen diharduenen artean be aurreikuspen eta ate barriak edegi ditu. Besteak beste, XVI. mendeko gizartearen inguruan dogun ikuspegia aldatu eragingo dau eta historia sozial eta kulturaleko hipotesi asko argitzen eta baiezten lagunduko dau.
Antza danez, egilea Juan Perez Lazarraga Larrea dorreko jauna izan zan. Lazarragatarrak OƱatin, Agurain nahiz Zalduondo inguruko Arabako zelaian zabaldutako leinu zabala izan zan. Leinuko kideek, besteak beste, politikan, armadan, erregearen zerbitzuan eta holakoetan nabarmendu ziran. Leinu horretako kide bat genealogia zale ospetsua ei zan, harek leinuaren genealogia osotzen urte asko emon ebazan (beharra 1589. urtean amaituko eban), bada, oraindino konfirmau ez bada be, etxura guztien arabera, genealogista hori da eskuizkribuaren egilea.
Euskal testu-tradizinoan eta euskal kulturan oro har, aspaldian izandako aurkikuntzarik handiena, 51 orri dituan liburua, plegu laurdenean eginda. Madrileko antxinako liburu saltzaile baten esku egoan, garrantzibako hainbat agiriren artean, Olaizolak deskubridu eta Gipuzkoako Diputazinoak enkantean eskuratu dauan arte. Lehenengo lau orrialdeak neurri handi batean moztuta dagoz eta, orain dala gitxi, orrialde zenbakiak jarri jakoz arkatzez idatzita.
Edukinagaitik –prosa, poesia, ea.– ez eze, Lazarragak darabilen euskerearengaitik be garrantzi handikoa da. Izan be, azken puntu honi jagokonez, orrialdeok Arabako ipar-ekialdeko euskera arkaikoan idatzita dagoz, batez be. Bada, han-hemenka euskera arkaikoz genduzan orrialde apurretan sakabanaturik geunkazan datuak, orain, horrenbeste orrialde dituan testu bakar batean pilatuta topeteak aparteko zirrarea eragiten dau. 1630 aldera (Ziburuko Etxeberrigaz) jarriko bagendu “euskera arkaikoaren” eta “euskera zahar eta klasikoaren” arteko zelanbaiteko mugea, lehenagokoa dan Lazarragaren eskuizkribuak ia 100 orrialde gorde deuskuz prosan eta poesian, XVI. mendean inprimidutako ia guztiaren bardina.
Darabilezan gaiak, bestalde, askotarikoak dira. Lehen herenean, artzain, sirena, zaldun eta bestelako pertsonaiakaz osoturiko abenturazko prosa-lana da (gehienbat, bada, apurka-apurka, bertsoak be ageri dira). Ondoko bi herenak edo bertsotan doguz, gitxi batzuk gaztelaniaz eta gehien-gehienak euskeraz (txatal batzuk bietara) eta maitasun zein gorroto –bereziki– gaiak erabilten ditu. Aitatutakoaz ganera, 1198-1200 orrietakoak erlijinozkoak dira, 1202-3koak 1564ko Salbatierrako erreketari eta 1203-5ekoak Jesusen Azken Afariari eginikoak jatorkuz. Bitxikerien artean (eta badagoz batzuk), besteren artean, egileak 18. orrialdean “eusquel erria” terminoa edo artikuluaren izenburuaren azpian datorren esaera herrikoi ezaguna erabili ebazala aitatu geinke.